Masen espektrometriari akoplatutako gas kromatografiari buruzko hamargarren ikastaroa antolatu du BAZZek (2017/05/12)
Lehenengo argitaratze data: 2017/05/12
Beste urte batez, GC/MS ikastaroa eman zaie BAZZen UPV/EHUko ikertzaileei eta irakasleei. Aurten, UPV/EHUko ikertzaileek ez ezik, besteak beste TECNALIA eta AZTI teknologia zentroetako ikertzaileek ere egin dute ikastaroa.
Horrela, bertaratutako guztiek teknika erabiltzen ikasi ahal izan dute, eta GC/MS neurgailuek egoki funtzionatzeko jardunbide onak landu. 2017 honetan, Bizkaiko Ikerketa Zerbitzu Orokorretako (SGIker) Luis Bartolomé teknikariak antolatzen eta ematen duen ikastaro hau hamargarren urtez egin da jarraian.
Hamar urte hauetan, zientziaren hainbat arlotako eta Euskal Herriko zein estatuko hainbat zentrotako 60 ikertzaile baino gehiago aritu dira ikastaroan. Gainera, denbora honetan guztian etengabe hobetu da ikastaroa; kasurako, ISO 9001 kalitate araua betetzen duen prestakuntza eskaintzaren barruan sartu da.
2008tik 2017ra bitartean jende ugarik parte hartu du ikastaroan, eta partaideen gogobetetasun inkestetan emaitza onak lortu ditugu urteotan. Hori dela eta, uste dugu betetzen ari garela SGIkerrei ikastaro mota hau martxan jartzeko bide eman zien helburua: punta-puntako teknika analitikoak irakastea zientziaren askotariko arloetan diharduten ikertzaileei. SGIkerreko kideok, beraz, zuen konfiantza eskertu beharra dugu, eta lanean jarraitu GC/MSren inguruko prestakuntza eskaintza hobetzeko eta handitzeko, gure ikertzaileen espektatibei erantzun diezaien beti.