ONDAREAREN KUDEAKETARI BURUZKKO ARAUTEGIA

ONDAREAREN KUDEAKETARI BURUZKO ARAUTEGIA

1. Lege oinarriak

1. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Estatutuetako 222. artikuluak honakoa dio:

1. UPV/EHUren ondarea unibertsitateak jabetzan edo titularitatean dituen ondasun eta eskubideek osatuko dute, bai eta etorkizunean eskuratzen edo esleitzen zaizkionek ere, betiere arau orokorrei men eginez.

2. UPV/EHUk jasotzen dituen dohaintzak eta erosten duen material inbentariagarri eta bibliografikoa unibertsitatearen ondarean sartuko dira, nahiz eta horrek ez duen eragotziko gerora haien erabilera beste erakunde batzuei esleitu ahal izatea.

2. Era berean, UPV/EHUren Estatutuetako 222. artikuluak honako hau arautzen du bosgarren puntuan: “UPV/EHUk bere ondarea eratzen duten ondasun eta eskubide guztien inbentarioa izango du, eta aldian-aldian eguneratuko”.

3. UPV/EHUren Estatutuetako 234. artikuluak honako hau zehazten du: Gastuen egoera orrian gastuaren kontzeptu guztiak eta zenbatekoak zehaztuko dira. Honako xehetasun hauek adierazita sailkatuko dira gastuak:

a) Gastu mota.

b) Programa edo helburua.

c) Gastu gunea.

d) Bestelakoak, unean unean erabakiko direnak.

Betiere, gastu arrunta eta inbertsio gastua bereiziko dira.

2. Ondarearen kudeaketa UPV/EHUn

Ondarearen kudeaketa oinarrizko irizpide hauen arabera egiten da:

1. Ondarearen kudeaketak fase hauek dauzka:

a) Gune organikoek inbentariatu ditzaketen elementuak erostea eta inbentario ofizialean sartzea.

b) Erabilera eta egoeraren eta erabileraren kontrola.

c) Inbentario ofizialetik kentzeko proposamena, horretarako onartuko diren arauei jarraiki.

2. Ondarearen kudeaketa Gerentziak kontrolatzen du, Kontabilitate Zerbitzuaren bitartez, eta horretarako UPV/EHUren gune organikoek ondarea nola gestionatzen duten gainbegiratzen du.

3. Ondarearen kudeaketan erantzukizun maila hauek daude:

a) Gune organikoen erantzukizuna: gune organiko iraunkorraren aurrekontuarekin eta bere menpe dauden aldi baterako gune organikoen aurrekontuekin erositako ondareko elementuak. Horiez gain, organikoen erantzukizuna dira zerbitzu zentralek haientzat, organikoentzat, erositako elementuak.

b) Campusetako gerenteordetzen erantzukizuna: campusean kokatutako gune organiko iraunkorren ardurapeko elementuak.

c) Kontabilitate Zerbitzuaren erantzukizuna: UPV/EHUren inbentario ofizialean sartuta dauden elementu guztiak.

4. Elementuak inbentario ofizialean sartzeko, bertan eguneraturik jarraitzeko eta, beharrezkoa izanez gero, inbentariorik kentzeko prozedurak Gerentziak ezarriko ditu, Kontabilitate Zerbitzuaren proposamenez.

5. Ekipoak inbentarioan sartu eta gero, kasuan kasuko etiketa ofiziala jarriko zaie identifikatzeko.

6. Ekipoak beste campus, solairu, eraikin edo lokal batera eramaten badira, kokaleku aldaketa hori eguneratu beharko da ekipoaren inbentario fitxan.

3. Inbentarioan sartu beharreko ondasunak

1. Ondasun inbentariagarriak dira hiru baldintza hauek betetzen dituztenak

a) UPV/EHUren gune organikoen aurrekontuaren kargura erosi dira, edo dohaintzan jaso dira, jabetzaren lagapen osoa formalki eginda.

b) Ondasunaren ezaugarriak direla eta, urtebete baino gehiago erabili ahal izango da gutxienez, berdin da noiz erositakoa den.

c) Ondasunaren balio indibiduala 150,25 euro baino gehiago da. Hiru baldintzok bete ez arren, elementu baten ezaugarriengatik egoki ikusten bada elementu hori UPV/EHUren inbentario ofizialean sartzea, eta Kontabilitate Zerbitzuak hala proposatzen badu, Gerentziak inbentarioan sartu ahal izango du, horretarako dauden arauei jarraiki.

2. Ikerketa proiektuen emaitzak inbentarioan sartuko dira baldin eta jabetza intelektuala UPV/EHUrena bada, legearen arabera dagokien jabetzaren erregistroan sartu badira, eta unibertsitateari baliabide ekonomikoak ekarri ahal badizkiote. Inbentarioan sartuko den proiektuaren balioa kalkulatzeko, proiektuko gastu arrunten batura egingo da, Kontabilitate Zerbitzuak Gerentziari aurkeztutako proposamenaren arabera.

 

4. Inbentario kontuak, bizitza baliagarriak eta amortizazio portzentajeak.

Unibertsitateko inbentarioaren elementuak hurrengo taularen kontuen arabera sailkatu eta amortizatuko dira:

Kontua

Deskribapena

Bizitza baliagarria

Urteko amortizazioa (%)

2060 Aplikazio informatikoak 6 %16,67
2070 Alokairuan erabili edo erabileran utzitako aktiboen gaineko inbertsioa INDIBIDUALA INDIBIDUALA
2090 Doaneko erabilera lagapenak INDIBIDUALA INDIBIDUALA
2100 Lurzoru eta ondasun naturalak 0 % 0,00
2110 Eraikuntzak, bizitza erabilgarria 50 urte 50 % 2,00
2111 Eraikuntzak, bizitza erabilgarria 100 urte 100 % 1,00
2120 Azpiegiturak 50 % 2,00
2140 Makineria 15 % 6,67
2141 Lanabesak 5 % 20,00
2150 Instalazio teknikoak 10 % 10,00
2160 Altzariak 10 % 10,00
2161 Bulegoko ekipoak 5 % 20,00
2162 Komunikazio ekipoak 6 % 16,67
2163 Kirol ekipoak 10 % 10,00
2164 Ekipamendu medikoa 10 % 10,00
2170 Informazioa prozesatzeko ekipoak 3 % 33,33
2180 Garraio elementuak 5 % 20,00
2190 Funts bibliografikoak 10 % 10,00
2191 Laborategiko ekipoak 15-10 % 6,67-10%
2192 Ikus-entzunezko ekipoak 5 % 20,00
2193 UPV/EHU funts artistikoak 10 % 10,00
2194 Ekipamendu zientifiko aurreratua 5 % 20,00
2199 Askotariko materiak ibilgetua 10 % 10,00

 

5. Inbentarioan sartu beharreko ondasunen balioa

Ondasunen balio indibiduala irizpide hauen arabera kalkulatuko da:

1. UPV/EHUk erositako ondasunen kasuan, balio indibiduala izango da erosketaren kostua gehi ondasuna martxan ipini arte izandako gastu guztiak.

2. UPV/EHUk egindako ondasunen kasuan balio indibiduala ekoizpenaren kostua izango da, hau da, ondasuna egiteko erosi ziren materialen prezioa.

3. UPV/EHUri dohaintzan emandako ondasunen kasuan, balio indibiduala izango da ondasunaren salmenta balioa.

4. Inbentarioan sartu beharreko ondasunaren balio inbididualari gehituko zaio jasana bai baina kengarria ez den BEZa, unibertsitateak zergak kitatzeko une bakoitzean aplikatzen duen mekanismoaren arabera. Gauza bera egingo da elementua erostean sortzen den beste edozein tasarekin.

6. Inbentarioa egiteko epea

Aipatutako baldintzak betetzen dituen faktura inbentarioan jaso behar denez, behin kontabilizatu ondoren, inbentariorako erabiltzen den programa informatikoan desglosatuko da hilabeteko epean. Faktura kontabilizatzen den egunean irekiko da epe hori.

7. Zerbitzuak edo ondasunak erostea, inbentarioan sartuta dagoen ondasun bat erabilita prezio osoa edo zati bat ordaintzeko

1. Irizpide hauei jarraituko zaie:

a) Erosten den ondasuna bere benetako balioaz erregistratuko da, trukean eman den ondasunaren balioa kendu gabe. Gainera, balio hori handitu ere egin ahal izango da, gastuen, tasen eta zeharkako zergen eraginez, gorago azaldu bezala.

b) Trukean emango den ondasuna inbentariotik kenduko da, une horretara arte inbentario ofizialean izan duen kontabilitate balio garbiaren arabera.

c) Elementu berria inbentarioan sartu eta trukean eman dena inbentariotik kentzearekin batera, eragiketa horiek ondarearen kontabilitatean erregistratuko dira, UPV/EHUren ondarearen balioa eguneratuta egon dadin.

Trukean eman den ondasuna beti kenduko da inbentariotik, eta eragiketak ere beti erregistratuko dira ondarearen kontabilitatean, kontuan hartu barik erositako ondasuna inbentarioan sartu behar den ala ez

8. Inbentarioan sartuta dauden ondasunen balioa berriz aztertzea.

Inbentarioan sartuta dauden ondasunen balioa berriz aztertuko da honako kasu hauetan:

1. Hobekuntza lanen bat egiten denean, lanaren beraren edo haren eragina jasaten duen ondasunaren ezaugarrien ondorioz, ondasunaren balioa handitu egiten duena, edo haren erabilera epea luzatu egiten duena. Hobekuntza lanaren kontabilizazioa egiten denetik jaso beharko da aldaketa hori kontabilitatean.

2. Ondasunarekin zerikusirik ez daukaten gorabeherengatik komenigarri ikusten bada balioa berriz aztertzea, esate baterako, ezaugarri berberak dauzkaten ondasunen balioa handitu egin delako. Halakoetan, balioaren aldaketa UPV/EHUren kontabilitatean jaso beharko da, igoeraren eragiketa kontabilizatuta.

3. Eraikinetan egiten diren lanen edo konponketen kasuan, ondasunaren balioa handitutzat emateko beharrezkoa izango da lan edo konponketa horien azken emaitza hauetako bat izatea:

a) Handitu egin da espazio erabilgarria eraikinean.

b) Kanpoko egitura konpondu edo hobetu egin da.

c) Eraikinean integratuta dauden makinak jarri dira, adibidez berogailua, aire girotua eta igogailuak. Oro har, eraikinetik aparte izateko arrazoirik ez duten makinak izaten dira

9. Ikerketa proiektuen emaitzen tratamendua.

1. Ikerketa proiektuen emaitzak inbentario ofizialean sartu ahal izango dira, ibilgetu ez-material gisa, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Ikerketa proiektuen emaitzaren jabetza intelektuala unibertsitatearena da.

b) Ikerketa proiektuaren emaitza erregistratuta dago patenteen bulegoan, UPV/EHUren ondare ekonomikoko elementu gisa aitortua eta publikoki akreditatua izan dadin. Gainera, unibertsitateari baliabide ekonomikoak ekar diezazkioke, beste pertsona fisiko edo erakunde juridiko batzuei ustiapen eskubidea lagatzeko edo errentan emateko kontratuen bidez.

2. Inbentario ofizialean ibilgetu ez-material gisa sartuko den ikerketa proiektuaren balioa kuantifikatu ahal izateko, proiektua aurrera eraman den urteetan kontabilizatu diren gastu arruntak batuko dira. Jabetza erregistratzeko tramiteen gastuak ere gehituko zaizkio proiektuaren balioari.

3. Ikerketa proiektu baten aurrekontuen kargura erosten diren ondasunak inbentarioan sartuko dira erosten diren unean, aurreko bi paragrafoen arabera proiektuari ematen zaion tratamendua edozein dela ere