Info_fondo_social

UPV/EHU graduko matrikuletarako gizarte funts bat prestatzen ari da

Unibertsitateko 2013ko aurrekontu aurreproiektuan neurri hau proposatu da, krisi ekonomikoaren eraginez egin ezin diren ordainketen ondorioak arintzeko

Gaur Bizkaia Aretoan egin den Gobernu Kontseiluan, errektorego taldeak Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak 2013an izango duen aurrekontuaren aurreproiektua aurkeztu du. Aurreikusitako diru murrizketak gorabehera, ekimen berri bat sartu da: ikasleen matrikuletarako gizarte funts bat sortzeko aukera.

Gizarte funts horren helburua izango litzateke krisi egoera honetan graduko eta lehenengo eta bigarren zikloko ikasketetako matrikula gastuak ordaindu ezin dituzten pertsonen matrikula gastuak ordaintzea.  Proposamen hau osatzeko, gaurko Gobernu Kontseiluan erabaki dute, Graduko eta Lehenengo eta Bigarren Zikloko Ikasketen Gestiorako Arautegiko 35. artikuluan jasotako zenbait zehaztapenen eraginkortasuna bertan behera uztea.

Artikulu horretan ezartzen zen, matrikularen prezioaren zatiren bat edo ezer ez ordaintzeak matrikula baliogabetzea ekarriko zuela, eta ikasleak ez zuela eskubiderik izango dirurik bueltan jasotzeko; ezin izango zituztela UPV/EHUren zerbitzuak erabili; eta, azkenik, unean uneko ikasturteko matrikula berreskuratu nahi zuten ikasleek maiatzaren 1a baino lehen ordaindu beharko zutela zor zuten dirua.

Arau hau mantentzeak, zein egunetan gauden ikusita, gizarte funts bat sortzeko proiektua baliogabetuko luke; hortaz, arau horren eraginkortasuna bertan behera utzi da.

Iñaki Goirizelaia errektorearen iritziz, premiazkoa zen neurri hau hartzea. "Lehenengo eta behin, zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonen garapen akademikoa epe laburrean arriskutan jar zezakeen arau baten eraginkortasuna bertan behera utzi dugu, baina bigarrenik, uste dugu are garrantzitsuagoa dela gizarte funtsa eratzea. Beti defendatu dut inork ez duela goi mailako hezkuntzarako sarbidea egoera ekonomikoaren ondorioz baldintzatuta ikusi behar, eta horrek, egungo krisi latz eta sakon honetan, erakunde guztien konpromisoa eskatzen du, baita unibertsitatearena ere".

2013ko aurrekontuen aurreproiektua

Krisi ekonomikoaren ondorioz eta administrazio publikoetako aurrekontuetan egon diren murrizketa garrantzitsuen ondorioz, UPV/EHUko aurrekontua, ekitaldi honetan, txikiagoa izango da, errektoreak martxoko Gobernu Kontseiluan iragarri zuen moduan. Murrizketa orokorra, %9,26koa izango da, hau da, 2012ko ekitaldian baino 40,1 milioi euro gutxiago egongo dira.

Orokorrean hitz eginda, aurkeztu den aurrekontuen aurreproiektuaren lehentasunak dira UPV/EHUk ikerketaren, graduondoko ikasketen, nazioarteko harremanen eta euskararen alde egindako apustua mantentzea, betiere, oso garbi izanik enplegua mantentzearen alde jokatuko dela. Ordainetan, aurreikusitako inbertsioek aldi berriak izango dituzte eta horrek atzeratu egingo du horietako batzuk gauzatzea.

Aurrekontu arruntaren gastuen kapituluan, I. Kapitulua, pertsonalaren gastuei dagokiena, ez da ukitu, baina aurrekontu horretako gastu orokorren guztizkoa %4,71 murriztu da. Inbertsioen atalean, ordea, murrizketa handiagoa da. Zehazkiago, Inbertsioen Urte Anitzerako Planerako planaren barruan %53,11ko murrizketa egon da eta 2012an ia 17 milioi egon baziren, aurten 7,9 milioi egongo dira. Bestalde, programa kontratuen barruan, %15eko murrizketa egon da. Programa kontratuen atal horretan ere, enplegua mantentzeko apustua egin da.

Guztira, aurtengo aurrekontu aurreikuspena 392.860.000 eurokoa da; iaz, aldiz, 432.960.000 eurokoa izan zen.

Aurreko Gobernu Kontseiluan, dagoeneko, Iñaki Goirizelaia errektoreak unibertsitatearen egoera ekonomikoari buruzko gogoeta zabala egin zuen bere txostenean: "Gobernuak Euskal Herriko Unibertsitateari esleitutako zenbatekoek oso aurrekontu estuak eta gogorrak egitera behartzen gaitu, eta lanpostu guztiak bermatzeko, beste partida batzuk nabarmen murriztu beharko ditugu, baita unibertsitateko kide guztien artean aurrekontu arduratsu bat prestatu ere". Orduan iragarri zen apirileko bileran lehenengo aurreproiektua aurkeztuko zela. "Autonomia erakundearen aurrekontuen ezegonkortasun testuingurua gorabehera", adierazi du orain, "aurreproiektu honen aurkezpena erakunde erantzukizunaren printzipioari jarraituz egin da, unibertsitatearen autonomiaz baliatuta".

Aurreproiektua Gobernu Kontseiluan aurkeztu ondoren, kontseiluko kideek maiatzaren 10etik 23ra proposamenak eta alegazioak aurkezteko aukera izango dute, Gobernu Kontseiluak seguruenik maiatzaren amaieran izango duen bilerarako aurreikusten baita behin betiko aurrekontua aurkeztea.