Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean
118. Nola dastagura zorroztearren
Nola dastagura zorroztearren
dugun garratza aho-ernagarri;
gaixorik artean egon ez arren
purga nola dugun sendagai larri,
hala, beterik gozo aspergabez,
mingotsagotara naiz ni zaletu,
eta, ongiz eri, nago, gai horrez,
sasoiz aurretik gaixotzeko gertu.
Maitezko arta hori —gaixotzeka
jada eri— gaitz bihurtu da ziur:
igorririk On sendabide xerka,
hark, ongiz lepo, Gaitz du osasun-ur.
Hortik, baina, nik ikaskizun zina:
drogek pozoitzen zutaz eri dena.