Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
152. Zu maitatzez zin-hausle nauzu, noski
Zu maitatzez zin-hausle nauzu, noski;
zu bitan, baina, maite-zin eginez:
ohe-zina haustez, eta itsuski
maite-zin berria berriz zapuztez.
Bi promes hausteaz zaitut salatzen;
hogei ere ditut, baina, hausten nik,
zin guztiak zure makurreratzen,
fede on oro zu baitan galdurik.
Zin egin baitut, zin, zutaz, bihotzez,
maitale leial iraunkor zinela;
so itsuz zu argiztatu beharrez,
bistan zenaz egin dut zin ustela:
fintzat aitorturik, oi begi faltsu,
gezur nioen, zinez gezur satsu!