Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
016. Zergatik ez, bada, indartsuago
Zergatik ez, bada, indartsuago
gudu egin Aldi tirano horri?
Zergatik olerki elkorrok baino
mentu hoberik ez har iraungarri?
Zu hala eta, lorian sasoiko,
baratze birjinok artean alfer,
zain zure lore biziz noiz jantziko,
zarenaren potret peto, zure ber.
Biziak zintzake lerroz birbizi,
ez Aldiren arkatz ez ene lumak,
barnez zein kanpoz zaren bezain bitxi
zaitzan bizirik bil giza begiak.
Zeu zarenetik emanik zeuretzat,
zeuk zenirauke zeure artelantzat.