Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
026. Ene maite-jaun, sujetasun finez
Ene maite-jaun, sujetasun finez
zugana zorrez loturik bainago,
onar itzazu hitzok leial-karrez,
antzez ez baitute hainbat balio;
hain zor eskerga baita hau enetzat,
non gertatzen bainaiz hitz-jantziz labur,
nahiz noski biluz-estalgarritzat
zure gogarte fina ukan ziur.
Harik eta hor goiko zori-izar
neureak abegi on egin arte,
zerorren galaz maitatze pilda-txar
honi zuk zeuk emanik eskuarte.
Orduan, harro erakutsiko dut;
artean, maite, Maitasun lotsa dut.