Historia eta Aurkezpena
Kimika Fakultatea 1975ean sortu zen, irakaskuntza eta ikerketa helburuekin. Hasieran kokatu zen garai hartan Juan XXIII Lanbide Eskola zen eraikinean, Altza auzoko alde zaharrean. Sasoi hartan, fakultatea Valladolideko Unibertsitateari atxikita zegoen eta Petrokimika espezialitatea ematen zuen. Gonzalo Martín Guzmán irakaslea arduratu zen ikastegia abian jartzeaz, ospe handiko kimikaria polimeroen zientziaren eta teknologiaren arloan. Geroago, 1979ko irailean, Bilboko Unibertsitatearen barrutia sortu zen (gaur egun Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea), eta Gipuzkoan kokatutako unibertsitate ikastegi publikoak barruti horretakoak izatera igaro ziren, besteak beste, fakultate hau.
1983rako fakultateak bi espezialitate ematen zituen: Makromolekulak, batez ere material polimerikoen zientzian eta teknologian zentratua, eta Oinarrizko Kimika, orokorragoa. 1987an, fakultatea Altza auzotik gaur egungo eraikinera aldatu zen, Ibaetako Campusera. Gaur egun, fakultateak 12.000 m2 baino gehiagoko azalera dauka eta hiru sail biltzen ditu, administrazio eta zerbitzuetako 25 langileko eta 87 irakasleko lan taldea dauka, eta, denera, 130 profesional inguru ditu lanean, kontuan hartuta ikertzaile kontratatuak eta ikerketa bekadunak. Ondo hornitutako ikastegia izanik eta ekoizpen zientifiko ugariaren sortzaile, Donostiako Kimika Fakultatea itzal handiko irakaskuntza eta ikerketa gune bihurtu da eskualde, estatu eta nazioarte mailan, jakintza eremu zabala hartzen duena, oinarrizko zientziatik hasi eta materialen teknologiaraino.
Fakultatean Kimikako Gradua eta lau master eskaintzen ditugu. Era berean, doktoregoa ere egiteko aukera ere badago, kimikaren eta kideko eremuen zenbait arlotan.
- 2003an sartu zen indarrean titulazioaren ikasketa-plan berria.
- 2010/2011 ikasturtean martxan jarri zen "Kimikako Gradua" Europako Goi-ikasketa Esparrura egokitzeko asmoz".
- 2019/2020 ikasturtean, Kimika Fakultateari atxiki zitzaizkion Unibertsitate Master hauek:
- Kimika eta Polimeroak Unibertsitate Masterra.
- Nanozientzia Unibertsitate Masterra. (2024/2025 ikasturtean ez da eskainiko)
- Kimika Teorikoa eta Modelizazio Konputazionala Unibertsitate Masterra.
Ikerketaren arloan, berriz, diruz lagundutako 120 ikerketa proiektu eta 25 ikerketa kontratu inguru daude martxan, urtean 325 argitalpen zientifiko inguru sortzen dituztenak: horiei esker, gure fakultatea I+G+Bko eragile garrantzitsua da Euskal Herrian.
Ongietorria emateaz gainera, gu ezagutzera gonbidatzen zaituztegu, eta espero dugu web orri honetako informazio praktikoa hasiera egokia izatea.
MARIAN IRIARTE ORMAZABAL
DEKANOA