Mikrobio Itsastarrak Ikerketa Taldea
Gure ikerketa-taldeak itsasoko mikrobio-komunitateen analisia du helburu. Hain zuzen ere, prokarioto-komunitateen, bakterioak eta arkeoak, eta protisto bakteriboroen ugaritasuna, konposizio espezifikoa, dibertsitatea eta aktibitatea aztertzen ditugu.
Gure ohiko laginketa-estazioa Kantauriar Itsasoko ekialdean dagoen Armintzako kostaldean (Bizkaia) dugun arren, lan-taldeko hainbat kidek munduan zehar mikrobioen ozeanografia-kanpainatan hartu dugu parte, hala nola Mediterraneo Itsasoan, Atlantiar Ozeanoan eta Antarktiar Ozeano Glaziarrean. "Malaspina 2010 zirkumnabigazio-espedizioa"-ren barruan ere orain arte gutxi aztertu diren Ozeano Bare eta Indiar Ozeanoko uren ikerketa burutuko dugu.
Gaur egun, ikerketa-taldeak bakterio itsastarren dibertsitatearen eta funtzioaren arteko loturak aztertzen ditu. Honela, bakterioen komunitatearen egituraren, konposizioaren eta dibertsitatearen (teknika molekularren bidezko analisi genomikoak eginez datuak eskuratuz) eta itsasoko materia organikoaren eraldaketan zerikusia daukaten prozesuen (konposatu organikoen kontsumoa, hazkuntza, arnasketa eta karbono dioxidoaren askapena) arteko erlazioa finkatzen saiatzen gara.
Testuinguru honetan, itsasoko bakterioplanktona karbono dioxidoaren (CO2) ekoizle itsastar nabarmena da. Gas hau berotegi-efektuaren eragile garrantzitsuena da, eta atmosferan eta ozeanoan aurkezten duen dinamika hertsiki lotuta dago aldaketa klimatikoarekin eta orokorrean planeta osoan zehar ematen ari den aldaketa globalarekin.
Azkenik, helburua dugu aztertzea eta ezagutzea itsasoko uraren konposizio kimikoa, materia organikoaren eraldaketan parte hartzen duten prozesuak, eta protozoo harraparien eta bakterio harrapakinen artean ezartzen diren elkarrekintzak eta komunikazio kimikoa.