Eduki publikatzailea

Telebistako platoan sormen programa bat egiteko tailerra

  • Jakintza adarra: Gizarte eta Lege Zientziak
  • Campusa: Bizkaia
  • Ikastegi antolatzailea: Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea
  • Gradua: Ikus-entzunezko Komunikazioa
  • Garapen-lekua (helbidea): Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea. Sarriena auzoa, z/g. 48940 Leioa (Bizkaia)

 

Egutegia eta plazak

Data Hizkuntza Txanda Ordutegia Plazak
2025-01-27 Euskara Goizez 10:00 – 13:00 20
2025-01-27 Gaztelania Arratsaldez 15:00 – 18:00 20
2025-01-28 Elebiduna Goizez 10:00 – 13:00 20

 

Jardueraren deskribapen laburra

Sormenezko ikus-entzunezko ariketa bat egiteko tailerrean ariketa bat egingo da telebistako plato batean, chroma key teknika erabiliz.

Ikasleek taldeka lan egingo dute, ikus-entzunezkoen arloko profesionalek lan bat garatzeko izaten dituzten berezko dinamikak eta eginkizunak betez. Gaia eta materiala aldez aurretik prestatuak izango ditu ikastegiak.

Ikasle talde bakoitzak bere proposamena grabatuko du platoan eta kanpoan (ENG); ikastegiko irakasleen, ikasle graduatu berrien (edo azken ikasturtekoen) laguntza eta aholkularitza izango dute. 

Sormen esperientzia labur hau amaitutakoan, talde handian, ikasitakoari buruz hitz egingo dute eta esperientziaren balorazioa egingo dute.

Tailer praktiko honen helburu nagusia da ikasleei erakustea telebistan lan egiten duten ENG taldeen eta plato bateko oinarrizko funtzionamendua zein den. Helburu espezifikoagoak: inprobisatzen eta chroma key teknikan oinarritutako ikus-entzunezko lan labur bat martxan nola jartzen den;. ondoren, ikusizko eta entzunezko efektuak gehituko zaizkio postprodukzio gelan. 

Ikus-entzunezko teknologia oso konplexua da, eta, horrexegatik, alderdi tekniko minimoak baino ez dira landuko. Hala ere, ikus-entzunezko lan labur bat egiteko orduan ikasleen sormena sustatzeko helburua du tailer honek. Azken finean, ingurune profesional batean gauzatzen den lehenengo esperientzia kolektibo batetik abiatuta, haien grinak garatzeko motibatzea eta bokazioak piztea da asmoa.

 

Landuko diren gaiak/edukiak

  1. Telebista plato batean egiten den eta chroma key ardatz nagusitzat duen sormen ariketa bat martxan jartzeko orduan erabiltzen diren tresna eta gailu teknologikoen funtzionamendua eta oinarrizko erabilera ezagutzea. Hala ere, parte-hartzaileek ikastegiko irakasleen eta teknikarien laguntza izango dute lan hau egiteko. Berez, oso zaila da hain denbora tarte laburrean tresnak erabiltzen ikastea, eta, gainera, jarduera praktiko honen helburua platoko funtzionamendura hurbiltzea da, oro har.

  2. Honelako ariketa bat egiterakoan ingurune profesionalean erabiltzen diren funtzioen banaketa eta taldeko dinamikak ezagutzea. Ikasleek lana banatu eta eginkizun zehatz bat hartuko dute beren gain. Talde bateko inplikazio pertsonala funtsezkoa da honelako lan praktiko bat egiterakoan; horrexegatik da tailerraren oinarrizko helburuetako bat.

 

Egingo diren ekintzak

  1. Praktika hau gauzatzeko hastapen teknikoen erabilera azaltzea.
  2. Lan taldea antolatzea eta eginkizunak banatzea.
  3. Ikus-entzunezko lana diseinatzea, gidoi oso ireki eta oinarrizko batean eta horretarako emandako ikus-entzunezko materialetan oinarrituta.
  4. ENG grabazio bat egitea.
  5. Lana platoan grabatzea.
  6. Talde handian hitz egin eta esperientzia praktikoa baloratzea.