I. Kapitulua. Izena ematea, hautaketa eta matrikula
Unibertsitateko masterren gestiorako arautegia
I. atala. Sarbidea, izena ematea eta hautaketa
I. kapitulu honetan arautzen dira UPV/EHUko masterretarako sarbide, onarpen eta matrikulazio prozesuak. Gehiago garatu behar diren gaietarako, Graduondoko Batzordeak arautegi osagarriak egingo ditu. Guztia unibertsitateko webgunean argitaratuko da behar besteko aurrerapenaz.
1. artikulua.- Sarbiderako baldintzak.
Unibertsitateko master ofizialetan sartu ahal izateko, baldintza hauetakoren bat bete beharko da:
a) Espainiako unibertsitate titulu ofizialen bat izatea, edo gradukoa edo masterrekoa.
b) Aurreko sistemako Espainiako unibertsitate titulu ofizialen bat izatea, hau da, gaur egun indarrean dagoen Europako Unibertsitate Eremuko printzipioen araberako antolaketaren aurrekoa: lizentziatu, arkitekto, diplomatu, arkitekto tekniko edo ingeniari tekniko titulua.
c) Goi mailako hezkuntzako atzerriko tituluren bat izatea, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak Espainiako unibertsitate titulu ofizial batekin homologatua edo unibertsitateko gradu mailarekin edo master mailarekin baliokidetua.
d) EUEko herrialde bateko unibertsitate bateko edo goi mailako hezkuntza erakunde bateko gradu edo master titulu bat izatea, herrialde horretan bidea ematen duena master ikasketak egiteko.
e) EUEkoa ez den atzerriko hezkuntza sistema batean lortutako goi mailako titulu bat izatea, graduaren baliokidea, nahiz eta homologatuta edo baliokidetuta ez eduki, baldin eta unibertsitateak frogatzen badu titulu horrek egiaztatzen duela Espainiako kideko gradu ofizialean ematen den prestakuntzaren parekoa, eta baldin eta titulua ematen duen herrialdean agiri horrek bidea ematen badu graduondoko ikasketak egiteko. Bide horretatik sartzeak ez dakar titulua homologatzea: interesdunari unibertsitateko masterra egiteko baino ez zaio onartuko, hau da, ez du bestelako ondoriorik izango.
Ikasle horien onarpena Graduondoko Batzordearen esku geratuko da. Eskaria aurkeztu ahal izango da unibertsitate masterrean izena emateko epea baino lehenago, Graduondoko Batzordeak ezarriko duen eta UPV/EHUren webgunean argitara emango den prozedurari jarraiki. Izena emateko unean ikasleak ez badu eskatu edo lortu oraindik aipatutako baimena, modu baldintzatuan segitu ahal izango du onarpen prozesuan; baina ez badu lortzen baimena matrikula egiteko egongo den epearen barruan (Graduondoko Batzordeak ikasturte bakoitzerako onartuko duen egutegiaren arabera), onarpen eskaria bertan behera geratuko da.
f) Salbuespenez, GRALa eta gehienez ere 9 ECTS gainditzea falta zaien graduko ikasleek ere egin ahal izango dute sarrera eta onarpen eskaria Graduondoko Batzordeak aukera hori baimendu duen UPV/EHUko masterretan. Irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuko 18. artikuluari jarraikiz, unibertsitateko gradu titulu ofiziala daukatenek lehentasuna izango dute matrikulatzeko, beste ikasle horien aurretik. Atal honetan aipatutako bidetik sartzen diren ikasleek ezin izango dute inola ere unibertsitateko master titulua eskuratu aurretik eskuratu ez badute horretarako bidea ematen dien gradu titulua.
2. artikulua.- Onarpenerako baldintzak eta plazen eskaintza
1.- Aurreko atalean aipatu diren sarbiderako baldintzak betetzeaz gain, UPV/EHUko unibertsitate master batean onartua izateko eta bertan matrikulatzeko, master horretarako baldintza espezifikoak bete beharko dira, zeinak programaren ikasketa planeko memorian jasota egongo diren eta master bakoitzaren web orrian argitaratuko diren.
Eskatzaileak daukan aurretiko prestakuntzaren arabera, eskatu ahal izango zaio arlo batzuetan «prestakuntza osagarri» deritzenak egitea. Osagarri horiek ezin izango dute tituluaren kreditu kopuru osoaren ehuneko hogei baino gehiago hartu. Osagarri horiek ezin izango dute tituluaren kreditu kopuru osoaren ehuneko hogei baino gehiago hartu. Prestakuntza osagarrietan egindako kredituak masterreko gainerako kredituen parekoak izango dira.
2.- Unibertsitateko masterretan eskainiko diren plazen kopurua urtero onartuko du Gobernu Kontseiluak.
Azken bi ikasturteetan hamar ikasle baino gutxiago izan dituzten masterrak UPV/EHUren eskaintzatik kanpo geratu ahal izango dira. Unibertsitate arteko masterretan, sare osoko ikasleak hartuko dira kontuan.
3.- Masterretan ezin izango da eskainitako plazarik hutsik geratu baldin eta baldintzak betetzen dituen eskaririk badago. Plaza horiek betetzeko, beharrezkoa izango da, batetik, eskariak epearen barruan aurkeztuak izatea, eta, bestetik, ikasleen onarpena eta matrikula masterreko lehen eskola astearen barruan egin ahal izatea.
4.- Plazen % 5 gutxienez gordeko dira % 33ko desgaitasun maila edo handiagoa duten ikasleentzat eta desgaitasun egoera pertsonalengatik hezkuntzarako laguntza premia iraunkorrak dauzkaten eta beren aurreko ikasketetan hezkuntza inklusio osoa izateko baliabide eta laguntzak behar izan dituzten ikasleentzat. Ikasleok egoera hori egiaztatzen duen agiria aurkeztu behar dute, administrazio edo erakunde eskudunak emana. Plaza horiek betetzen ez badira, tituluko eskaintza orokorrera pasatuko dira.
3. artikulua.- Izena emateko prozesua eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.- Sarrera eskariak online egingo dira, horretarako aplikazioaren bidez.
2.- Graduondoko Batzordeak honako hauek zehaztuko ditu ikasturte bakoitzerako: izena emateko egutegia, prozedura eta eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa. Informazio hori UPV/EHUren webgunean argitaratuko da ikasturtero, bai eta ikastegiek horretarako jarritako idazkaritzetan ere, behar besteko denboraz. Izena emateko fasean aurkeztutako dokumentazioa onarpen prozesuan baloratuko da.
Estatuko zein atzerriko goi mailako hezkuntzako beste erakunde batzuekin batera eskainitako tituluak direnean, egutegi espezifikoa eta onarpen prozedura egokitu beharko dira kasuan kasuko titulu eta hitzarmenean adierazitakora.
3.- Graduondoko Batzordeak onartuko diren egutegian eta prozeduran zehaztutako du zenbat epe egongo diren ikasturte bakoitzean izena emateko. Izena emateko epe bakoitzean master bakar bat eskatu ahal izango da.
4.- Izena emateko epe bat baino gehiago egonez gero, epe berrietan bakarrik eskainiko dira onartuak izan zitezkeen pertsonen zerrenda agortuta eta oraindik plazak bete gabe dituzten masterrak. Era berean, eskaini ahal izango dira itxarote zerrendan pertsonak izan arren plaza guztiak beteko ez dituztela uste duten masterrak, betiere behar bezala justifikatzen badute hori graduondoko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordetzan.
5.- Izena emateko epe berria irekitzen denean itxarote zerrendan pertsonak dituzten masterren kasuan, pertsona horiek onartuak izango dira izena emateko hurrengo epeetan izena ematen dutenak baino lehenago, onarpen nota dena delakoa izanda.
6.- Izena emateko epe berririk irekiz gero, aurreko epeetan izena eman ez duten pertsonek emateko aukera izango dute. Bestalde, izena emateko epe berri bat irekitzen denean, master baten itxarote zerrendan dauden pertsonek beste master bat aukeratu ahal izango dute, bai eta onartuak izan arren plaza epearen barruan erreserbatu ez zuten pertsonek ere. Halakoetan, izena emateko aurreko epean hautatutako aukera bertan behera geratuko da. Onarpenerako baldintzak ez betetzeagatik baztertuak izan ziren pertsonek ere izango dute aukera hori.
7.- Behin izena emateko epea amaituta, ez da onartuko, inolaz ere, eskarian aldaketarik egitea edo beste titulaziorik gehitzea, izena emateko beste epe bat ireki arte.
4. artikulua.- Hautatutako ikasleak eta baztertutako ikasleak.
Izena emateko epea amaituta, master bakoitzeko batzorde akademikoak aztertuko ditu master horretan jasotako eskariak, jakiteko sarbiderako baldintzak eta masterraren onarpen baldintza espezifikoak betetzen dituzten. Master bakoitza atxikita dagoen ikastegiak egiaztatuko du zeintzuk eskarik betetzen dituzten aipatutako baldintzak eta emaitzak argitaratuko ditu interesatuak jakinaren gainean jartzeko, Graduondoko Batzordeak ikasturte bakoitzean zehaztuko duen datan eta moduan.
Masterrean sartzeko baldintzak nahiz onarpen baldintza espezifikoak betetzen dituzten eskariak eta masterra hasi aurreko ikasturtean haiek betetzeko moduan dauden eskariak pasatuko dira onarpen prozesura. Eskariok ebaluatuko dira master bakoitzean merezimenduak baloratzeko ezarritako irizpideen arabera, eta izena emateko epearen barruan eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioaren argitan. Balorazio horren arabera egingo da onarpen prozesua master bakoitzean.
Masterrean sartzeko baldintzak edo onarpen baldintza espezifikoak bete ez, eta masterra hasi aurreko ikasturtean betetzeko moduan ez dauden eskariak baztertuak izango dira. Baztertutako eskatzaileek erreklamazioa jarri ahal izango diote masterra atxikita dagoen ikastegiari hiru laneguneko epearen barruan. Ikastegiaren erabakiaren kontra ikasleak gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio UPV/EHUko errektoreari, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epearen barruan.
5. artikulua.- Onarpen prozesua.
1.- Hautatutako eskariak ordenatuko dira kontuan hartuta masterretako batzorde akademikoek aurrez ezarritako irizpideen arabera egindako balorazioak, betiere kontuan izanda izena aurreko epe batean eman eta itxarote zerrendan geratu ziren pertsonen lehentasuna (3.5 artikulua). Ez da onartuko izena epe berrian eman duen pertsonarik, aurreko epean hautatuak izan ziren pertsonen zerrenda amaitu arte.
2.- Arautegi honetan ezarritako prozeduraren arabera unibertsitateko master batean onartuak diren pertsonek plaza erreserbatu beharko dute horretarako zehazten diren epe eta baldintzetan.<0} Plaza erreserbatzea nahitaezkoa izango da prozeduran aurrera egin ahal izateko.
Plaza erreserbatzeko matrikularen aurrerapen gisa ezarritako zenbatekoa ordaindu beharko dute. Plaza erreserbatzeko ordaindutako zenbatekoa deskontatutako zaie gero matrikulatik, baina, aurrerapen hori ordaindu ezean, galdu egingo dute erreserbatutako plaza. Interesdunak plaza erreserbatu arren azkenean matrikula egiten ez badu, ez zaio diru hori itzuliko, salbu eta matrikula ezin badu egin sarbiderako edo onarpenerako baldintzak ez dituelako betetzen. Graduondoko Batzordeak ezarriko du ordainketa egiteko prozedura, eta zenbatekoa Hezkuntza Sailaren prezio publikoei buruzko aginduan zehaztuko da.
Prezioei buruzko indarreko aginduaren arabera matrikula ordaintzetik salbuetsita dauden pertsonak portzentaje berean egongo dira salbuetsita plazaren erreserba ordaintzetik.
3.- Plaza erreserbatzea nahitaezkoa izango da matrikula egin ahal izateko. Plaza erreserbatu duten eta 1. artikuluan –a) letratik e) letrara– aipatzen diren tituluren bat duten pertsonek matrikula egingo dute UPV/EHUren webgunean ikasturte bakoitzean argitaratuko diren epeetan eta moduan. GRALa eta gehienez ere 9 ECTS gainditzea falta zaien graduko ikasleek ere prozedura berari jarraituko diote, Graduondoko Batzordeak aukera hori baimendu duen UPV/EHUko masterretan. Matrikula ez bada egiten ezarritako epeen barruan, plazaren erreserba baliogabetu egingo da. Masterrak atxikita dauzkaten ikastegiek, matrikula egiteko unean, zainduko dute bete egiten dela 822/2021 EDn ezarritakoa; hau da, graduko titulua daukaten ikasleak gradua amaitu ez duten ikasleen aurretik daudela.
4.- Izena emateko epeei dagozkien onarpen prozesuak amaituta, masterrean plazarik geratuko balitz, interesdunek eskaria aurkeztu ahal izango dute zuzenean masterraren ardura duen ikastegiko idazkaritzan. Eskariok baloratu beharko dira aipatutako ataletan adierazitako irizpide berberekin.
II. atala. Matrikula eta prezio publikoak
Unibertsitateko masterretan onartutako ikasleek matrikula egin beharko dute Graduondoko Batzordeak ikasturte bakoitzerako onartutako egutegiari jarraituz, eta ikasturte horretan egin nahi dituzten irakasgai guztietan. Master bakoitzaren memorian egongo da zehaztuta ikasle bakoitza gutxienez zenbat kreditutan matrikulatu behar den.
6. artikulua. Matrikula egiteko prozedura.
Matrikula egingo da graduondoko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordetzak ezarritako prozedurari jarraikiz. Aurkeztu beharreko agirien zerrenda UPV/EHUren webgunean argitaratuko da, eta ikastegi arduradunek zehaztutako idazkaritzetan.
Graduondoko Batzordeak ikasturte bakoitzean bi zerrenda onartuko ditu: bata izango da baldintzapeko matrikula onartzen duten edo onar dezaketen masterren zerrenda (822/2021 Errege Dekretua, irailaren 28koa, 18. art.); beste zerrenda izango da baldintzapeko matrikularik onartzen ez duten masterrena.
28 urtetik beherako ikasle guztiei eskola asegurua kobratuko zaie zuzenean. 28 urtetik gorako ikasleek, berriz, aseguru bat egin beharko dute nahitaez. Unibertsitateak borondatezko aseguru bat dauka kontratatuta, horren beharra izan dezaketen ikasleentzat. Aseguru hori kontratatu nahi duten ikasleek zuzenean jo beharko dute kasuan kasuko aseguru etxera.
7. artikulua.- Matrikula egiteko egunak
Bi epe egongo dira matrikula egiteko.
Matrikula egiteko lehenengo epea eskolak hasi aurretik irekiko da.Masterretan izena emateko eta matrikula egiteko egutegia Graduondoko Batzordeak onartuko du ikasturte bakoitzerako, graduondoko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordetzaren proposamenez.
Lehenengo lauhilekoko azken eskola asteetan, masterra atxikita dagoen ikastegiak matrikula egiteko bigarren epe bat irekiko du, urtarrilaren 31ra arte, masterrean matrikulatuta ez dauden pertsonentzat. Bigarren epe horretan irakasten hasita ez dauden irakasgaien matrikula baino ezingo da egin. Eskaria, arrazoitua izan beharko dena, bidaliko zaio masterra atxikita dagoen ikastegiko dekano edo zuzendariari, eta masterreko batzorde akademikoak baimena eman beharko du.
Aipatutako epeak ez dira aplikatuko MALaren matrikularako, zeina egingo den ikastegiak ezarritako duen matrikula epearen barruan edo kasuan kasuko ikasturtean zehar, master amaierako lana egin eta defendatzeari buruzko arautegian ezarritakoaren arabera. Ikasturte batean MALa baino egin behar ez dutenek eskolak hasi baino lehenago egingo dute matrikula, edota aurreko paragrafoan aipatzen den matrikula egiteko bigarren epean.
Ikasleek matrikula aldatzea eskatu ahal izango dute. Horretarako, idatzi bat bidali beharko diote masterra atxikita dagoen ikastegiko dekano edo zuzendariari, eta masterreko batzorde akademikoak baimena eman beharko du. Aldaketak ikasturte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehen egin beharko dira eta aldatu nahi diren irakasgaietako eskolak ezin izango dira hasita egon. Matrikula aldatzen denean ez dira itzuliko ordaindutako tasak eta prezio publikoak, 11. artikuluan aipatutako kasuetan izan ezik.
8. artikulua.- Matrikularen zenbatekoa eta ordaintzeko era
1.- Ikasleek unibertsitateari ordaindu beharrekoa unibertsitateen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak zehaztuko du ikasturte bakoitzerako. Matrikula ez da gauzatuko harik eta ordainketa egin arte, hurrengo puntuetan prezio murriztuei, salbuespenei edo epeka ordaintzeari buruz esaten dena galarazi barik.
2.- Prezio publiko murriztuak ordaintzeko edo prezioak ordaintzetik salbuetsita egoteko, matrikula epearen barruan bete beharko dira horretarako baldintzak.
3.- Ikasleak epeka ordaintzea erabakiz gero, Eusko Jaurlaritzak prezio publikoei buruzko aginduan zehaztutako epeak bete beharko ditu.
4.- Bigarren matrikulaldian eta beka ukatzen denean, matrikula ezin izango da zatika ordaindu.
5.-Beka eskatuta izateagatik matrikula ordaindu ez dutenek men egin beharko diote Euskal Herriko Unibertsitateko goi mailako hezkuntza zerbitzu publikoengatik ordaindu beharreko prezio publikoak zehazten dituen Eusko Jaurlaritzaren aginduari.
6.- Eskola asegurua, ikasle txartela eta gainerako administrazio tasak epe bakarrean ordainduko dira (matrikula egitean).
7.-Kredituak aitortzeko, kontuan hartuko da arautegi honetako II. kapitulua. Dena dela, kreditu horiei dagozkien prezioak ordaindu egin beharko dira, unibertsitateen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak ikasturte bakoitzerako ezarrikoari jarraituz.
8.- Matrikula ordaindu ez duten ikasleak unibertsitatearen zordun izango dira. Halaxe jasoko da erabaki batean, eta horren berri emango zaie interesdunei jakinarazpen baten bidez. UPV/EHUrekin zorrak dituztenek ezingo dituzte erabili unibertsitatearen zerbitzuak, bereziki honako hauek: ezingo dute egin beste ikasketarik, ez zaie emango titulurik edo ziurtagiririk, ezta espediente akademikoari buruzko informazio oharrik ere, eta ezingo dute egin beste matrikularik. UPV/EHUri zor dioten dirua ordaindu bezain laster berreskuratuko dituzte eskubideok.
9.- Ikasle bekadun moduan matrikulatzeko, matrikula egitean bete beharko ditu ikasleak beka deialdian eskatzen diren baldintza akademikoak, eta aurretik beka eskaria egina eduki beharko du. Matrikulatzean beka eskariaren kopia aurkeztu beharko du, matrikulatzeko behar diren gainontzeko agiriekin batera. Bestela, ordaindu egin beharko ditu matrikulako irakasgaien prezioak, nahiz eta horrek ez dion eragotziko beka eskatzea.
Hala ere, ikasle batek eskakizun akademikoak betetzeagatik bekadun moduan egin badu matrikula eta ondoren beka ukatu bazaio eta ukoa jakin ondoren matrikula baliogabetzea eskatzen badu, ikasle hori ez da zorduntzat hartuko.
9. artikulua.- Matrikula motak eta prezio publikoak ordaintzetik salbuetsita egotea
Matrikulagatik ordaindu beharreko zenbatekoa ikasle bakoitzaren baldintzen araberakoa izango da, unibertsitateen eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak prezio publikoak ezartzeko ikasturte bakoitzean ematen duen aginduari jarraituz.
Graduko azken urtean ohorezko matrikularen bat atera duten UPV/EHUko ikasleek, hurrengo urtean UPV/EHUko master ofizial batean matrikulatzen badira, deskontua izango dute matrikulan: hain zuzen ere, ohorezko matrikula atera duten kreditu kopurua ez zaie kobratuko. Prezioaren murrizpen bera aplikatuko zaie maila bat baino gehiago dauzkan unibertsitate master bat egiten duten ikasleei.
10.-artikulua.- Matrikula baliogabetzea
1.- Aurkeztutako matrikulak ordaintzen diren unean hartuko dira onartutzat. Hala ere, ikasturtea amaitu aurretik egiaztatzen bada ikasleak matrikula egin duela sarbiderako eta onarpenerako baldintzak bete barik, matrikula indargabetu egingo zaio, graduondoko ikasketen arloko eskumena duen errektoreordearen erabaki baten bidez, masterra atxikita dagoen ikastegiak hala proposaturik. Ikasleari itzuli egingo zaio matrikulako dirua.
2.- Irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen Testu Bategina onartzekoa), nahiz eta ikasleek eskatu matrikula baliogabetzea legeak agindutako epean eta moduan, ez zaizkie inolaz ere itzuliko ordaindutako prezio publikoak, 11. artikuluan aipatzen diren kasuetan izan ezik.
3.- Unibertsitateak matrikula onartzen ez badu, erabaki arrazoitua eman beharko du, eta kasu horretan itzuli egingo zaio interesdunari ordaindutakoa. Ikastegiak matrikula ez onartzeko emandako erabakiaren kontra, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek UPV/EHUko errektoreari edo haren eskumenak eskuordetuta dituen agintariari.
Matrikula baliogabetzeko arrazoiak honako hauek dira:
Matrikula egiteko eskatzen den baldintzaren bat ez betetzea: eskakizuna egingo zaio interesdunari hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo gainerako tramiteak bideratzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeari jarraituz (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, 68. art.).
Beste alde batetik, matrikula baliogabetu egingo da interesdunak horrela eskatuz gero abenduaren 31 baino lehen, baina ordaindutako dirua arautegi honetako 11. artikuluan aipatutako kasuetan baino ez zaio itzuliko. Matrikula baliogabetzeko eskaria, abenduaren 31ra arte, masterra atxikita dagoen ikastegiko idazkaritzan aurkeztuko da, ikastegi horretako dekano edo zuzendariari zuzendua. Emandako erabakiaren kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio UPV/EHUko errektoreari edo haren eskumenak eskuordetuta dituen agintariari Bakarrik baliogabetuko dira ebaluatu gabeko irakasgaiak, eragotzi gabe 11.6 artikuluan xedatutakoa.
Abenduaren 31tik aurrera ez da baliogabetuko matrikularik, unibertsitateak beren-beregi baimenik ematen ez baldin badu, ikasleak eskaria egin eta gero, eta 11.6 artikuluak dioenarekin bat etorrita. Eskaria bidali beharko zaio graduondoko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordeari, eta izan beharko du kasuan kasuko masterreko batzorde akademikoaren baimena, bai eta masterraren ardura daukan ikastegiko dekano edo zuzendariaren baimena ere. Matrikula baliogabetzeko eskaria aurkeztu beharko da eskaria aurkeztea eragin duen egoera sortu eta hurrengo bi hilabeteetan, gehienez, eta betiere baliogabetu nahi den matrikularen ikasturtearen barruan.
Matrikula baliogabetu duten ikasle berriek berriro eman beharko dute izena ikasketa horiek egin nahi izanez gero.
11. artikulua.- Tasa eta prezio publikoak itzultzea.
Salbuespen hauetan itzuliko dira ordaindutako prezio publikoak:
Matrikula administrazioak bere kabuz baliogabetzen duenean, baldintzaren betetzen duelako, eta hori zuzentzea ezinezkoa denean.
Ikasleak ordaindutako zenbatekoa indarrean dauden prezioak baino gehiago izan denean, kalkula oker egin delako edo oker kobratu delako, betiere, horren errua ikaslearena izan ez bada.
Ordaindu dutenek eskubidea dutenean ordaintzetik salbuetsita egoteko, beka eskaria onartu zaielako, edo dirulaguntza edo salbuespenen baten onuradun direlako, baldin eta eskaria legezko epean eta eran egin badute, ikasturte bakoitzerako prezio publikoen aginduan ezarritakoari jarraikiz.
Ikasleari onesten zaizkionean irakasgaiak baliozkotu edo aitortzeko eskariak, aurretik ordaindu baditu.
Ikasleak eskatzen duenean matrikula baliogabetzeko eta dirua itzultzeko ikasturtea ofizialki hasi aurretik; kasu horretan itzuliko zaizkio matrikulatutako, aitortutako edo baliozkotutako kredituen zenbatekoak. Inola ere ez da itzuliko plaza erreserbatzeko ordaindutako zenbatekoa. Eskaria aurkeztu beharko da masterra atxikita dagoen ikastegiko idazkaritzan.
Ikasturteko edozein unetan, ikasleak ezin badu ikasten jarraitu salbuespenezko, ustekabeko eta behar bezala justifikatutako egoera bat sortu delako, adibidez gaixotasun fisiko edo psikiko luzea; ikaslea bera edo berarekin lehen mailako odolkidetasuna daukan senidea hiltzen bada; ikaslea bera lanean hasten bada eta lanaren ordutegia bateraezina bada ikasketekin; edo egoera horien parekoa den beste edozein sortzen bada ustekabean. Dirua itzultzeko eskaria unibertsitateko erregistroan aurkeztu beharko da, 10.3 artikuluan adierazitako moduan eta epean, graduondoko ikasketen arloan eskumena duen errektoreordeari zuzendua, salbuespenezko egoera egiaztatzen duten agiriekin batera. Salbuespenezko egoera bat sortu zaion ikasleari ebaluatutako irakasgaiak ere baliogabetu egin ahal izango zaizkio, horien kalifikazioa “Aurkezteke” denean.
12. artikulua.- Eskola asegurua
1.- UPV/EHUko graduondoko ikasketa ofizialetan matrikulatzen diren ikasle guztiek ordaindu beharko dute eskola asegurua. Eskola aseguruak 28 urtera arte babesten ditu ikasleak.
2.- Eskola aseguruak atzerriko ikasleak ere babesten ditu, baldin eta kasuan kasuko herrialdearekin elkarrekikotasunezko hitzarmena eginda badago, elkarrekikotasun hori isilbidezkoa nahiz adierazia izan.
13. artikulua.- Istripuetarako eta osasun asistentziarako asegurua.
UPV/EHUk EHU Ikasle Asegurua kontratatua dauka istripuetarako eta osasun asistentziarako. UPV/EHUko masterretan matrikulatutako ikasleak babesten ditu estatu osoan.