UPV/EHUko IKASLE KONTSEILUAREN PROPOSAMENAK

UPV/EHUko IKASLE KONTSEILUAREN PROPOSAMENAK

ERREKTORETZARAKO HAUTESKUNDEAK 2024

 

ZIOEN AZALPENA

Unibertsitatea, gizartearen isla gisa, etengabe aldatzen ari da. Aurten, 2024an, gure unibertsitateak Errektoretzarako hauteskundeak izango ditu. Horregatik, UPV/EHUko Ikasle Kontseilutik, unibertsitateko ikasleen ordezkaritza-organo gorena garen aldetik, gure aldarrikapenak helarazi nahi ditugu, balizko hautagai-zerrendek beren proiektuetan aintzat har ditzaten, unibertsitate publiko irisgarriagoa eta parte-hartzaileagoa eraikitzeko helburuarekin.

Ezagutza sortu eta gizartea eraldatzen duen unibertsitate publiko batean sinesten dugu, belaunaldi berrien aldeko apustua eginez, espiritu kritikoa eta eztabaida eraikitzailea sustatuz, etorkizuneko erronkei aurre egiteko gizarte demokratikoago eta konprometituago baterantz aurrera egiteko helburuarekin. Horretarako, unibertsitateak gobernantza irekia eta egitura horizontala dituen kudeaketa publikoan oinarritu behar du, ikasleak gure erakundearen erabakietan parte-hartze aktiboa izatea bermatu eta sustatuko duena.

Gure unibertsitatearen erronka handienetako bat pertenentzia-sentimenduaren falta da, eta horrek pasibitatea eta lotura falta sortzen ditu. Honek urruntzen gaitu unibertsitate publiko batek izan beharko lukeenetik: ikasleok erakundearen eraikuntzan eta garapenean aktiboki parte hartzeko gunea.

Aukera hau aprobetxatzeko eta gure aldarrikapenak adierazteko, UPV/EHUko Ikasle Kontseilutik dokumentu hau prestatu dugu gure unibertsitateko Campus eta Ikastegietako Ikasle Kontseiluen parte-hartzearekin.

 

 

PROPOSAMENAK

Prezio publikoak

Unibertsitate publikoa eskuragarri izan dadin eta inor bere egoera sozioekonomikoagatik baztertua izan ez dadin, lehentasunezkoa da prestakuntza akademikoaren kostuak eskuragarriak izatea, prestakuntza horretara sartzen denaren erosahalmena edozein dela ere. Gure proposamenak hauek dira:

• Eusko Jaurlaritzarekin elkarrizketa-mahai bat ezartzea matrikularen prezio murrizketa negoziatzeko, batez ere 3. eta 4. matrikuletan arreta jarriz.

• Matrikula ordaintzeko epe gehiago ezartzea, ordaindu beharreko kopuruak onartzeko modukoak izan daitezen.

 

Titulazioetarako sarbidea

Beharrezkoa da unibertsitate aurreko etapetan dauden pertsonekiko lotura eta jasotzen duten orientazioa indartzea, unibertsitateak eskaintzen dituen aukera, zerbitzu eta eskaintzen berri izan dezaten. Gure proposamenak hauek dira:

• Unibertsitate aurreko etapetan dauden pertsonekin konexioak eta jasotzen duten orientazioa hobetzea.

• Unibertsitate aurreko etapetan dauden pertsonekin konexioak eta jasotzen duten orientazioa hobetzea.

• Masterren sarbidea eraldatzea, titulazio bakoitzaren ezaugarri partikularrak eta errealitate sozioekonomiko desberdinak kontuan hartuta.

• Masterraren eta doktoregoaren arteko trantsizio-sistema ezartzea, doktoratu aurreko ikasleen arteko topaketak bezalako ekimenen bidez.

 

Formakuntza

Formakuntza ezagutzaren sorkuntza eta transmisioaren oinarria da, horregatik, unibertsitatea hobetzeko norabidea markatzerakoan ardatz nagusietariko bat izan behar du. Gure proposamenak hauek dira:

• BAT (Berdinen Arteko Tutoretzak) programa unibertsitateko zentro guztietan sendotzea eta indartzea, baita parte hartzen duten ikasleek beren ikaskideei ezagutza behar bezala transmititzeko beharrezko prestakuntza eta informazioa jasotzea bermatzea ere.

• Ikasleek titulazio guztietan dagokion irakaskuntza jasoko duela bermatzea, irakaskuntza-gidak betez.

• Gradu bikoitzen eta horien kanpoko praktiken planteamendua berrikustea, horien kalitatea eta bideragarritasuna bermatzeko.

• Kanpoko praktiketako zentroekin hitzarmenak egokiak izatea bermatzea, ikasleek prestakuntza, balorazio eta jarraipen planetan parte hartuz. ⁠

• Ikasleek dituzten kexen prozedurak hobetzea.

• ⁠Etengabeko prestakuntzaren eskaintza hobetzea (unibertsitate diplomak, unibertsitate hedapena, etab.)

• Graduetan ikerketara bideratutako prestakuntza eskaintza handitzea

• Soft skill-ak edo trebetasun bigunen garapena sustatzea titulazioen prestakuntza eskaintzan bertan, baita ikastaro osagarrien bidez ere.

• ⁠Nazioartekotzea: mugikortasun laburreko programak hobetzea eta indartzea, hala nola BIP-ak, Global Training-en eskaintza hobetzea eta antzekoak.

 

Euskara

Unibertsitateak euskararen garapenean eta sustapenean duen garrantzia kontuan hartuta, hizkuntza hau indartzea etengabeko lana izan behar da, eredu elebidun finkatua lortzeko eta bere erabilera erakundeko espazio guztietara zabaltzeko. Gure proposamenak hauek dira:

• Irakaskuntza bera jasotzea bermatzea bai gaztelaniaz bai euskaraz, eta irakaskuntza-material guztia bi hizkuntzetan eskuragarri egotea.

• Arabako Campusean euskalduntzea sustatzeko, euskarazko titulazioen eskaintza zabalduz.

• Unibertsitatean antolatutako eta gauzatutako euskarazko ikastaroak eskaintzea.

 

Unibertsitate bizitza

Unibertsitatea hazkunde pertsonala ahalbidetzen duen espazioa da, eskainitako prestakuntza akademikoan zein curriculumetik kanpoko aukera zabaletan oinarrituta. Azken horiek unibertsitatekoa izatearen sentimendua sustatzen dutenak dira. Gure proposamenak hauek dira:

• Campusetan aisialdiko eskaintza eta jarduerak sustatzea, eta horiek sustatzeko espazioak eta baliabideak egokitzea.

• Ikasleek autokudeatutako espazioak gaitzea eta egokitzea, Leioako Ikasletxea bezalakoak, campus guztietan.

• Ikasleen elkartegintza sustatzea eta garatzea, besteak beste, neurri hauek ezarriz: laguntza logistikoa bermatzea, espazioen erabilera erraztea, etab.

• Unibertsitateak unibertsitate-komunitateari eskaintzen dizkion zerbitzuen ikusgarritasuna handitzea, hala nola kirolak, kultura, boluntariotza etab., banakoen interesen arabera harpidetzeko hedapen-zerrenden bidez, baita unibertsitateko plataforma digitalak eta iragarki-taulak app bakar batean biltzeko aukera aztertzea ere, informaziorako sarbidea hobetzeko.

• UPV/EHUko II. Parte-hartze Planarekin bat etorriz, curriculumetik kanpoko partaidetza-historiala jasoko duen pasaporte parte-hartzailea gauzatzea, erakundearekiko inplikazio aktiboaren aitorpena eta erakundearekiko partaidetza-sentimendua sustatzeko.

• ⁠ENLiGHT unibertsitate aliantzaren zabalkundea handitzea, bere egitura eta ikasleen parte-hartzea, baita bultzatzen dituen proiektuak eta eskaintzen dituen aukerak ere.

 

Azpiegiturak eta baliabideak

Unibertsitateko espazioen eta baliabideen kalitatea funtsezkoa da prestakuntza-jarduerak behar bezala garatzeko, baita partaidetza-gune bat sortzeko helburuarekin modu osagarrian antolatzen diren ekimen guztiak behar bezala garatzeko ere. Gure proposamenak hauek dira:

• Unibertsitateko eraikinen eta azpiegituren egoerari buruzko azterlan bat egitea eta ekintza-plan bat egitea, kalteak konpontzeko, instalazioak modernizatzeko eta irisgarriago egiteko beharrezkoak diren berrikuntzak egiteko, campus eta zentro bakoitzeko arazo espezifikoei erantzunez.

• Campusetan unibertsitateko bizitza sustatzen duten aire zabaleko espazioak hobetzea, atsedenerako eta topaketarako espazioak handituz, hala nola bankuak, iturriak eta mahaiak, besteak beste.

• Liburutegien eta ikasketa-zentroen ordutegiak malgutzea, eskariari egokituz, batez ere azterketen deialdi ofizialetan.

• Hiru campusetan kalitatezko kirol-instalazioak daudela bermatzea.

• Ikasle guztiek baliabide eta material teknologikoetarako sarbidea izango dutela bermatzea, beren lan akademikoak baldintza egokietan egin ahal izateko, kasuistika partikularrak kontuan hartuta.

• Espazio akademikoak egokitzea, lan akademikoak egin ahal izateko beharrezkoak diren teknologien sarbidea eta erabilera egokia bermatzeko: korronte-hartuneak instalatzea, kutxatilak edota objektuak biltegiratzeko espazioak gaitzea.

• Bizitza akademikoaren eta ikasleen ordezkaritzaren arteko bateragarritasuna bermatzea, kontziliazio-neurriak hobetuz.

 

Iraunkortasuna eta ongizatea

Beharrezkoa da unibertsitateak, gizartearen erakunde eraldatzailea den aldetik, 2030 Agendan oinarritutako baliabide jasangarrien kontsumoa eta kudeaketa zaintzea eta sustatzea. Gainera, kideek osasuna eta ongizatea sustatzen duten zerbitzuak eta baliabideak dituztela ziurtatu behar du. Gure proposamenak hauek dira:

• Arreta Psikologikoko Zerbitzuaren kalitatea indartzea eta ziurtatzea, haren finantzaketa egokia eta dagoen eskariari behar bezala erantzun ahal izateko langile eta baliabideen hornidura bermatuz, baita osasun mentala eta kudeaketa-trebetasunak sustatzen dituzten ikastaroak eskaintzea ere.

• Entzute eta erantzute sarea birplanteatzea, eta sare hori eta haren hedapena ezarritako helburuetara egokitzea.

• Desgaitasuna duten Pertsonentzako Arreta Zerbitzua dauden errealitateetara egokitzea. Horretarako, zerbitzuaren izena aldatzea proposatu behar da, haren jarduera-eremua zabaltzeko (Behar Espezifikoak dituzten Pertsonentzako Arreta Zerbitzua).

• Ikasleen premia espezifikoen aniztasuna kontuan hartuta, instalazioetarako sarbidea, prestakuntza-baliabideak eta ebaluazio-proba egokituak bermatzea.

• Eztabaidarako eta hausnarketarako gune bat sortzea Agenda2030ren ondorengo aldirako trantsiziorako, eta datozen urteetarako jardun-ildoak eta helburuak ezartzea.

• Unibertsitateko ostalaritza-establezimenduetan eta vending makinetan elikadura-eskaintza zaintzea, kontsumo jasangarria eta osasungarria sustatuz, eta elikadura-behar desberdinetara egokituz.

• Campus guztietan behar bezala hornitutako jantokien eskaintza bermatzea eta handitzea.

• Garraio publikoa finkatzea campusetarako sarbide nagusi gisa, eta campusen arteko loturak hobetzea. Horretarako, beharrezkoa da Aldundiekin harreman etengabeak eta arinak izatea, beharrezkoak diren garraio-zerbitzuak bermatzeko.

 

Araudia eta erregulazioa

Unibertsitatea erakunde arautua eta burokratizatua da, unibertsitatearen funtzionamenduaren oinarri diren araudi ugariren bidez. Unibertsitate Sistemaren Lege Organiko berria (LOSU) onartu denez, araudiak eraldatu behar dira lege horri egokitzeko. Ikasleok prozesu horretan eta, ondorioz, erabakiak hartzerakoan parte hartu behar dugu. Gure proposamenak hauek dira:

• ⁠Graduko titulazio ofizialetan Ikasleen Ebaluazioa Arautegia aldatzea.

⁠• Ebaluazio jarraituaren kontzeptua araudiaren bidez berrikustea, titulazio guztietan ezarri beharreko esparru komun eta garatu bat ezartzeko.

• Ebaluazio jarraiturako erreklamazio-sistema bat sortzea.

• Zerbitzu Juridikoaren Erregelamendua aldatzea, Ikasle Kontseiluak zerbitzu juridikoari kontsultak egiteko aukera izan dezan.

 

Ikasle garen aldetik, unibertsitate publiko batean sinesten dugu, non gure parte-hartzea bere garapenerako funtsezkoa den. Unibertsitatea, demokraziaren zutabe gisa, gizartea eraldatzeko tresna bat da, eta bere gobernantzak aldaketarako gaitasuna zehazten du. Ikasleok gure unibertsitateko erabakiak hartzeko prozesuetan eragile nagusiak izateko momentua da.

Ideia hauek aurkezten ditugu hauteskunde-programetan sartzeko itxaropenarekin, unibertsitate publiko justuago eta eskuragarriago bat elkarrekin eraikitzeko.