SGIkerrek ingurumen hezkuntzari buruzko tailer bat eman die Bilboko La Salle Ikastetxeko DBHko 3. mailako gazteei
Lehenengo argitaratze data: 2016/02/08
Bilboko La Salle ikastetxeko hiru ikaslek Ingurumen Istripua tailerrean parte hartu dute, Bizkaiko Analisi Zerbitzu Zentralen, Mikroskopia Elektronikoa eta Materialen Mikroanalisia Zerbitzuaren eta Raman LASPEA laborategiaren eskutik. Hirurak UPV/EHUren SGIker Ikerketa Zerbitzu Orokorretako kide dira.
Tailerraren bidez, ingurumen kutsadura, kutsatzaileen toxikotasuna eta arazo analitikoak aztertzeko metodologia (laginketa, laginen tratamendua, analisia eta eztabaida) landu nahi izan dituzte.
Tailerrean, Ane Cortabarria, Galder Sasía eta Mikel Calonge gazteek hondamendi bat izan dute aztergai: ibai batean hilda agertutako flora eta fauna. Hala, dagokion udaleko ingurumen teknikarien lanak egin dituzte, eta ustezko hondamendi ekologiko horren kausa argitu behar izan dute. Hainbat analisi metodo baliatuz (pH, eroankortasuna, erreakzio espezifikoak, SEM-EDX), egiaztatu dute zenbait metal toxiko zeudela ibaian, eta ustezko ibaiaren efluenteetatik datozen uren kalitatea zehaztu ahal izan dute. Azkenik, lortutako emaitzak aztertuta, elkarren artean eztabaidatu dute isuririk gertatu den, zer motatakoa izan den eta nork eragin duen.
Egitasmo hau UPV/EHUko SGIkerrek sortutako jarduera lerroaren barruan antolatu dute, eta, beste jarduerek bezala, helburu du gazteenen artean karrera zientifikoetarako joera sustatzea, ikerkuntzaren hainbat alderdi erakutsita.