Unibertsitateko Masterren Gestiorako Arautegia

II. Kapitulua. Kredituen aitorpena eta transferentzia

Unibertsitateko masterren gestiorako arautegia

14. artikulua.- Definizioa.

Kredituak aitortzea da unibertsitateak ontzat hartzea unibertsitate berean edo beste batean egindako ikasketa ofizialen bidez lortutako kredituak, kontuan har daitezen beste ikasketa batzuetako titulu ofiziala lortze aldera. Era berean, lizentziatura, ingeniaritza, arkitektura, diplomatura, ingeniaritza tekniko eta arkitektura teknikoetan lortutako kredituak ere aitortu ahal izango dira.

15. artikulua.- Eragina.

Kredituak aitortuz gero, ikasleak titulazioan eskatzen diren kredituak osatzeko falta duen kreditu kopurua baino ez du egin beharko.

16. artikulua.- Irizpide orokorrak.

Aitortuko den unitatea irakasgaia izango da. Aitorpenena egiterakoan kontuan hartuko da gainditutako kredituei dagozkien gaitasunak eta aitortzak. Horretarako, ezinbestekoa da ikasleak behar besteko informazioa aurkeztea aitortzea gura duen kredituen ikasketa planean zehaztutako gaitasunen inguruan. Halaber, kredituen aitorpen eskaerei buruzko txostenetan, masterretako batzorde akademikoek gaitasunen eta edukien antzekotasuna hartuko dute aintzat, eta ez irakasgaien edukien eta luze-laburren parekotasuna. Ezin izango dira irakasgai zatiak aitortu. Nahitaezko eta hautazko irakasgaien bidez edo kanpoko praktiken bidez lortutako kredituak aitortu ahal izango dira, betiere, izaera, helburu eta gaitasunak antzekoak badira.

Ez dira aitortuko master amaierako lanengatik lortutako kredituak, espezifikoki mugikortasun programa batean egiten direnak izan ezik.

Hitzarmen espezifikoen bitartez araututako unibertsitate arteko ikasketa bateratuei dagokienez (mugikortasuna edo titulazio bateratuak), hitzarmenetan ezarritakoa beteko da, betiere, UPV/EHUko araudiaren kontrakoa ez bada.

Irakasgaien aitorpenerako jarraibide propioak dauzkaten masterretan jarraibide horiek aplikatuko dira.

Irakasgaiak bere osotasunean aitortzeaz gain, egiaztatutako lan esperientzia eta esperientzia profesionala ere aitortu ahal izango dira titulu ofiziala lortzeko, betiere, esperientzia horrek zerikusia badauka lortu nahi den tituluari dagozkion gaitasun eta trebetasunekin.

Lan esperientziagatik edo esperientzia profesionalagatik eta unibertsitateko ikasketa ez-ofizialengatik (berezko ikasketengatik edo etengabeko prestakuntzagatik) gehienez ere ikasketa planeko kredituen % 15 aitortu ahal izango dira guztira. Kreditu horiek ez dute zenbakizko kalifikaziorik izango, eta, beraz, ez dira kontuan hartuko ikaslearen espedientea barematzean.

Salbuespenez, egindako unibertsitate ikasketa ez-ofizialengatik aitortu ahal izango da goiko paragrafoan adierazitako kredituen portzentajea baino handiagoa, eta baita ehuneko ehuna ere (hau da, kreditu guztiak), baldin eta titulu ez-ofizial hori irakasteari uzten bazaio, desagertzen bada eta haren ordez ezartzen bada titulu ofizial berria, zeinaren barruan aitortuak izango diren egindako kreditu akademikoak. Kasu horretan kalitatea bermatzeko barne sistemek ziurtatu beharko dute prozedura egokiro betetzen dela ikuspegi akademikotik.

17.- artikulua. Kredituak aitortzeko prozedura.

1.- Kredituak aitortzeko prozesua hasteko, ikaslea matrikulatuta egon behar da kasuan kasuko masterrean, hau da, kredituak aitortzea nahi duen horretan. Matrikulatu ondoren, ikasleak urrats hauek eman beharko ditu erakunde ofizialetan edo izen handikoetan egindako ikastaro edo lanen aitorpena lortzeko:

Tramitazioa:

Ikasleak masterreko batzorde akademikoari zuzenduko dio kredituak aitortzeko eskaria. Horretarako epea hilabetekoa izango da eskolak hasten direnetik, eta dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

  • Eskaera orria, behar bezala beteta.
  • Ziurtagiri akademiko pertsonal konpultsaturik, edo kopia eta jatorrizkoa, erkatzeko.
  • Egindako ikastaroaren edo irakasgaiaren programa, edo graduondoko jardueraren xehetasunak.

Kredituak aitortzeko eskariak ikusita, masterreko batzorde akademikoak aitorpen proposamena aurkeztuko dio masterraren ardura duen ikastegiko aitorpen batzordeari, hilabeteko epean. Horretarako, espedienteko dokumentu guztiak bidali beharko dizkio batzordeari.

Ikastegiko aitorpen batzordeak eskariei buruzko erabakia hartu, eta jakinaren gainean jarriko ditu bai masterreko batzorde akademikoa eta bai ikaslea. Erabaki horretan ageri beharko da zein kreditu aitortu den eta zein ez, halakorik balego. Aitortu ez diren kredituen kasuan, arrazoiak azaldu beharko dira.

Ikastegi bakoitzeko aitorpen batzordearen erabakien aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote errektoreari, erabakia jakinarazi eta hilabeteko epean.

Kredituak aitortzeko eskariari buruzko erabakian honako hauek jaso behar dira:

  • Aitortuko diren kredituen kopurua, eta zein irakasgaitatik datozen.
  • Ikasketa planeko zein irakasgai aitortuko zaizkion ikasleari.
  • Lan esperientziagatik edo esperientzia profesionalagatik eta unibertsitateko berezko ikasketengatik edo etengabeko prestakuntzagatik aitortu den kreditu kopurua.
  • Zenbat kreditu ez diren aitortuko, eta zergatik.

Ikasleak aitorpen bidez gainditzen dituen kredituak aitortu gisa azalduko dira espedientean. Bertan zehaztuko da ikasketa planeko zein irakasgai jotzen diren egindakotzat, eta zein diren aitortutako kredituei dagozkien jatorrizko irakasgaiak, honako xehetasun hauekin: haien tipologia eta kreditu kopurua, ikasleak zein kalifikaziorekin gainditu zituen, eta zein erakundetan egin zituen ikasketok.

Aitortutako kredituen tasak:

1.- Ikasleek tasak ordainduko dizkiote unibertsitateari baliozkotutako kredituengatik. Unibertsitateen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak zehaztuko du tasa horien zenbatekoa ikasturte bakoitzerako. 

18. artikulua.- Kredituen transferentzia

Kredituak transferitzea da UPV/EHUn edo beste unibertsitate batean egindako ikasketa ofizialetan lortutako kredituak ikasleen espedientean sartzea, baldin eta ikasleak titulu ofizialik lortu ez badu.

1.- Eragina.

Ikasleak egindako ikasketen agiri akademiko ofizialetan jasoko dira UPV/EHUn edo beste unibertsitate batean ikasleak lehendik egindako ikasketa ofizialetan lortutako kredituak, baldin eta ikasleak haien bidez titulu ofizial bat lortu ez badu.

2.- Helburua.

Unibertsitateko titulazio bateko ikasketak bukatu gabe izanik beste titulazio bat hasi nahi duten ikasleei transferituko zaizkie.

3.- Tramitea.

Ikasleak espedientearen lekualdaketaren bidez matrikula egiten duenean transferituko dira, ofizioz, eta espedientean jasoko dira unibertsitate berean edo beste batean ikasketa ofizialen bidez ikasleak lortu dituen kreditu guztiak, betiere, ikasketa horien bidez ikasleak ez badu titulu ofizialik lortu.

Transferituriko kredituak 16. artikuluan zehaztutakoari jarraituz jasoko dira ikaslearen espedientean.


normativa-gestion-masteres-oficiales