Graduondoko Ikasketen IP. Plan Estrategikoa (2023-2026)
1. SARRERA
1.1. Testuinguru orokorra
Unibertsitateek erronka berri askori egin behar diete aurre. Globalizazioa, teknologia berriak eta XXI. mendeko erronka nagusiak (zahartzea, genero berdintasuna, klima aldaketa, jasangarritasuna eta abar) gero eta garrantzitsuagoak diren heinean, gizartean lidergoa hartzea eskatzen zaie unibertsitateei.
Testuinguru horretan, bai administrazioetan, bai unibertsitate sistemaren beraren barruan, unibertsitateek inguruko premia sozial eta ekonomikoekin lotura izan behar dutela aipatzen da behin eta berriro eta, horren ondorioz, unibertsitateko prestakuntza eskaintzan moldaketa dinamikoa egin beharra dagoela. Ildo horretan, Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategia (Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusia. Eusko Jaurlaritza. 2022) dokumentuan nabarmentzen denez, “Unibertsitatearen arrakasta hezkuntza-eskaintza lurraldearen aukeretara egokitzean oinarritzen da”; era berean, EUEB Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Batzarrak egindako Universidad 2030: Propuesta para el debate (2030 Unibertsitatea: eztabaidarako proposamena) txostenaren arabera, “gizartea eraldatzen lagundu nahi badugu, Unibertsitateak ezin du kokatuta dagoen gizarte ingurunetik kanpo garatu bere jarduera. Esan gabe doa ikasleen prestakuntzan kontuan izan behar direla sare sozioekonomikoaren beharrak, baina baita herritarren prestakuntza ere, ezagutzak ez ezik, aldaketa teknologiko eta sozial sakoneko testuinguru batean etorkizuna eraikitzea ahalbidetuko dieten gaitasunak ere izan ditzaten”.
Bestalde, II. Unibertsitatea + Enpresa Euskal Estrategia 2022-2026 estrategian 2017-2022ko I. estrategiaren bi helburu nagusiri eutsi zaie: kualifikazio handiko talentuaren prestakuntza, eta ezagutza sortu eta transferitzea. Estrategia horretan, goi hezkuntzarako eredu berriak sustatzen dira; eredu horietan, prestakuntza, ikerketa eta berrikuntzaren arteko loturak ezartzen dira eta lotura horiek gizartearekin lankidetza estua izatea eskatzen dute. Azkenik, epe luzeagorako ikuspegi batetik begiratuta, España 2050: Fundamentos y propuestas para una Estrategia Nacional de Largo Plazo (Espainia 2050: epe luzeko estrategia nazional baterako oinarriak eta proposamenak. Presidentetzako Ministerioa. 2021) txostenean 2050. urterako unibertsitatean egin beharko den eraldaketaren aurreikuspena egiten da: “Herrialdeen etorkizuneko oparotasuna, neurri handi batean, Europako ekoizpen sarea sakonki eraldatzeko duen gaitasunaren araberakoa izango da, eta hori, aldi berean, giza kapitalaren kalitatearen eta ekoizpen premia berrietara egokitzeko gaitasunaren araberakoa izango da. Sortzen ari den egoera honetan, Espainiak erronka bikoitza izango du. Alde batetik, Lanbide Heziketako heziketa zikloetako eta unibertsitateko estaldura maila eta ikaskuntza maila hobetzea, EB-8ko herrialdeen mailetara iristeko. Bestetik, birkualifikazio sistema integratu bat garatzea, helduak trebatuta eta bizitza osoan eguneratuta egon daitezen. Bi gauza horiek lortuta soilik bermatu ahal izango dugu gure herrialdearen garapena datorren munduan.”
Testuinguru horretan, UPV/EHUren graduondoko prestakuntza estrategia eskaintza lineal akademiko tradizionalaren –graduak, masterrak eta doktoregoak– prestakuntza ikuspegitik haratago doa, eta ikuspegi zirkular bat bultzatzen du, hau da, pertsona etengabe trebatzea lanbide bizitza osoan, prestakuntza eskaintza egokituta eta bizitza osoko prestakuntzaren beharretara egokitutako etengabeko eta graduondoko eskaintza eginda; hartara, ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak eguneratzeko aukera izango da, enpresetan eta erakundeetan sortzen diren premia berriei erantzutearren. Horri esker, lanbidean birkualifikazioa lortu ahal izango dute eta, horrela, lan merkatuan jarraituko dute edo lan merkatuan sartu ahal izango dira, eskuratutako gaitasun berriekin. Unibertsitateek lidergoa beren gain hartzeko premiaren esparruan kokatzen da estrategia hori, erakundea bera eraldatzeko politikak bultzatuz. Ildo beretik, EUEBren 2030 Unibertsitatea txostenean aipatzen da “unibertsitateen irakaskuntza dimentsioa ezin dela gradu, master edo doktoregoko ikasketetan amaitu; aitzitik, dimentsio etengabeko prestakuntzara zabaldu behar da, zentzu zabalean hartuta, bizitza osoko ikaskuntzara. Etengabeko prestakuntzak funtzio sozial bat betetzen du, eta eskaintza ireki, malgu eta eguneratu baten bitartez erantzun behar zaio funtzio horri, betiere kalitate eskakizunak alde batera utzi gabe.”
Graduondoko eskaintza eguneratu beharra dago, hori ukaezina da, eta txosten horretan ere horixe azpimarratzen da: “Unibertsitateak eraldatzen hasteko, eskaintza akademikoa arrazionalizatu behar da… gradu, master eta doktoregoko titulu ofizialen egungo eskaintza arrazionalizatu, zuzendu eta hobetzen saiatzeko. Espainian master bat egiten duten graduko ikasleen proportzioa nahiko txikia da (normalean % 15 baino gutxiago), eta hausnarketa bat egin beharko litzateke gaur egungo gure eskaintzari dagokionez… Kasu honetan, Europako unibertsitateetan nagusi diren irizpideekin bat etortzea lortu behar da…”
1.2. UPV/EHUren testuingurua
Estatutuetan aurreikusitakoaren arabera, UPV/EHUren helburuak honako hauek dira, besteak beste:
- “Euskal gizartearen ondare intelektual, humanistiko, kultural eta zientifikoa aberasteko lanetan parte hartzea, baita ekonomia garapenean eta gizartearen ongizatean ere.”.
- “Kalitatezko goi mailako irakaskuntza eskaintzea, ikasleen heziketa osoa bultzatzea, eta lanean hasteko beharrezkoa den prestakuntza ziurtatzea”.
- “Profesionalen etengabeko prestakuntza eta goi mailako irakaskuntza eskatzen duten gizarteko beste taldeen etengabeko prestakuntza edo bizitza osoko prestakuntza sustatzea”.
- “Harremanak izatea eta hitzarmenak egitea erakunde publiko eta pribatuekin, UPV/EHUko tituludunen prestakuntza hobea izan dadin eta, ondorioz, lanean hasteko aukera gehiago izan dezaten”.
Ildo beretik, 2022-2025 aldirako Plan Estrategikoaren eginkizunaren arabera, UPV/EHU euskal unibertsitate publikoa da, eta konprometituta dago euskal kulturarekin, gizarte erronkekin eta garapen jasangarriarekin, prestakuntzaren, ikerketaren, ezagutzaren transferentziaren eta toki nahiz mundu mailako aliantzen bidez, jakintzaren adar guztietan.
Testuinguru orokorra aintzat hartuta, eta UPV/EHUren beraren helburuei jarraikiz, Plan Estrategikoan Graduondoko Ikasketen eredu jakin baten garapena ezartzen da, honako helburu hauetan oinarrituta:
- Oreka bat sortzea graduen eskaintzaren (egonkorra eta tokikoa, nagusiki) eta graduondokoen eskaintzaren (dinamikoagoa eta nazioartekoagoa) artean.
- Prestakuntza dualeko eskaintza zabal bat bultzatzea Gradu, Master eta Doktorego ikasketetan.
- Ingelesezko eskaintza areagotzea masterretan, beste herrialde batzuetako ikasleak erakartzeko, baita euskarazko eskaintza ere, bereziki gaitasun masterretan, eta master guztietan bermatuko da Master Amaierako Lana euskaraz egiteko aukera.
- Kalitatezko berezko eta etengabeko prestakuntza sustatzea, gizartearen eskaerari erantzuteko, online eskaintza eta euskarazko eskaintza zabalduta.
- Tituluen enplegagarritasuna sendotzea, hartu-emanak estutuz ingurune sozioekonomikoarekin, eta ekintzailetza sustatuz.
- Online irakaskuntzarako berezko eredu bat zehaztea.
- Adi egotea, ekonomia arrazoiak direla eta graduondoko ikasketak egin nahi dituzten ikasleen artean ager daitezkeen estratifikazioak minimizatzeko.
Horregatik guztiagatik, eta Graduondoko Ikasketen 2014-2017 aldirako I. Planean oinarrituta, Graduondoko Ikasketen II. Plan Estrategikoa aurkeztuko dugu jarraian. Plan honen xedea testuinguru orokorraren eskaerei erantzutea da, eta UPV/EHUren 2022-2025 aldirako Plan Estrategikoan Graduondoko Ikasketei buruz ezarritako ildo estrategikoak garatzea. Horretarako, UPV/EHUren 2030eko etorkizuneko ereduan sakontzea ahalbidetuko duten hainbat ekintza zehaztuko dira, gizarte erronkak eta Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzen laguntzearren, eta betiere ikasleentzako prestakuntza ibilbide osatuak dituen hezkuntza eskaintza bat taxutzeko.
2. IRISMENA ETA GAUR EGUNGO EGOERA
Plan Estrategikoaren helburu diren graduondoko ikasketak 3 jardun eremutan egituratzen dira:
- Unibertsitateko masterrak.
- Doktorego programak.
- Bizitza osoko prestakuntza.
Emandako informazioa berariaz adierazitako ikasturteei buruzkoa da; ikasturtea berariaz adierazten ez den kasuetan, aurtengo ikasturteari buruzko datuak izango dira, eta, bereziki, unibertsitate masterren kasuan, batez ere ikasle berriei buruzkoak.
2.1. UNIBERTSITATEKO MASTERRAK
2022/23 ikasturtean, UPV/EHUn unibertsitateko 107 master ematen dira, eta, guztira, 3.800 ikasle baino gehiago daude matrikulatuta. Ikasle horietatik 2.258 berriak dira. Azken 4 urteotan (19/20 ikasturtetik 22/23 ikasturtera), UPV/EHUn matrikulatutako ikasle berrien guztizko kopurua egonkorra izan da. Espainiako unibertsitate sisteman, azken 4 urteotan (18/19 ikasturtetik 21/22 ikasturtera) matrikulatutako ikasleen kopurua % 19 handitu da, eta bereziki nabarmentzen da unibertsitate pribatuetan izandako % 44ko igoera. Unibertsitate publikoetan, hazkundea % 3,7 baino ez da izan (Espainiako Unibertsitate Sistemaren datuak eta zifrak, 2022-2023 argitalpena).
Jatorriari erreparatuta, 2022/23 ikasturtean matrikulatutako 2.258 ikasle berrietatik 1.393 ikasle (% 62) UPV/EHUtik bertatik datoz, 104 ikasle (% 5) Deustuko Unibertsitatetatik eta Mondragon Unibertsitatetatik, 330 ikasle (% 14) Espainiako gainerakotik, eta 431 ikasle (% 19) nazioartetik etorritakoak dira.
Jarraian, masterreko ikasleei buruz emango ditugun zifrak ikasle berriei dagozkie, une oro.
Azken 4 urteotan, nazioarteko ikasleak 1.500 baino gehiago izan dira, eta 2022/23 ikasturtea izan da bolumen handiena izan duena.
2022/23 ikasturtean, UPV/EHUko graduko azken mailan 7.640 ikasle zeuden matrikulatuta, guztira; beraz, datu hori erreferentziatzat hartuta, masterrean matrikulatutako ikasle berrien kopurua (2.258) graduko azken mailako ikasleen % 30 da. 5 ikastegietan, masterreko ikasleen kopurua ikastegiko graduko azken ikasturteko ikasleen % 50 baino gehiago da:
- Arkitektura Goi Eskola Teknikoa (% 59).
- Bilboko Ingeniaritza Eskola (% 70).
- Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea (% 53).
- Informatika Fakultatea (%52).
- Kimika Fakultatea (% 70).
Bestalde, 2022/23 ikasturtean matrikulatutako 2.258 ikasleetatik % 48 3 ikastegitan pilatzen da:
- Bilboko Ingeniaritza Eskola: 486 ikasle matrikulatuta (guztizkoaren % 23) 18 masterretan,
- Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea: 302 ikasle matrikulatuta (guztizkoaren % 14) 4 masterretan,
- Zientzia eta Teknologia Fakultatea: 225 ikasle matrikulatuta (guztizkoaren % 11) 14 masterretan.
Unibertsitate master guztiek doktoregorako bidea ematen dute. Gainera, master batzuk titulazio bikoitzeko unibertsitate masterrak edo unibertsitate arteko masterrak ere badira.
Bestalde, aurreinkripzio edota matrikulazio prozesu berezituak dituzten bi master mota ere badaude, hauek dira, Erasmus Mundus masterrak eta Sare Latinoamerikakoak. Ondoren emango ditugu masterren datuak gaitasun masterren datuak ere berezituak emango direlarik.
Gaitasun masterrak: Europako Unibertsitate Eremuari (EUE) egokituriko tituluen esparruan, lanbiderako ahalmena ematen duten gaitasunak graduko tituluarekin eskuratzen dira, kasu batzuetan, eta masterreko tituluarekin, beste batzuetan. Horrela, gaitasun masterrak lanbide arautu batean aritzeko gaitasunetan trebatzen duten masterrak dira. Master horietako batzuk titulazio bikoitzeko unibertsitate masterrak ere badira.
Gaur egungo egoera
- Gaur egun, UPV/EHUk 11 gaitasun master ematen ditu.
- Matrikulatutako ikasleen kopuruak gora egin du azken 4 ikasturteotan, 710etik 821era.
- Matrikulatutako ikasle gehienak UPV/EHUkoak dira. Horrela, bada, 2022/23 ikasturteko 821 ikasleetatik 714 UPV/EHUkoak ziren (% 87), 46 EAEko gainerako unibertsitateetakoak, 54 Espainiako gainerako unibertsitateetakoak eta 7 nazioartekoak.
- 11 masterrak 8 ikastegitan ematen dira; zehazki:
- Bilboko Ingeniaritza Eskolan 4,
- Ekonomia eta Enpresa Fakultatean 2,
- Arkitektura Goi Eskola Teknikoan 1,
- Zuzenbide Fakultatean 1,
- Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean (aurrez aurrekoa) eta GOI Eskola ikastegi atxikian (online) 1,
- Psikologia Fakultatean 1,
- Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatean 1.
Gaitasun masterrak ez diren masterrak: Erasmus Mundus eta Sare Latinoamerikarraren masterrez aparte, UPV/EHUk gaitasun masterrak ez diren masterren datuak ematen dira ondorengo lerroetan.
Gaur egungo egoera
- Tipologia horretan 84 unibertsitate master daude.
- Azken 4 urteotan master kopuruari eutsi egin zaio, baina matrikulatutako ikasle kopurua pixka bat murriztu da, 2019/20 ikasturteko 1.527 ikasletik 2022/23 ikasturteko 1.238 ikaslera.
- 2022/23 ikasturteko 1.238 ikasleetatik 674 UPV/EHUkoak dira (% 54), 68 EAEko gainerako unibertsitateetakoak, 271 Espainiako gainerako unibertsitateetakoak eta 235 nazioartekoak.
- 2022/23 ikasturtean, 84 masterretatik 28an (% 33) 10 ikasle edo gutxiago daude matrikulatuta. Azken 4 ikasturteetan, 28 horietako 17 masterretan, matrikulatutakoen kopurua 10 ikasle edo gutxiago izan da bi ikasturtetan edo gehiagotan. 28 master horietatik, 3 nazioarteko master bikoitzak dira, 8 unibertsitate artekoak, 2 euskara hutsean ematen dira eta 2 ingelesez osorik.
Bukatzeko, matrikulazio prozesu berezitua duten masterren egoera azaltzen da:
Erasmus Mundus masterrak: master mailan egiten diren goi mailako ikasketa programa integratuak dira, eta goi mailako ikastegien nazioarteko elkarte batek diseinatu eta ematen ditu. Hiru herrialdetako goi mailako hiru ikastegik, gutxienez, parte hartzen dute programa horietan, eta ikastegi horietako bik, gutxienez, EBko estatu kideak eta programari atxikitako hirugarren herrialdeak izan behar dute.
Gaur egungo egoera
- Gaur egun, UPV/EHUk Erasmus Mundus 8 masterretan parte hartzen du.
- Azken 4 urteotan 5 master izatetik 8 izatera igaro da, eta matrikulatutako ikasleen kopurua 108tik 160ra igo da.
- Matrikulatutako ikasle gehienak nazioartekoak dira. Horrela, bada, 2022/23 ikasturteko 160 ikasleetatik 150 nazioartekoak dira, 5 UPV/EHUkoak eta 5 Espainiako gainerako unibertsitateetakoak.
- 8 masterrak 3 ikastegitan ematen dira, zehazki:
- Bilboko Ingeniaritza Eskolan 3,
- Zientzia eta Teknologia Fakultatean 4,
- Informatika Fakultatean 1.
Graduondoko Sare Latinoamerikarreko (GSL) masterrak: unibertsitate master horiek Latinoamerikan ematen dira, GSLaren bitartez gauzatzen den nazioarteko harremanetarako eta lankidetzarako proiektu espezifiko baten esparruan. 12 herrialdetako 17 unibertsitatek parte hartzen dute, guztira, gaur egun LGSan, UPV/EHUrekin hitzarmen bidezko lotura izanik.
Gaur egungo egoera
- Gaur egun, UPV/EHUk 3 master ematen ditu LGSan.
- 2017/18 ikasturtean 127 ikasle zeuden matrikulatuta, eta 2018/19 ikasturtean 81. Pandemia zela eta, Sareko masterren eskaintza akademikoa ezin izan zen zabaldu, ezinezkoa baitzen bidaiatzea eskolak emateko; horrenbestez, 2019/20 ikasturtean 31 ikasle matrikulatu ziren, 2020/21 ikasturtean 24, eta 2022/23 ikasturtean 52 ikasle daude matrikulatuta.
Laburbilduz, 2022/23 ikasturteko egungo egoeraren arabera, 2022/23 ikasturtean matrikulatutako 2.258 ikasle berrietatik 1.419 (guztizkoaren % 63) 34 masterretan biltzen dira (guztizkoaren % 32), eta master horietan guztietan 20 ikasle berri edo gehiago dituzte matrikulatuta: 8 gaitasun master, Erasmus Mundus 3 master, Graduondoko Sare Latinoamerikarreko master 1 eta beste 22 master. Era berean, ikasturte honetan, nazioarteko 431 ikasleetatik 150 (% 35) Erasmus Mundus 8 masterretan banatuta daude, 39 ikasle Graduondoko Sare Latinoamerikarreko 2 masterretan, 7 ikasle 5 gaitasun masterretan eta 235 ikasle (% 55) beste 69 masterretan. Horietatik 97 ikasle (% 23) 11 masterretan banatuta daude.
2.2. DOKTOREGO PROGRAMAK
Doktorego programak 99/2011 Errege Dekretuaren arabera arautzen dira (99/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, doktoregoko ikasketa ofizialak antolatzen dituena).
Gaur egungo egoera
- Doktorego Eskola (DOKe) UPV/EHUko doktorego ikasketetako ikasleak kudeatzen dituen ikastegia da.
- Gaur egun, UPV/EHUk jakintza arlo guztietako 66 doktorego programa eskaintzen ditu: 15 Zientzietan, 16 Ingeniaritzan eta Arkitekturan, 10 Osasun Zientzietan, 16 Gizarte eta Lege Zientzietan eta 9 Arte eta Giza Zientzietan.
- UPV/EHUk nazioartean ospe handia duten 3.000 ikertzaile baino gehiago ditu ikasleen doktorego tesiak gainbegiratzeko.
- Azken 4 urteotan, doktorego programetan matrikulatutako ikasleen kopurua 4.000 inguru izan da. Horietatik % 40 baino gehiago beste unibertsitate batzuetako ikasleak dira, eta ikasleen % 20 atzerritarrak dira.
- Defendatutako doktorego tesien kopurua gero eta handiagoa da: 2018/19an 385 izan ziren, eta 2021/22an 464. Hona hemen daturik aipagarrienak datu horietan:
- Euskarazko tesien kopurua 55tik 70ra aldatu da.
- Nazioarteko tesien kopurua mantendu da 195tik 196ra.
- Kotutoretzan egindako tesien kopurua 16tik 24ra pasa da.
- Tesiaren zuzendari/kidearen lan harremana kontuan hartuta, enpresekin lankidetzan egindako tesien kopurua 135tik 191ra pasa da.
- Industriako aipamena jaso duten tesiak 19 izan dira 2021. urtean.
2.3. BIZITZA OSOKO PRESTAKUNTZA
Herritarren bizitza osoko prestakuntza indartzea da irakaskuntza hauen helburua, betiere hainbat jakintza arlotan ezagutzak, gaitasunak eta trebetasun orokorrak, espezifikoak edo diziplina anitzekoak eguneratu eta zabaldu ditzaten. Plan estrategiko honetan, bizitza osoko prestakuntzan ez da sartzen UPV/EHUko barne langileen etengabeko prestakuntza.
Bizitza osoko prestakuntzan honako irakaskuntza mota hauek biltzen dira:
- Aldez aurretik unibertsitate titulua izatea eskatzen duten etengabeko prestakuntzako irakaskuntzak:
- Etengabeko prestakuntzako masterrak (60, 90 eta 120 ECTS kreditu).
- Espezializazioko diplomak (30-59 kreditu).
- Aditu diplomak (30 kreditu baino gutxiago).
- Aldez aurretik unibertsitate titulurik eskatzen ez duten etengabeko prestakuntzako irakaskuntzak:
- Etengabeko prestakuntza ikastaroak (unibertsitate hedakuntzakoak esaten zaie).
- Mikrokredentzialak.
Gaur egungo egoera
- Azken 5 ikasturteotan, aldez aurretik unibertsitate titulua izatea eskatzen duten etengabeko prestakuntzako irakaskuntzetan matrikulatutako pertsonen kopurua 2018/19 ikasturteko 800 ikasletik 1.000 ikasle ingurura igo da 2022/23 ikasturtean.
- Berezko masterrei dagokienez, azken 4 ikasturteetan, guztira 27 titulu izatetik 37 izatera igaro da. Matrikulatutako ikasleen kopurua 456 izatetik 556 izatera igo da.
- Espezializazioko eta aditu diplomei dagokienez, berezko irakaskuntzek 19 izatetik 25 izatera igaro dira azken 4 ikasturteetan; aldiz, irakaskuntza horien egitura modularra kontuan izanik, 44 titulu eskaintzetik 87 eskaintzera igaro da. Ikasle kopurua 400etik gorakoa izan da.
- Unibertsitate Hedakuntzako ikastaroei dagokienez, azken 4 urteetan, ikasleen kopuruari eutsi egin zaio, urtean 1.500 ikasleren bueltan.
- Esperientzia Geletako Giza Zientzietako unibertsitate tituluaren eskaintzaren okupazio tasa % 100 da, eta titulu hori eta geletako gainerako prestakuntzak aintzat hartuta, 1.000 ikasle inguru matrikulatzen dira urtero.
3. EGINKIZUNA, IKUSPEGIA
Testuinguru orokorra kontuan izanik, eta UPV/EHUren 2022-2025 aldirako Plan Estrategikoan zehaztutako Prestakuntza Ardatzaren Helburuei, Ikuspegiari eta Eginkizunari jarraikiz, Graduondoko Ikasketen eremuko Eginkizuna eta Ikuspegia finkatu dira.
Eginkizuna
UPV/EHUk eskaintzen duen graduondoko prestakuntza(k):
- ingurune sozioekonomikoarekin hartu-emanak estutzen ditu, ingurune profesionaletako prestakuntzaren bitartez,
- kalitatezko ikerketa bultzatzen du dagozkion jakintza eremuetan,
- bizitza osoko prestakuntza sustatzen du, gizartearen eskaerari erantzunez,
- gizarte erronkekin eta GJHekin konprometitua dago,
- nazioartean erakargarria da.
Ikuspegia:
UPV/EHU erreferentea da Graduondoko Ikasketen eremuan:
- gizartearen, kulturaren, ekonomiaren eta ingurumenaren arloko erronka berriekin konprometituta dauden pertsonak trebatzen,
- gizartearen eraldaketa ezagutzaren bitartez sustatzen,
- euskal gizartearen garapen ekonomikoari eta ongizateari laguntzen,
- titulazioen enplegagarritasuna sendotzen, ingurune aldakor eta gero eta zorrotzago batean,
- nazioartean ikusgarritasuna bultzatzen, kalitateagatik eta dinamismoagatik.
4. ESTRATEGIA JARDUN EREMUEN ARABERA
Graduondoko Ikasketen estrategia 3 jardun eremutan egituratzen da:
- Unibertsitateko masterrak
- Doktorego Programak
- Bizitza osoko prestakuntza.
Sarreran aipatu denez, Graduondoko eskaintza eguneratu beharra dago, hori ukaezina da, eta UPV/EHUren Plan Estrategikoan adierazten zainaren arabera, prestakuntza ardatzaren helburuetako bat ikasleentzako prestakuntza ibilbide osatuak dituen hezkuntza eskaintza taxutzea da. Testuinguru horretan, UPV/EHUren Graduondoko Plan Estrategikoan honako alderdi hauek zehaztu dira 3 eremuetako bakoitzerako:
- Eremuaren helburu orokorrak.
- Eremuaren ardatz estrategikoak.
- Jardun lerroak Ardatzaren arabera.
- Jardun lerro bakoitzeko ekintzak.
- Ekintza bakoitzaren adierazleak.
Jarraian zehaztuko ditugun ekintzak bat datoz UPV/EHUren Plan Estrategikoko graduondoko ekintzekin, eta adierazleen kasuan, zenbait adierazle plan horretan adierazitakoak dira eta, beste zenbait Unibertsitate Planean zehaztutakoekin datoz bat.
UPV/EHUren prestakuntza eskaintza unibertsitatea osatzen duten ikastegiek antolatzen dute. Ikastegiek sendotu dute graduko eskaintza eta, 2019/20 ikasturtetik, graduondoko irakaskuntzak beren eskaintza akademikoaren barruan sartu dituzte. Plan honetan, datozen urteetarako indartu beharreko ekintzak eta jardun lerroak proposatzen dira, graduondoko prestakuntza eskaintza eguneratzeko eta, hartara, ikastegi bakoitzak, graduondoko titulazioen zuzendaritza akademikoekin koordinatuta, garatu beharreko ekintzak identifikatu eta dagokion proiektu akademikoa zehaztuko du, Graduondoko Plan Estrategiko honetan proposatzen diren ekintza eta adierazleekin bat etorrita.
Horretarako, plan honetan, zeharkako jardun lerro hau zehaztu da hiru dimentsioetarako:
Unibertsitateko ikastegiekin konpromiso dokumentuak sinatzea UPV/EHUren Plan Estrategikoarekin bat datorren graduondoko politika finkatzeko eta eskura dauden baliabideak optimizatzeko.
Jardun lerro hori honako ekintza honen bitartez gauzatuko da:
Urte anitzeko konpromiso dokumentu bat sinatzea UPV/EHUko Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzaren eta ikastegi bakoitzaren artean, eta helburu, plan honetan adierazitako adierazle eta horiek lortzeko baliabideen konpromiso bat ezartzea, bakoitzak zehaztutako graduondoko eta/edo etengabeko prestakuntzako estrategian oinarrituta.
Ekintza horren lehen ebaluazio data 2023ko abendua izango da, eta Konpromiso Dokumentua sinatzea izango da adierazle. Hurrengo urteetan, urtero neurtuko da ikastegi bakoitzaren eta Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloan eskuduna den Errektoreordetzaren arteko Konpromiso Dokumentu bakoitzean finkatutako helburuen eta adierazleen betetze mailaren ehunekoa eta haren pean dauden oztopo eta lehentasunak zehaztuko dira.
4.1. UNIBERTSITATEKO MASTERRAK
Helburu orokorra
Unibertsitate masterren eskaintza honelakoa izatea:
- unibertsitateko ikastegi bakoitzaren graduondoko estrategia baten bitartez garatuko dena;
- UPV/EHUren jarraibide orokorrekin bat egingo duena:
- UPV/EHUren ikerketako ildo estrategikoekin koherentea;
- testuinguru sozioekonomikoaren eskaeretara egokituta;
- erakargarria bertan eta nazioartean;
- kalitate egiaztatua duena;
- jasangarria ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren aldetik.
Ardatz estrategikoak
- Prestakuntza
- Ingurune sozioekonomikoarekiko lotura
- Nazioartekotzea
1. ardatza. Prestakuntza
Jardun lerroak
- UPV/EHUren ikerketa ildo estrategikoekin koherenteak diren prestakuntza ibilbide osoak (doktoregoekin bat datozen Gradua-Masterra) finkatzea.
- IKD-i3 hezkuntza eredu propioari lehentasuna ematea unibertsitate masterrak ematean.
- Gizarte erronkei eta Garapen Jasangarrirako Helburuei erantzungo dien eskaintza sustatzea.
- Masterren artean sinergiak eta osagarritasunak sortzea.
Ekintzak
- Eskaerari egokitutako unibertsitate masterren eskaintza garatzea, eta, hala denean, dagokion eremuko doktorego programekin bat datozen ibilbideak dituen eskaintza izatea ikerketara bideratutako unibertsitate masterretan, eta doktoregaien bolumena areagotuko duena.
- UPV/EHUren katalogoaren zeharkako gaitasunak eskuratzeari eta gizarte erronkei lotutako diziplinarteko lana bultzatzea, bai eta irakaskuntzan ikerketa sustatu dadin ere.
- Balio erantsia emango duen Ikastegiko masterren eskaintza egitea, ikastegi bereko edo UPV/EHUko beste ikastegi batzuetako beste master batzuekin integratuta eta/edo horien osagarri eginez:
- Masterren artean konbinatzeko moduko irakasgaien eskaintzak.
- Master bikoitzak: gaitasunekoak, unibertsitatekoak, bai eta etengabeko prestakuntzakoak ere.
2. ardatza: Ingurune sozioekonomikoarekiko lotura
Jardun lerroak
- Ingurune ekonomiko, sozial eta kulturalari erantzungo dioten prestakuntza ibilbideak dituzten masterrak eskaintzea.
- Ingurune profesionaletako prestakuntza ereduak indartzea, prestakuntza mota horrek parte hartzen duten eragileei dakarzkien onurak nabarmenduta.
- Ekintzailetza, enplegagarritasuna, laneratzea eta lanbide bizitza osoko prestakuntza ahalbidetuko dituzten gaitasunak eskuratzen laguntzea.
- Euskaraz ematen diren masterren eskaintza indartzea, bereziki gaitasun masterretan.
Ekintzak
Ikastegiko unibertsitate masterren eskaintza honelakoa izatea:
- produkzio sarearen, erakundeen, gizarte erakundeen eta pertsonen beharrei erantzuten diena,
- Garapen Jasangarrirako 17+1 Helburuei (GJH) eta 2030 Agendari eta euskal kulturari eta euskarari lotuta,
- inguruko enpresen eta erakundeen inplikazioa sustatzen duena, haien beharrei erantzunez,
- ekintzailetza, enplegagarritasuna, laneratzea eta birkualifikazio profesionala ahalbidetuko dituzten gaitasunak eskuratzea ardatz izango dituzten mikrokredentzialak ematea sustatuko duena,
- Masterrak euskaraz ematea bultzatzen duena.
3. ardatza: Nazioartekotzea
Jardun lerroak
- Profil desberdinak dituzten nazioarteko ikasleak erakartzea (Latinoamerika, Europar Batasuna, Akitania-Euskadi, herrialde anglosaxoiak...):
- Nazioarteko goi mailako hezkuntza erakundeekin aliantza eta lankidetza gehiago ezartzea, baterako eskaintza finkatzeko.
- ENLIGHT eta Graduondoko Sare Latinoamerikarra nazioarteko proiektuen sinergiak baliatzea.
- Masterretan ingeleseko eskaintza indartzea.
- Ingeleseko presentzia areagotzea difusioan eta irakaskuntzan laguntzeko baliabideetan.
- IRIen eta TEKAZELen hizkuntza gaitasunetako prestakuntza eta egiaztapena bultzatzea.
Ekintzak
- Ikastegiko unibertsitate masterren eskaintzak honako alderdi hauek sustatzea:
- Erasmus Mundus masterrak.
- Masterreko titulazio bikoitzak nazioarteko unibertsitateekin.
- Nazioarteko unibertsitate arteko masterrak.
- ENLIGHT proiektuko eta Graduondoko Sare Latinoamerikarreko unibertsitateekin batera egitea master proposamenak.
- Ikastegiko masterrak ingelesez eman daitezen bultzatzea.
- Ikastegiko masterrak webgunearen eta sare sozialen bitartez ezagutaraztea, ingelesez.
- Ikastegiko IRIen eta TEKAZELen ingeleseko prestakuntza eta egiaztapena bultzatzea.
4.2. DOKTOREGO PROGRAMAK
Helburu orokorra
Hauek dira doktorego programen eskaintzaren helburuak:
- Prestakuntza bultzatzea lanbide inguruneetan.
- Koherentea izatea UPV/EHUren ikerketa ildoekin eta inguruneko lehentasunezko arloekin.
- Prestakuntza bidean dauden ikertzaileen nazioartekotzea bultzatzea, eta erakargarria izatea nazioarteko ikasleentzat.
Ardatz estrategikoak
- Prestakuntza
- Ingurune sozioekonomikoarekiko lotura
- Nazioartekotzea
1. ardatza. Prestakuntza
Jardun lerroa: Prestakuntza katalogo eguneratua, koherentea, erakargarria eta jasangarria izatea, eta prestakuntza ibilbide osoak finkatzea.
Ekintzak
- 2030eko Doktorego Programen Mapa egitea:
- Programa bakoitzaren bilakaera aztertzea azken 4 ikasturteetan. Besteak beste: programa bakoitzeko irakasle eta ikertzaileen bolumena, seiurtekoekin eta seiurtekorik gabe: programa bakoitzeko defendatutako tesien bolumena (nazioartekoak, kotutoretzan eginak, industrialak, euskaraz); ikasketak utzi dituzten doktoregaien tasa; emakumeen %-a.
- Doktorego programen mapa alderatzea unibertsitateko graduko eta masterreko titulazioekin, bai eta tokiko, Estatuko eta nazioarteko gizarte erronkekin ere.
- Ikasketak uzten dituztenen tasaren kausak aztertzea, orokorrak eta programen arabera, eta tasa hori murrizteko neurriak proposatzea.
- 2030eko Doktorego Programen Maparen ildo estrategikoak bultzatzea, UPV/EHUren ikerketa ildoei, RIS3 Euskadi 2030 arloei, GJHei eta Hezkuntza eta Osasun arloei lotuta.
Jardun lerroa: Doktoregoko ikasketak kudeatzeko baldintzak malgutzea eta egokitzea.
Ekintzak
- UPV/EHUren doktoregoko ikasketak kudeatzeko araudia egokitzea, doktoregoko ikasketa ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretua aldatzen duen Errege Dekretuan ezarrita dagoenera.
- UPV/EHUren doktoregoko ikasketak kudeatzeko araudiaren zenbait alderdi malgutzea.
- Doktorego programetan ikertzaile berriak sar daitezen sustatzea.
- Unibertsitatetik kanpoko adituen parte-hartzea sustatzea.
- Tesi modalitate guztiak onartzeko irizpideei buruzko azterketa sakona egitea, eta indarrean dagoen araudia aldatzea, beharrezkotzat jotzen bada.
- Doktorego tesiak, jakintza eremuaren arabera:
- Tesien berezitasunei buruzko azterlana egitea, jakintza eremuen arabera.
- Doktorego tesiak egiteko baldintzak eta irizpideak proposatzea, jakintza eremuen arabera.
- Doktorego programak kudeatzeko eta digitalizatzeko prozesuak aztertzea, eta Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzaren eta Doktorego Eskolaren arteko koordinazioa finkatzea.
2. ardatza. Ingurune sozioekonomikoarekiko lotura
Jardun lerroa: Lanbide inguruneetako prestakuntza sustatzea.
Ekintzak
- Tesi industrialak sustatzea esparru juridiko berrian.
- UPV/EHUren araudia malgutzea, erakundeak, enpresak edo administrazio publikoak izendatutako arduradunari erraztasunak emateko tesi industrialak elkarrekin zuzentzezko orduan.
- Inguruneko instituzio, gizarte eragile, erakunde eta enpresekin lankidetzan egindako doktorego tesiak sustatzea, eta horren abantailak ikusaraztea.
- Doktorego tesiak euskaraz egin daitezen sustatzea.
3. ardatza. Nazioartekotzea
Jardun lerroa: Gure unibertsitateak eginiko bikaintasun ikerketaren ikusgarritasuna handitzea nazioartean.
Ekintzak
- Profil desberdinak dituen eta prestatzen ari den nazioarteko talentu ikertzailea erakartzea (Latinoamerika, Europar Batasuna, Akitania-Euskadi, herrialde anglosaxoiak...).
- Nazioarteko aipamena eta kotutoretza erregimena duten doktorego tesiak egiten laguntzeko politikak sustatzea:
- Nazioarteko goi mailako hezkuntza erakundeekin aliantzak eta lankidetzak finkatzea, nazioarteko tesiak eta kotutoretzako tesiak egitea sustatzeko.
- UPV/EHUko doktoregaiek nazioarteko unibertsitateetan egonaldiak egiteko beka programak garatzea.
4.3. BIZITZA OSOKO PRESTAKUNTZA
Helburu orokorrak
- Bizitza osoko prestakuntza eskaintza indartzea eta zabaltzea, gizartearen eskaerari erantzuteko.
- UPV/EHUren online prestakuntza eredua diseinatzea eta ezartzea.
- Bizitza osoko prestakuntzaren kalitate prozesuak hobetzea eta optimizatzea.
- Euskarazko eskaintza indartzea.
- Enpresa, erakunde publiko eta gizarte erakundeekin harremanak sendotzea.
- Kudeaketa prozedurak arintzea eta sinplifikatzea.
- Etengabeko prestakuntzaren garrantzia onartzea eta haren hedapena areagotzea, bai unibertsitatean, bai gizartean.
Ardatz estrategikoak
- Prestakuntza.
- Ingurune sozioekonomikoarekiko lotura.
- Kudeaketa eta komunikazio eredua.
1. ardatza. Prestakuntza
Jardun lerroa: Lanbide bizitza osoko prestakuntza eskaintza sustatzea.
Ekintzak
- Etengabeko Prestakuntzako Kalitatea Bermatzeko eta Kudeatzeko Barne Sistema berriro definitzea.
- Ikastegi bakoitzak berezko tituluen jarraipena egiteko sistema bat ezartzea pixkanaka.
- Ikasketa ofizialen prestakuntza eskaintzaren eta etengabeko prestakuntzaren arteko lankidetza sustatzea:
- Ikasketa ofizialetako eta etengabeko prestakuntzako irakasgaien eskaintza konbinagarriak.
- Master bikoitzak: gaitasun/unibertsitate masterrak eta etengabeko prestakuntzakoak.
- Online ikasketen eredu propioa definitzea bizitza osoko prestakuntzaren esparruan:
- Ikasgelaz kanpoko irakaskuntza modalitateak definitzea.
- Ikasgelaz kanpoko irakaskuntzan inplikatutako irakaskuntza rolak definitzea.
- Metodologia eta gaitasun tekno-pedagogikoak definitzea.
- Ingurune digitalaren eta ikasgelako ingurunearen arteko integrazioa ezartzea.
- Ikasgelaz kanpoko irakaskuntzan oinarritutako irakaskuntza metodoak garatzeko behar diren baliabideak identifikatzea.
- Ikasgelako prestakuntzaren eskaintza zabaltzea eta online prestakuntzaren eta prestakuntza hibridoaren eskaintza bultzatzea bizitza osoko prestakuntzaren esparruan.
2. ardatza. Ingurune sozioekonomikoarekiko lotura
Jardun lerroa: Inguruneko premiei erantzungo dien bizitza osoko prestakuntzako eskaintza konfiguratzea.
Ekintzak
- Bizitza osoko prestakuntza eskaintza egitea:
- produkzio sarearen, erakunde publikoen eta gizarte erakundeen eskaerei erantzunez,
- Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) eta 2030 Agendari lotuta,
- euskal kulturari eta euskarari lotuta.
- Inguruneko instituzio, gizarte eragile, erakunde eta enpresen lankidetza bultzatzea honako arlo hauetan:
- kanpoko profesionalen parte-hartzea bizitza osoko prestakuntza jardueretan,
- in-company/neurrira egindako prestakuntzaren garapenean,
- prestakuntza proiektu bateratuen diseinuan.
- STEM edo STEAM eremuetara bideratutako gaitasun zientifiko-teknologikoak eta jarrerak eskuratzen laguntzea.
- Unibertsitate-enpresa-gizarte gelak bultzatzea, lanbide bizitza osoko prestakuntza, ikasketa amaierako lanak eta tesiak sustatzeko tresna gisa.
- Enplegagarritasuna eta lanbide birkualifikazioa erraztuko dituzten mikrokredentzialak garatzea.
- Aukera berdintasuna bermatzera bideratutako ekintzak prestatzea.
- Zahartze osasungarria sustatzea Esperientzia Gelen bidez.
3. ardatza. Kudeaketa eta komunikazio eredua.
Jardun lerroa: Kudeaketa eredu berri bat sortzea, bizitza osoko prestakuntza eskaintza integratu eta ikusgarriago egingo duena.
Ekintzak
- Bizitza osoko prestakuntza kudeatzeko eredu berri bat martxan jartzea.
- Bizitza osoko prestakuntzaren aitortza sustatzea UPV/EHUren barruan eta gizartean. Haren balioa transmititzea, prestakuntza dinamiko, malgu eta kalitatezko gisa. Prestakuntza eskaintzaren komunikazio kanalak eta zabalkundea indartzea:
- Bizitza osoko prestakuntzaren komunikazio estrategia bat definitzea, zabalkunde beharretara egokitua, ikasturte osoan zehar.
5. PLANA EGITEKO METODOLOGIA
UPV/EHUko gobernu taldearen helburuen artean dago Graduondoko Ikasketen II. Plan Estrategikoa 2023-2026 egitea. Horretarako, 2021ean, abian jarri zuen plana egiteko prozesua, 4 lan fase zehaztuta, Graduondoko Ikasketen I. Planaren (2014-2017) inplementazio egoerari buruzko informaziotik abiatuta, aintzat harturik aurreko gobernu taldeak berezko tituluetarako landu zuen oinarri proposamena.
1. fasea (2021 ekaina-iraila)
Lehen fase honetan, gogoeta egin zen UPV/EHUko master ofizialen eta doktorego programen egoerari buruz, iritziak kontrastatzeko, eztabaidatzeko eta Graduondoko Ikasketetan zeresana duten irakasle-ikertzaileen ideiak jasotzeko. Zehazki, parte hartzera gonbidatu ziren:
- Ikastegietako zuzendaritzak.
- Master eta doktorego programen zuzendaritzak.
- Graduondokoen Batzordeko kideak.
- Azken hauteskundeetako Graduondoko Batzorderako hautagaiak.
Prozesua garatzeko, aurrez aurreko jardunaldiak antolatu ziren, hiru arloren inguruan:
- 1) Nazioartekotzea;
- 2) Lurraldearekiko lotura;
- 3) Administrazio prozesuak.
Arlo bakoitzean, lan saioak antolatu ziren egun, ordutegi eta leku desberdinetan, bertaratzea erraztu eta ahalik eta pertsona kopuru handienak parte hartzeko. bi orduko bi lan saio egin ziren arlo bakoitzeko. Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak eta Graduondokoen zuzendariak zuzendu zituzten saioak. Gaiaren arabera, beste zuzendaritza batzuetako zuzendariek ere parte hartu zuten: Etengabeko Prestakuntzaren arloko zuzendariak, Mugikortasun Programen zuzendariak eta Praktiken, Prestakuntza Dualaren eta Enplegagarritasunaren arloko zuzendariak. Saioetan, 49 lagunek parte hartu zuten guztira, 15 ikastegitakoak, eta talde txikietan lan egin zuten (19 talde), eztabaida eta iritzi trukea errazteko.
Saioetatik atera zen dokumentua oinarri gisa erabili zen Graduondoko Ikasketen II. Plan Estrategikoa egiteko.
2. fasea (2021 maiatza - 2023 urtarrila).
Bigarren fasean, bi motatako analisi partekatuak egin ziren, ikastegietako zuzendaritzekin eta Graduondoko Batzordearekin. Alde batetik, Graduondokoen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzak tituluen azken lau ikasturteen luzetarako analisi bat egin zuen, haien bilakaeraren ikuspegi global bat lortzeko: ikastegien araberako titulu bolumena, tituluen tipologia, matrikulatutako ikasle kopurua, okupazio tasa, ikasleen jatorria, tituluetan erabilitako hizkuntzak, defendatutako doktorego tesien tipologia…
Bestetik, 2022/23 ikasturteari begira, ikasleak unibertsitate masterretara erakartzeko eta matrikulatzeko prozesuaren zeharkako analisi bat egin zen, eta masterretako zuzendariei, ikastegiei eta Graduondoko Batzordeari aurkeztu zitzaien.
3. fasea (2021 iraila – 2023 martxoa):
Hirugarren fasean, bi ildotan egin zen lan modu paralelo batean:
- Doktorego ereduaren definizioa. Gogoeta prozesua Graduondoko Batzordearen saio monografikoetan, gonbidatutako adituekin (2021 iraila - 2022 urria).
- Bizitza osoko prestakuntzarako eredu zirriborro baten definizioa (2021 iraila - 2022 azaroa). Ereduaren zirriborroa aurkeztu zitzaion Graduondoko Batzordeari eta oinarri gisa erabili zen ikasketa horien arautegia aldatzeko.
- Bizitza osoko prestakuntza kudeatzeko ereduaren proiektu pilotu baten definizioa, UPV/EHUren berezko baliabide baten bidez.
- Bizitza osoko prestakuntzaren Kalitate Barne Sistema bat eratzea, ikastegiak inplikatuko dituena.
- Ikasgelaz kanpoko prestakuntza tipologien eredu baten definizioa (2022 urtarrila - 2023 urtarrila).
- Tituluen maparen diagnostiko partekatua ikastegien zuzendaritzekin, UPV/EHUren Plan Estrategikoaren (2022ko ekaina) helburu eta adierazleetan oinarrituta, eta Graduondokoen Estrategia Operatibo baten definizioa, ikastegi bakoitzeko (2022 azaroa - 2023 martxoa).
4. fasea (2023 otsaila - uztaila).
Azkenik, laugarren fasean, aurreko faseetako emaitzetan oinarrituta, Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzak Graduondoko Ikasketen II. Plan Estrategikoa (2023-2026) idatzi zuen, lerro estrategikoak, ekintzak eta haien adierazleak ezarriz. Dokumentu hori aurkeztu eta berrikusi egin zen, lehenik, Graduondoko Batzordean, eta, ondoren, UPV/EHUren Gobernu Kontseiluan.
6. JARRAIPEN BATZORDEA
Graduondoko Ikasketen II. Plan Estrategikoaren (2023-2026) jarraipena eta ebaluazioa egiteko, Jarraipen Batzorde bat sortuko da, honako hauek osatua:
- Graduondokoaren arloko Zuzendaritza.
- Etengabeko Prestakuntzaren arloko Zuzendaritza.
- Graduondoko Batzordeko irakasle bat.
- Graduondoko Zerbitzuko TEKAZEL pertsona bat.
- Graduondoko Batzordeko ikasle bat.
- Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordetzako ordezkari bat
- Gobernu Kontseiluko ordezkari bat
Jarraipen Batzordea planaren jarraipena egiteko organo gisa arituko da, eta urtean behin bilduko da, planaren indarraldian, aurreikusitako ekintzak zertan diren aztertzeko eta planaren garapena ziurtatzeko.
ERANSKINA: ERREFERENTZIA BIBLIOGRAFIKOAK
UPV/EHU (2010).
UPV/EHUko Estatutuak / Estatutos de la UPV/EHU (PDF).
UPV/EHU (2022).
Euskal Herriko Unibertsitaterako Plan Estrategikoa 2022-2025 (PDF).
UPV/EHU (2014).
Graduondoko Ikasketen Plan Estrategikoa 2014-2017 (PDF).
UPV/EHU (2020).
UPV/EHUko ikasle eta tituludunentzako I. Enplegagarritasun Plana (2020 - 2023) (PDF).
UPV/EHU (2019).
ERABAKIA, 2019ko abenduaren 12koa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluarena, doktoregoko ikasketak kudeatzeko araudia onartzen duena.
Unibertsitateen Ministerioa. Espainiako Gobernua (2023).
Datos y cifras del Sistema Universitario Español. 2022-2023 argitalpena (PDF).
2/2023 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Unibertsitate Sistemari buruzkoa.
99/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, doktoregoko ikasketa ofizialak arautzen dituena.
Prospektiba eta Estrategia Bulego Nazionala. Espainiako Gobernua (2021).
Espainia 2050. Fundamentos y propuestas para una Estrategia Nacional de Largo Plazo (PDF)
Hezkuntza Saila. Eusko Jaurlaritza (2022).
II. Unibertsitatea + Enpresa Euskal Estrategia. 2022-2026 (PDF).
Gizarte Eraldaketa eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusia. Eusko Jaurlaritza (2022).
Erronka demografikorako 2030 Euskal Estrategia.
Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioa. Espainiako Gobernua (2022).
Panorama de la educación. Indicadores de la OCDE. 2022. Informe español.
Graduondoko Ikasketen eta Etengabeko Prestakuntzaren Unibertsitate Sarea (2021).
Espainiako unibertsitateen berezko tituluen egoerari buruzko inkestaren emaitzen txostena.
Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Batzarra (2021).
Universidad 2030. Propuesta para el debate (PDF).