Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
020. Eme-begitartez zaitu Naturak
Eme-begitartez zaitu Naturak
pintatu zu, ene jaun emaztea;
txit eme, baina ez arin, haizeak
aldabera, zure bihotz emea;
Begiz argi huts, eme tolesgabe,
dizdiz urreztatuz zernahi soaz;
kolore ororen jaun eta jabe,
giza begien lapur, damen miraz.
Emakumetako zinen sortua;
Naturak, baina, zure zoraturik,
emenduz nau utzi zutaz peitua,
deus ez zaidan zer bat hor gehiturik.
Txertatua damen atsegin baita,
itzazu zerbitza, baina ni maita.