propuesta-doctorado-normativa-capitulo-I

Doktorego programak proposatzeko arauak

I. Kapitulua. Doktorego programak

1. artikulua.- Doktorego programak.

  1. Doktorego programa deituko dugu doktore titulua eskuratzeko beharrezkoak diren gaitasunak eta trebetasunak lortzera bideratutako jardueren multzoa. Programa horren xedea izango da doktoregaiaren prestakuntzarako alderdiak garatzea eta doktorego tesiak garatzeko ikerketarako prozedurak eta ildoak ezarriko ditu.
  2. Doktorego programak UPV/EHUk bakarrik edo unibertsitate batzuek elkarrekin antola ditzakete eta I+G+Bko jarduerak dituzten nazioko edo atzerriko arlo publiko edo pribatuko beste organismo, zentro, erakunde eta entitateen laguntza izan dezakete, hitzarmen bidez adierazia.
  3. Ikasketa horiek bukatu egingo dira ikerketaren emaitza orijinalak jasotzen dituen doktorego tesi bat prestatu, defenditu eta onartzen denean.

2. artikulua.- Sartzeko baldintzak.

  1. Oro har, doktorego programa ofizial batean sartzeko, Espainiako unibertsitate graduko tituluak, edo baliokidea, eta unibertsitate masterreko tituluen jabe izan beharko da.
  2. Parte har dezakete, baita ere, kasu hauetako batean daudenek:
    • a) Espainiako unibertsitate titulu ofizial baten jabe izatea, edo Europako Goi Hezkuntzaren Eremuko beste herri batekoa, baldin eta, urriaren 29ko 1393/2007 EDko 16. artikuluak ezarritakoarekin bat etorrita, masterrean parte hartzeko gaitzen badu. Eta gaindituak izatea, gutxienez, 300 kreditu ECTS, unibertsitate titulu ofizial guztiak kontuan hartuta, eta horietatik 60, gutxienez, masterrekoak izango dira.
    • b) Espainiako gradudun titulu ofizial baten jabe izatea, baina iraupena, zuzenbide komunitarioko arauak betez, 300 kreditu ECTSekoa izatea. Tituludun horiek nahitaez egin beharko dituzte 99/2011 EDaren 7.2 artikuluak aipatzen dituen prestakuntza osagarriak, salbu eta duten gradu tituluaren ikasketa planak ikerketako prestakuntzarako kredituak baditu, masterreko ikasketetatik datozen ikerketa kredituen baliokideak direnak hezkuntza balioa kontuan hartuta.
    • c) Unibertsitate tituludunak, baldin eta lehenago osasun prestakuntza espezializatuko plazetarako dagokion proba sarrerako prestakuntzan plaza lortu badute eta, badin eta osasun zientzien espezialitateetako baten titulu ofiziala lortzeko, programa bateko bi urteko prestakuntza ebaluazio positiboaz gainditu badute.
    • d) Titulu bat izatea atzerriko hezkuntza sistemen arabera, homologatu beharrik izan gabe, eta unibertsitateak aurrez frogaturik tituludun horrek Espainiako unibertsitate masterreko titulu ofizial baten baliokide den prestakuntza maila egiaztatu duela eta titulua eman duen herrialdean doktorego ikasketak egiteko aukera ematen duela. Onarpen horrek doktorego ikasketetan parte hartzeko beste ezertarako ez du balioko, hau da, ez du inolaz ere esan nahiko interesdunak lehenagotik duen titulua homologatzen denik, ezta beste ondorio batzuetarako aitortzen zaionik ere.
    • e) Ikasketa Aurreratuen Diploma duten lizentziadun, arkitekto edo ingeniariak, apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretuan jasotakoarekin bat etorrita, edo urtarrilaren 23ko 185/1985 Errege Dekretuan jasotako ikerkuntzako gaitasuna lortu dutenak.
    • f) Espainiako beste doktore titulu bat izatea lehenago izandako bestelako unibertsitate antolamenduen arabera.

3. artikulua.- Onartuak izateko irizpideak.

  1. Doktorego programetarako batzorde akademikoak bestelako baldintza eta irizpide gehigarriak ezar ditzake doktoregaiak hautatu eta onartzeko.
  2. Eska litezke, doktorego programetan onartua izateko, prestakuntza osagarri bereziak ere. Berariazko prestakuntza osagarri horiek, prezio publiko eta ikasteko bekak eta laguntzak emateari begira, master edo doktorego mailako prestakuntzatzat hartuko dira, betiere doktorego programan zehaztutakoaren arabera.
  3. Lehenengo atalak onartua izateko aipatzen dituen baldintzak eta irizpideak, bai bigarren atalak aipatzen dituen prestakuntza osagarrien diseinua, egiaztapenerako txostenean jasoko dira.
  4. Doktorego programa bakoitzak ezartzen dituen onartua izateko sistemek eta prozedurek jaso beharko dituzte, desgaitasuna dela-eta hezkuntza behar bereziak doktoregaien kasuan, laguntzeko eta aholkatzeko zerbitzu egokiak. Azken horiek aztertuko dute curriculum egokitzapen edo bestelako ikasbide edo ikasketarik egin behar den.
  5. Oro har, Doktorego programak bermatu beharko du doktorego tesia doktorego programan parte hartzen duten ikertaldeetako batean egiten dela.

4. artikulua.- Doktore titulua.

  1. Doktorego ikasketak gainditzeak UPV/EHUren doktore titulua jasotzeko eskubidea emango du, doktorego tesia egin den doktorego programaren izenarekin.
  2. Unibertsitateen arteko doktorego programetarako, kasuan kasu, indarrean dagoen arautegiak titulu ofizialez egiteari buruz ezartzen dituen datuak sartuko dira.

5. artikulua.- Doktorego programak ezarri.

  1. Doktoregoko ikasketak ezartzeko eta kentzeko ekimena, kasuan kasuko doktorego programen arabera antolatuko direnak, errektoreari, doktorego eskolei eta sailei dagokie. Ekimen guzti hauek Doktorego Azpibatzordeak informatu behar izango ditu bere tramitazioari ekin baino lehen.
  2. Edonola ere, doktorego programa bat antolatzeko eta garatzeko erantzukizuna sail edo institutu bakar batek izango du, proposamena zeinek egin duen alde batera utzita, edo programaren garapenean unibertsitateko sail edo institutu batek baino gehiagok parte hartu badute ere. Kasu horretan, horietako bati esleituko zaio programaren ardura, beren kontseiluek hartutako erabakien bidez edo unibertsitateaz kanpoko erakundeen hitzarmenen bitartez.