PRESENTACION

Aurkezpena

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Neuropsikofarmakologia ikerlari taldea Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko Farmakologia Sailean aurkitzen da, Leioako kanpusean. Talde honen ikerketa ildoa 1982. urtean hasi zen aztertzen eta gaur egun J. Javier Meana da taldeburua.

Neuropsikofarmakologia taldea Centro de Investigación Biomédica en Red de Salud Mental CIBERSAM ekimenaren barruan aurkitzen da. Hau, Instituto de Salud Carlos III entitatearen barnean dago eta ikerkuntza kliniko zein basikoan lan egiten duten hogeita bost taldez osaturik dago. Talde hauek gaixotasun mentalak aztertzen dituzte elkarlanean, ikuspuntu translazionala emanez beraien lanari. Gainera, talde hau Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuaren zati da, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Psikiatria Serbitzuak zuzentzen duen "Fases iniciales de la psicosis" ikerketa arloan parte hartzen duelarik.

Neuropsikofarmakologia taldeak 1986-az geroztik, gaixotasun psikiatrikoek nerbio sistema zentralean eragiten dituzten asaldurak ikertzen ditu. Arlo honetan ikerketa ildo nagusia neurohartzaileek gaixotasun afektibo nahiz psikotikoetan duten parte-hartzea aztertzea da, bereziki. Ikerlan honek bi azpi-arlo aztertzen ditu: Batetik, depresioa, eskizofrenia edo bestelako gaixotasun mentalik pairatu zuten gizabanakoen garunetan postmortem egindako azterketa neuroquimikoak. Etz bestetik, gaixotasun mentalen animalia ereduak erabiltzea, bereziki in vivo, asaldura neurokimiko horiek farmako antidepresibo edo antipsikotikoak eman ostean jasaten dituzten aldaketak aztertzeko. Giza garunetan ikerketa egitea Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutuarekin lortutako akordio bati esker lortzen da, eta honi esker Neuropsikofarmakologia ikerlari taldeak mila garunetik gora dituen garun bilduma biltzea lortu du. Bilduma honetan gizabanako gaixo eta osasuntsuen garunak aurkitzen dira, bakoitza bere diagnostikoarekin gordeak. Ikerketaren bi azpi-arlo hauek bateragarriak dira eta diseinu-esperimentaletan lantzen diren helburuak depresioa edo eskizofrenia bezalako giza gaixotasun mentalen tratamendura bideratzea baimentzen dute.

Paraleloan, ikerlari taldea hazten joan den heinean, ikerlari egonkorrak gehitzen joan zaizkio taldeari eta honek alkoholaren, opiazeoen edo kalamuaren kontsumoarekin erlazionaturiko gaixotasun mentalak aztertzea baimendu du. Esparru honetan, interes bereziarekin ikertzen dira kalamuaren gehiegizko kontsumoa psikosiarekin erlazionatzen dituen mekanismoen azterketak.

Gainera, Neuropsikofarmakologia ikerlari taldeak atzerrian zeuden ikerlariak UPV/EHUra erakartzeko lanetan lagundu du Programa Ramón y Cajal bidez hainbat ikertzaile ekarriaz. Honek farmakologia Sailaren masa kritikoa handitzen laguntzeaz gain, ikerkuntza ildo berriak irekitzen ere lagundu du; espektru autistaren asalduren ikerkuntzan, esate baterako.

Neuropsikofarmakologia taldeak, unibertsitate talde gisa, graduatu ezberdinen heziketan parte hartzen du(medikuntza, farmazia, odontologia, biokimika, etab.), eta baita postgraduatuen heziketan ere, Master eta Doktorego programa ezberdinetan parte hartuaz. Era berean, talde honek Gradu Amaierako Lanak, Master Amaierako Lanak eta Doktorego Tesiak egiteko aukera eskaintzen du taldekideen zuzendaritzapean.

Taldea deskribatzen duten ezaugarri garrantzitsuenak bikaintasuna, barne eta kanpo elkarlana, ekintzen gardentasuna eta egiten duten ikerlanaren ikuspuntu translazionala lirateke.