Aurkezpena
REWEST: RESEARCH IN WESTERN AMERICAN LITERATURE AND CULTURE
REWEST (Research in Western American Literature and Culture) taldeko kide gehienek Estatu Batuetako literatura eta kulturaren ikerketan esperientzia luzea dugu. 1997an hasi ginen AEBetako literatura minoritarioak aztertzen, eta ordutik hona etengabe aritu gara ikerketa lerro horretan. Lehentasunezko helburua dugu tokiko literaturak -bereziki, Estatu Batuetako Mendebaldekoak- mundu mailan nola hedatzen diren aztertzea. Taldekideek orokorrean partekatzen dugun beste helburu bat Mendebaldearekiko interes kritikoa indartzea eta sustatzea da, AEBetako mugak gainditzen dituen kalitatezko literatura heterogeneo eta kulturanitza sortzen baita eremu honetan. Arreta berezia jaso dute Mendebaldeko literaturaren iruditeria tradizionala berrikusteko edo berriztatzeko gaitasuna agertu duten idazleek.
Alde horretatik, iruditzen zaigu beharrezkoa dela sakonago aztertzea nola ematen den literaturan eta zineman Mendebaldearen iruditeriaren berrikuntza, baina, bestalde, gure ustez badira behar zuten arreta jaso ez duten beste diziplina batzuk, eta ikertu behar da gertatzen ari den kultur transferentzia.arlo artistiko berriagoetan, hala nola egungo musikan, telebistan, edo komikian, eta baita hainbat formatutan -digitala, piktorikoa, ikus-entzunezkoa, etab.- ematen diren modu artistiko popularragoak.
Hainbat arlotik -hala nola Ekokritikatik, Genero Ikerketetatik, Soziologiatik, Historiatik, Ikerketa Etniko eta Kulturaletatik, etab.- saiatuko gara ikertzen ea zer eragin izan dezakeen, etengabe birsortu eta berrasmatzen den eremu anitz gisa, Mendebaldearen definizio berri honek, eta saiatuko gara halaber egungo Mendebaldearen pluraltasuna edo aniztasuna islatzen. Bestetik, AEBetako Mendebaldea eremu global eta transnazionaltzat joko dugu, eta beste eremu geografiko eta kultural batzuetan sortzen diren ekarpen literario eta artistikoak kontuan izango ditugu, Europakoak eta Latinoamerikakoak bereziki.
Eusko Jaurlaritzak talde kontsolidatu maila aitortu dio REWEST taldeari, 2010-2012 (IT360-10), 2013-2015 (IT608-13), 2016-2021 (IT1026-16: "A" Mota) eta 2022-2025 (IT1565-22).