LINEAS_INVESTIGACION

Ikerketa-lerroak

  1. Animalia jatorriko elikagaien ekoizpen-sistemen jasangarritasuna.
    Ikerketa-lerro honen helburu nagusia animalia jatorriko elikagaien ekoizpen-sistemen jasangarritasuna hobetu dezaketen faktoreak ikertzea da. Bereziki haragi, esne eta gaztaren ekoizpen-sistemetan larratze-moduak duen eragina ikertzen da ikuspegi ezberdinetatik. Ikerketa-ildo honen alderdi garrantzitsuetako bat adierazle berriak sortzea da, alderdi sozioekonomikoak, ingurumenekoak, eta elikagaien kalitate eta kaltegabetasunari lotutakoak kontuan hartuko dituztenak.

  2. Goi-mailako kalitateko haragiaren ekoizpena eta ebaluazioa: ezaugarri nutrizional eta sentsorialen azterketa, eta kalitatearen adierazgarri izan daitezkeen markatzaile genetikoak bilatzea.
    Ekoizpen-sistema ezberdinen bitartez hazitako hausnarkarien eta urdail bakarreko animalien haragiaren ezaugarriak aztertzea eta bere kalitatea hobetzea dira lerro honen helburu nagusiak, bereziki larreko abereena. Ezaugarri nutrizional, sentsorial eta genetikoak ikertzen dira. Honela,  adierazle (genetiko) berriak aztertzen dira eta, baita ere, ekoizpenean eragiten duten faktoreak, bereziki elikatze eta maneiuaren aldaketekin zerikusia duten faktoreak, haragiaren kalitatea hobetu dezaketenak, honen guztiaren helburua larreko abereen haragiak merkatuan duen balio erantsia handitzea izanik.

  3. Animalia-jatorriko produktuen trazabilitatea eta autentifikazioa.
    Jatorri geografikoaren, ekoizpenaren edo prozesu teknologikoaren araberako ezaugarri bereizgarriak dituzten elikagaien (esnea, gazta, haragia) markatzaile espezifikoak aurkitzea da helburua, merkatuan benetakotu eta bereizi ahal izateko. Benetakotasuna eta trazabilitatea berma dezaketen adierazleak definitzeak elikagai hauen balioa nabarmentzea ahalbidetuko luke eta, aldi berean, iruzurra ekiditea.

  4. Elikagaien analisi sentsoriala: ezaugarri sentsorialen, osaketaren eta prozesatze-teknologien arteko erlazioa.
    Elikagaien kalitatea ebaluatzeko analisi sentsorialerako metodo berrien garapena da lerro honen helburu nagusia, elikagaien ezaugarri sentsorialek bere osaketarekin eta ekoizpen-teknologiekin dituzten erlazioak aztertzeko asmoz.
    Lerro honen barruan sartzen dira baita ere kontsumitzaileen pertzepzio eta onartze ikerketak. Gainera, trebatutako talde analitikoak sortzea helburu garrantzitsua da; baita hainbat mota eta jatorriko elikagaien -bereziki kalitate-etiketen bitartez babestutakoen- kalitate sentsoriala ebaluatzeko metodo egiaztatuak garatzea ere.

  5. Gaztagintzarako prozesatze-teknologiak hobetzea eta egokitzea.
    Ikerketa-lerro honen helburua landa-gaztandegi txikien jasangarritasun ekonomikoa eta ingurumenekoa hobetzea da, gaztagintzarako baldintzak berrituz eta egokituz. Lerro honen ekintza nagusiak dira in situ aztertzea eta kontrolatzea gazta egiteko prozesuan errendimendu handiagoa ahalbidetzen duten faktore teknologikoak, ondorioz, ekoizpen-prozesuaren errentagarritasuna areagotuz eta aldi berean gazur kantitatea eta eragindako kutsadura-maila murriztuz.

  6. Elikagaiak kontserbatzeko material eta teknologia berri egokiak.
    Helburua elikagaiak (bereziki ondutako gaztak) kontserbatzeko baldintza optimoak zeintzuk diren ikertzea da; hain zuzen ere, material biodegradagarri eta jasangarri berrien erabilera ebaluatzea, bai eta produktuaren bizitza erabilgarria handitzeko kontserbazio-teknologia egokienak zeintzuk izan daitezkeen ere, nutrizio- eta zentzumen-propietateak aldatu gabe.

  7. Animalia-jatorriko elikagaien kontsumoa eta giza osasunean duen eragina.
    Helburua animalia-jatorriko elikagai jakin batzuen kontsumoak giza nutrizioan eta osasunean izan dezakeen eragina ikertzea da, bai ikuspegi positibotik, bai patologia desberdinekin lotutako balizko eragin kaltegarriari dagokionez ere. Zehazki, mikroorganismoak eta antibiotikoekiko erresistentzia-geneak elikagai-katean barreiatzearekin lotutako lan-ildo bati ekin dio ikerketa-taldeak, gai honen inguruan ingurumenaren, animalia-ekoizpenaren edo ospitale-medikuntzaren alorretan adituak diren beste ikerketa-talde batzuekin lankidetzan.

  8. Esneki hartzituen mikrobiotaren funtzionaltasuna eta kaltegabetasuna.
    Ikerketa ildo honen helburua gaztan, elaborazio eta heltze prozesuen etapa ezberdinetan, garatzen den mikrobiota aztertzea da, DNAren sekuentziazio masiboko teknikak erabiliz. Mikrobiotaren gene-multzoa bere gaitasun metabolikoekin eta konposatu interesgarrien sintesiarekin erlazionatu nahi da eta, bide batez, azken produktuaren ezaugarriekin eta haren trazabilitatearekin. Bestalde, biologia molekularreko teknikez baliatuz, esneki hartzituetan antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioen presentzia eta dinamika aztertuko dira, beren populazioak murrizteko eta ingurumenera eta gizakietara heltzea ekiditeko neurriak ezartzeko.