INFORMACION_NORMATIVA_REGLAMENTO

Erreglamenduaren arautegia

AZPren II. Prestakuntza Plan Nagusiak ere banakako laguntzak emateko aukera jasotzen du, administrazio eta zerbitzuetako langileen prestakuntza hobetzeko.

Laguntzak emateko irizpideak Prestakuntza Arautegiaren seigarren atalean ezarrita daude. Horrelako laguntzak eskatu nahiz izanez gero, Arautegiak dioena irakurtzea ezinbestekoa da.

Jarraian, Arautegiak banakako laguntzei buruz ezarritakoa azaltzen dugu, labur-labur.

Banakako laguntzen helburua

Banakako laguntzak emango dira UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako langileen gaitasunak, trebetasunak eta ahalmenak hobetzeko kanpoko prestakuntza-ekintzak lan-orduetatik kanpo egiteko, baldin eta ez bada aurreikusten ekintza horiek administrazio eta zerbitzuetako langileentzako Prestakuntza Plan Nagusiaren prestakuntza-eskaintzan egitea.

Banakako laguntzetan sartutako prestakuntza-ekintzek ez dute ordutegi-krediturik kontsumituko eta ez dira lan-ordutzat zenbatuko.

Irakaskuntzaren modalitatea aurrez aurrekoa nahiz on-line izan dezakete ekintza horiek.

Banakako laguntzak behin baino ez dira ordainduko; alegia, ez da laguntzarik emango lehendik diruz lagundutako gaietarako, irakasgaietarako, moduluetarako edo ikastaroetarako.

Hartzaileak

Diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte UPV/EHUn urtebetez zerbitzua eman duten administrazio eta zerbitzuetako langileek; laguntza eskariaren xede den prestakuntza-ekintza amaitutakoan egin behar dute diru-laguntza jasotzeko eskaria.

Laguntza-modalitateak

Prestakuntzarako banakako laguntzen modalitate hauek bereizten dira:

  • Lanpostuarekin zerikusia duen prestakuntza
  • Hizkuntza-prestakuntza 
  • Prestakuntza akademikoa 
  • Karrera profesionalari begirako garapen profesionalerako prestakuntza
  • Garapen pertsonalerako beste prestakuntza-ekintza batzuk 

Eskariak aurkezteko epea

Banakoen laguntzen deialdiaren Erabakian ezarritakoa izango da.

Laguntzak hartzen duen aldia

Eskariak deialdian ezarritako aldiaren barruan amaitutako prestakuntza-ekintzenak izango dira. A posteriori garatu edo data horren ondoren amaitzen diren prestakuntza-ekintzak finantzaketa ere eska dezakete hurrengo urteko banakakoen laguntzetan.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa (Erreglamenduaren 6.4.4. puntua)

Laguntza eskuratzeko, ezinbestekoa da jarraian adierazten diren egiaztagiri eta dokumentu guztiak aurkeztea: 

  1. Gerentziaren eskabide-orria, behar bezala beteta. 
  2. Jatorrizko ordainagiriak. Fakturetan honako datu hauek azaldu behar dute: fakturaren zenbakia, fakturaren data, enpresaren izena, IFZ, helbidea eta zenbatekoa. 
  3. Material didaktikorako laguntzak eskatzeko, jatorrizko fakturekin batera, ikastegiaren egiaztagiri bat aurkeztu beharko da, non adierazten den erositako material didaktiko hori laguntza-eskariaren xede den ikastaro akademikoko bibliografia gomendatuan ageri dela.
  4. Bertaratzearen edo aprobetxamenduaren ziurtagiria, Gerentziak ziurtatu ahal izan dezan eskatzaileak dagokion prestakuntza-ekintza egin duela. 
  5. Eskatzaileak eskaria onar diezaioten egoki irizten zaion dokumentazio osagarri guztia aurkeztu ahal izango du. 
  6. Ikasketa, Plangintza eta Prestakuntzarako Kabineteak, bestalde, egoki irizten dion dokumentazio osagarria eskatu ahal izango du, laguntza ematearen egokitasunari buruzko arrazoizko ebidentziak lortzeko.