HAEZI taldea
HAEZI taldean, batez ere Garapenaren eta Hezkuntzaren Psikologiaren arloari eta Oinarrizko Psikologiaren arloari atxikitako ikertzaileek parte hartzen dute. Irakaskuntzako, ikerketako eta ezagutzaren transferentziako jarduerak garatzen ditu garapen neuropsikologikoaren azterketan, zehazki arlo sozioemozionalean, motorrean eta kognitibo-linguistikoan, bizi-zikloan zehar (haurtzaroa, nerabezaroa, sortzen ari den heldutasuna, helduaroa eta hirugarren adina), eta arreta berezia jartzen du familia- eta eskola-testuinguruek garapen-prozesuetan duten eraginean.
Taldeak familia-testuinguruaren kalitatea eta garapen psikologikoa ebaluatzeko tresnak diseinatu eta baliozkotzen ditu. Tresna horiek laguntza enpirikoa ematen diote ebidentzian oinarritutako esku-hartze programak diseinatu eta baliozkotzeari, gurasotasun positiboaren ikuspegitik (P+). Familiek garapen psikologiko osasungarria sustatzeko gaitasunak eskuratzea da ikuspegiaren ardatza, aldamio-estrategien bidez eta estresari eta gatazkari egokitzeko estrategien bitartez.
Ezagutza transferentzia jardueren artean honako hauek barne hartzen dira: profesionalak P+aren ikuspegi teoriko-metodologikoan prestatzea; familien biztanleria orokorrari zuzendutako hazkuntza mezuen multimedia-hedapena; eta erakunde publiko eta pribatuei laguntzea komunitatearen eta bertan bizi diren pertsonen osasun mentalaren onerako izango diren familia-politikak diseinatuz.
Gaur egun, Euskal Unibertsitate Sistemako A motako (IT1328-19) talde finkatuen akreditazioa du taldeak, eta lankidetza-harremanak ditu nazio eta nazioarte mailan irakaskuntza- eta ikerketa-erakundeekin, familia-esku-hartzearen arloan lan egiten duten erakundeekin eta familia-ahalduntzea eta garapen psikologiko osasungarria sustatzen duten erakunde politikoekin, osasun publikoko oinarrizko estrategia gisa.