Hegoaldeko mugara Delegazioa

Hegoaldeko mugara Delegazioa

SODePAZ, esperientzia handia ordezkaritzak antolatzen Hogei urte baino gehiago daramatza SODePAZek Kubara, Kolonbiara eta zenbait lurralde okupatutara (Palestina, esate baterako) ordezkaritzak eta turismo arduratsuko bidaiak antolatzen, Alternative Information Center (ATG) GKEaren eskutik. Betleem hirian du egoitza erakunde horrek. Bidaia horien bitartez, herrialde horietako biztanleek jasaten dituzten giza eskubideen etengabeko urraketen berri ematen zaie bidaiariei. Palestinari dagokionez, 1948tik daude horrela, eta 1967az geroztik, berriz, Israelen okupazio militarraren pean. Zenbait hiri bisitatzen dira bidaia horietan, eta bilerak egiten dira haietako erakunde politiko eta sozialetako ordezkariekin, zeinek egoera azaltzen baitute, eta palestinarren eskubide indibidual eta kolektiboen aldeko borrokaren berri ematen. SODePAZen iritziz, kontzientziazio- eta trebakuntza-tresna ahaltsua dira bidaia horiek. Aipatzeko moduko datua da honako hau: azken 20 urteotan Palestinara bisitari joan diren Espainiako estatuko herritarren % 35 Euskadikoak dira. Gure ustez, lagungarriak dira bidaia horiek euskal gizartearen honi buruzko kontzientzia kritikoa areagotzeko: okupazioa eta bere etxetik alde egin behar izan dutenengan dituen ondorioak. Izan ere, beren herrian errefuxiatu bihurtu dira pertsona horiek, eta etorkizun nahiko iluna dute. Horregatik, oso garrantzitsua deritzogu Europako hegoaldeko mugara bidaia bat egiteari. 2020ko Pazko Astean egingo dugu, gutxieneko baldintza batzuk betetzen dituzten unibertsitateko zenbait irakasle eta ikaslerekin (1). “Bideak eraikitzen, harresiak eraisten: migrazio-fluxuak eta baztertze-politikak” izeneko proiektuak antolatzen dituen jardueretako bat da gure bidaia, eta Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako Euskal Agentziak finantzatzen du.

Ordezkaritza hegoaldeko mugara

Europaren hegoaldea eta Afrikaren iparraldea lotzen dituen itsasoan milaka lagun hiltzen dira. Justizia sozialaren eta giza eskubideen ordez “krisiak” edo “larrialdiak” oinarri dituen humanitarismoaren araberako “asiloaren ekonomia morala” eta erretorikak garbi asko ikusten dira itsaso horretan.

Migrazioen Nazioarteko Erakundearen arabera (MNE), hegoaldeko muga bigarrena da aurten heriotza gehien izaten ari den migrazio-bideen zerrendan. Horren aurretik Mediterraneoaren erdialdeko bidea bakarrik dago, Libiatik Italiarantz doana.

Gauza jakina da Andaluzia dela migratzaile gehien jasotzen duen Europako eskualdea. Esan beharrik ere ez egoera oso txarra jasaten dutela hara iristen direnek. Horren adibide dugu marrubi-sailetan emakume langileek pairatzen duten esplotazioa eta sexu-indarkeria, edo Ceuta eta Melillako zama-eramaile marokoarrek jasaten dutena. Gainera, tokiko agintariek eta Lan Ikuskaritzak ez ikusiarena egiten diote egoera horri, eta gizarte zibila ere geroz eta gutxiago arduratzen da. Estatuaren zein autonomia-erkidegoen harrera-sistema instituzionalaren gabezia larriak agerian utzi dituzte migratzaileen giza eskubideen urraketek.

Bestalde, Andaluziako hauteskunde autonomikoen ondoren eskuineko eta eskuin muturreko alderdien koalizio batek agintzen du erkidego horretan. Beren politika neofaxistak eta immigrazioaren aurkakoak aplikatzeko aitzakia gisa erabiltzen dituzte migratzaileak alderdi horiek, eta eragin handia du horrek migratzaileekiko elkartasunaren kriminalizazioan.  

Ordezkaritza honen helburua hau da: gure mugetan gertatzen dena ikustea, entzutea, aztertzea, ulertzea, ikastea, hedatzea eta salatzea, bertatik bertara ezagutuz han bizi direnen eta handik igarotzen direnen istorioak eta ikuspegiak. Horretarako, Mediterraneoko mugetara hurbilduko gara, legeak “Europako muga” deritzon horretatik harago joko dugu, trantsizio-lurraldeetako (Maroko, Libia, Turkia) polizia-kontrolak are arriskutsuagoa bihurtu duen “presio-eltze” horretara. Europara ere iristen da muga-erregimen hori, barneratze-zentroen eta gure herrialdeetan bizi diren atzerritarren kontrol zorrotzaren bitartez. Mugako egoera beldurgarri horrek zalantzan jartzen du Europar Batasunaren eraikuntza bultzatu zuten printzipio etiko eta politikoen iraupena.

Melilla 2020 Unibertsitate Ordezkaritzan parte hartzeko baldintzak
UPV/EHUko ikastaroren batean matrikulatuta egotea edo egon izana.
“Elkartasunaren kriminalizazioa eta neofaxismoa” mintegian parte hartzea. Azaroaren 18an eta 19an izango da mintegia, Bizkaia Aretoan.
Mintegiko gaiei buruzko lan bat aurkeztea, posta elektronikoz edo posta arruntez bidaliz.
Finalista geratu diren 20 lanen zerrendan egotea, oinarri hauen arabera:

OINARRIAK:

A. PARTE-HARTZAILEAK.

A1.- Hauek har dezakete parte: Euskal Herriko Unibertsitatean ikasketak egin dituzten edo egiten ari direnek, edo migrazioei buruzko ikasketak egin dituzten edo egiten ari diren unibertsitate horretatik kanpokoek.  

A2.- Idatzizkoa edo digitala izan daiteke euskarria.

A3.- Egile bakoitzak lan bat aurkez dezake, idatziz, mintegian jorratutako gai bakoitzeko, betiere Euskadiko migrazioaren errealitatea gai dela: mugak, herritartasuna, harrerako gizartearen ikuspegia, migrazio-fluxuen egiturazko eragileak, elkartasunaren kriminalizazioa eta gizarte-mugimenduak.  Librea da teknika; proposamenek, berriz, osoak, originalak eta argitaratu gabeak izan behar dute, beste inongo lehiaketatara aurkeztu gabeak, gutxienez bost orrikoak eta gehienez zortzikoak, zuri-beltzean idatziak; letra-tipoak Arial 11 izan behar du; alboetako marjinek, 3 cm-koak; goiko eta beheko marjinek, 2,5 cm-koak, eta lerroarteak, berriz, 1,5 cm-koa. Alde bakar batean idatzi behar dira orriak, euskaraz edo gaztelaniaz (aukeran).  

A4.- Egile bakoitzak bideo labur batean aurkez ditzake Euskadiko migrazioaren errealitatea eta mintegian jorratutako gaietako bat konpontzeko soluzioak. Librea da teknika; proposamenek, berriz, osoak, originalak eta argitaratu gabeak izan behar dute, beste inongo lehiaketatara aurkeztu gabeak. Bestalde, gutxienez hiru minutu eta gehienez bost irauten duen bideo bat ere aurkez dezakete ikasleek. Kredituen denbora ez da kontuan hartzen.

Gogoan izan bideoak ez duela izan behar animazio marraztu bat; beste teknika batzuekin batera erabili behar da marrazkia. Irudimena, mugikorra edo kamera bat, ez duzue besterik behar. Bideoak grabatzeko edozein gailu erabil dezakezue; hizkuntzari dagokionez, euskaraz edo gaztelaniaz graba daiteke (aukeran).

A5.- “Elkartasunaren kriminalizazioa eta neofaxismoa” mintegian jorratutako gairen batekin izan behar du lotura lanak, eta bereziki balioetsiko dira emakumeen eta neska-mutilen egoera islatzen dutenak. Euskaraz zein gaztelaniaz egin daitezke lanak.

B. BALDINTZAK.

Arau hauek bete behar dituzte ordezkaritza horretan esku hartu nahi dutenek:

a) Izenburuaren ondoan, mintegiaren izena ere eraman behar dute idatzita lehiaketara aurkezten diren lanek: “Elkartasunaren kriminalizazioa eta neofaxismoa”.

b) Dokumentazio hau bidali behar da lanekin batera:

1. NANaren, bizileku-txartelaren edo erroldaren fotokopia, A3 eta A4 baldintzek agintzen dutenaren egiaztagarri.

2. Idatzizko lanaren edo bideoaren izenburua.

3. Egilearen izen-abizenak.

4. Telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa.

C.- IZENA EMATEKO

C1.- migraciones@sodepaz.org helbidera bidali behar da dokumentazioa, edo posta-bulegoen bidez. Gastuak lehiaketan parte hartzen duenaren kontura dira.  “Participa Melilla 2020” idatzi behar da mezu elektronikoan edo gutun-azalean, “gaia” atalean, eta helbide honetara bidali: Ander Deuna kalea 21, 2-I, 48960 Usansolo, Galdakao, Bizkaia.

C.2.- 2019ko urtarrilaren 1ean hasten da lanak aurkezteko epea, eta 2020 urtarrilaren 7an amaitzen (biak barne).

C3.- 2020ko urtarrilaren 21ean jarriko du Euskadiko SODePAZ Elkarteak bere webgunean “Participa Melilla 2020” Ordezkaritzarako onartutakoen eta onartu gabekoen behin-behineko zerrenda. Erreklamazioak aurkezteko epea urtarrilaren 23ra arte izango da zabalik. Otsailaren 5ean argitaratuko da, lehen aipatu dugun lekuan, “Participa Melilla 2020” Ordezkaritzarako onartutakoen behin betiko zerrenda.

D.- EPAIMAHAIA

Euskadiko SODePAZ Elkarteko bost lagunek osatuko dute epaimahaia: horietako bi Euskadiko SODePAZ Elkarteko Sentsibilizazio taldeko  kideak izango dira, eta beste hirurak, berriz, UPV/EHUko irakasleak.

E.- EPAIA

Honela jakinaraziko die Euskadiko SODePAZ Elkarteak lehiaketako parte-hartzaileei epaiaren berri: webgunean zerrenda argitaratuz eta irabazleei telefonoz deituz.

F.- AURREIKUSTEN DIREN DATAK

2020ko apirilaren 13tik (astelehena) apirilaren 18ra (larunbata) bidaiatuko du “Participa Melilla 2020” Ordezkaritzak, aurreikuspenen arabera.

G.- DIRUZ LAGUNDUTAKO GASTUAK.

Ordainduta daude bidaiaren eta egonaldiaren gastu guztiak, otorduak eta barne-garraioa ere barne direla. Ez dira sartzen norberaren erosketak edo aparteko edariak.

H.- BIDAIA-ASEGURUA.

Gure ordezkaritza guztiekin egin ohi dugunez, bidaia-aseguru indibidual bat kontratatuko dugu “Participa Melilla 2020”  Ordezkaritzako parte-hartzaile bakoitzarentzat.

I. BIDAIARIEN KONPROMISOAK.

Bidaiari ekin aurretik, bi trebakuntza- eta prestakuntza-bilera egingo ditugu, Ordezkaritzaren programa eta helburuak zehazteko. Bestalde, Ordezkaritzaren bidaiari buruzko egunkari bat idazteko eskatzen zaie bidaiari guztiei. Norberak bere erara idatz dezake. Bidaiaren ondoren, prentsaurreko batean aurkeztuko dira prestatutako materialak. Agerraldi horretan azaldu ditzakete parte-hartzaileek bizi dituzten esperientziak. Mahai-inguru gisakoa izango da prentsaurrekoa, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, Leioan.

J.- EUSKADIKO SODePAZEN BETEKIZUNAK.

J1. Konpromiso hauek bereganatzen ditu Euskadiko SODePAZ Elkarteak:

a) Online hedatzea finalera iritsi diren lan guztien eta “Participa Melilla 2020”  Ordezkaritzako parte-hartzaile guztien berri, bere jarduerak argitaratzeko erabili ohi dituen baliabideen bitartez.

K.- HAUTATUTAKO EGILEAREN BETEKIZUNAK

Hautatutako egileek egoki deritzoten erabilera eman diezaiokete aurkeztu duten lanari, betiere hau erantsiz: “Elkartasunaren kriminalizazioa eta neofaxismoa” mintegian eta Euskadiko SODePAZ Elkartearen eta UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen “Participa Melilla 2020” Ordezkaritzan parte hartu dutela.

L.- BESTE ZENBAIT XEDAPEN

1.- Euskadiko SODePAZ Elkartearen, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak izendatutako katedren eta hark hautatutako epaimahaiaren irizpideen arabera ebatziko da oinarri hauetan aurreikusi gabeko guztia, bai eta haien interpretazioari dagokiona ere.

2.- Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauetako xedapen guztiak eta haietako bakoitza onartzea.