SGIker-ek Ikerkuntzaren Kalitatearen eta Goi mailako Hezkuntzaren Ebaluazioari buruzko Nazioarteko XV. Foroan (FECIESen) parte hartu du; Santanderren egin da Foroa (2018ko maiatzak 10-12) (2018/05/24)
Lehenengo argitaratze data: 2018/05/24
Yolanda Etxebarria Larraz eta Fátima Pastor Ruiz Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorren (SGIkerren) Azpiegitura eta Zientziometria alorreko teknikariak FECIES XV. Foroan egon dira. Foroa 2017ko maiatzaren 10etik 12ra ospatu da Santanderreko Magdalena Jauregian, Granadako Unibertsitateak eta Psikologia Konduktualaren Espainiako Elkarteak antolatuta. Bertan, ikerkuntzaren ebaluazioaren alorreko organismo ofizialetako ordezkariek eta nazio mailako zein nazioarteko unibertsitateetako kideek parte hartu dute.
Foro horretan, bertatik bertara ezagutu zuten unibertsitateek akreditazio- eta kalitate-prozesuetan duten arazoa; baita ikerketa-tarteak (seiurtekoak) ebaluatzeko irizpide eta prozesuak eta unibertsitateko irakasleen akreditazioa ezagutzeko aukera ere. Ekitaldian honako hauek egin dituzte konferentziak, besteak beste: Marina Villegas Ikerkuntzarako Estatuko Agentziako Zuzendaria (AEI); Victoria Ley Koordinazio, Ebaluazio eta Jarraipen Zientifiko-Teknikoaren alorreko burua; Julio Bravo Koordinazio, Ebaluazio eta Jarraipen Zientifiko-Teknikoaren azpialorreko burua; eta Demetrio Castro, Ikerketa Jarduera Ebaluatzeko Estatu Batzordeko eta Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionaleko koordinatzaile nagusi ohia.
FECIES nazioarteko foroan hainbat gai jorratu ziren, esaterako, ikerkuntzaren ebaluazioarekin lotutako gaiak, Ikerkuntzarako 2017-2020 Estatu Plana, AEIren egitura eta funtzionamendua, unibertsitateko liburutegien baliabideen optimizazioa, oihartzun handiko aldizkarien argitalpena, Espainiako unibertsitateek ikerkuntza, kalitatea eta Europako Konbergentzia sustatzeko proiektuen kudeaketa eta planak, etab. Horien artean, SGIkerreko partaideek bi poster zientifiko aurkeztu zituzten, lehenengoa “The Doctoral Theses supported by the Sgiker Platforms of the University of the Basque Country are aligned with the Horizon 2020 Programme” eta, bestea, “Ikerkuntzarako aplikazio mugikor nagusiak” izenburupean.