Gipuzkoako Campuseko leihoa
Gipuzkoako Campusak komunikazio-gune berri bat izan dezan, GIPUZKOAKO CAMPUSEKO LEIHOA eratu da (aurrerantzean, CAMPUSEKO LEIHOA).
CAMPUSEKO LEIHOA, hain zuzen, Campuseko Errektoreordetzak Gipuzkoako Campuseko unibertsitate-komunitateko kideen esku jartzen duen tresna da, eta Campuseko bizimodua aberastuko duten ekimen ez-instituzional guztietarako topagune bilakatzea du helburu.
Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetza arduratzen da, Prentsa Kabinetearekin koordinazioan, CAMPUSEKO LEIHOA antolatzeaz, kudeatzeaz eta kontrolatzeaz.
2. PARTE HARTZEKO BALDINTZAK
2.1. Nork eska dezake informazioa argitaratzeko?
Unibertsitate-komunitateko zeinahi kidek (II, AZP edo ikasleak), bere burua behar bezala aurkeztu ondoren, eskatu ahal izango du CAMPUSEKO LEIHOAN zerbait argitaratzea.
2.2. Errespetatu beharreko printzipio eta balioak
Emandako informazioaren edukiak legezkoa izan behar du, eta ez du UPV/EHUren izaeraren eta bere Estatutuetan zehaztutako helburuen aurka egin behar, ezta indarrean den gainerako legediaren aurka ere.
2.3. Ekimen askotarikotasuna
Argitaratzeko moduko eskariak, besteak beste, honako hauek izan daitezke:
- Campusean egiten diren jarduerei buruzko informazioa (diploma-banaketak, sari-banaketak, inaugurazioak, topaketak, hitzaldiak, lehiaketak…).
- Unibertsitateko taldeko kideei egindako aintzatespenak (omenaldiak, sari-banaketak, heriotza-oharrak...).
- Iritzi-artikuluak.
- …
Oro har, ez dira onartuko aldarrikapen politiko eta komertzialak.
2.4. Informazioaren edukia:
Argitaratzeko eskatzen diren testuei dagokienean, parte-hartzaileek kontuan hartu beharko dituzte ohar hauek:
- Bidali aurretik, informazio-iturriak egiaztatu beharko dira.
- Bereizi egin behar dira, batetik, egiaztatzeko moduko gertakari eta datuak, eta, bestetik, iritzi eta interpretazio pertsonalak.
- Hala badagokio, harremanetarako datuak eman beharko dira; hain zuzen, irakurleek, hala nahi izanez gero, informazio gehigarria eskuratu ahal izateko.
- Artikuluren bateko hitzak edo paragrafoak erabiltzen badira, ezinbestekoa izango da edukiaren bibliografia-iturria edo webgunearen esteka adieraztea.
- Ezingo da txertatu, ezta manipulatu ere, inolako argazkirik, egilearen baimenik gabe.
2.5. Izapideak
Interesa duen unibertsitate-komunitateko kideak (AZP, II edo ikasleak) mezu elektroniko bat bidali beharko du CAMPUSEKO LEIHOAREN webgunean horretarako jarriko den helbidera. Bertara sartzeko, bestalde, UPV/EHUren webgune korporatiboan Gipuzkoako Campusari dagokion gunean egongo den "banner" bat erabili beharko du.
Aipatutako mezu horretan, honako hauek adierazi beharko ditu, gutxienez: egilea identifikatzeko datuak, argitaratu nahi den informazioaren izenburua, argitaratu nahi den informazioari dagokion testu osoa (harremanetarako datuak ere zehaztu beharko ditu, behar izanez gero informazio gehigarria eskatu ahal izateko).
Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzak aztertuko du mezua, bere Unibertsitate Hedapenerako Zuzendaritzaren bitartez.
Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzak beretzat gordetzen du jasotako informazioak argitaratzea onartzeko edo baztertzeko eskubide osoa; betiere, bere irizpideen arabera.
Bidalitako informazioa interesgarritzat joz gero, CAMPUSEKO LEIHOAN argitaratuko da. Hala izan ezean, interesdunari jakinaraziko zaio bere eskaria ez dela onartu.
Argitaratutako informazioak gutxienez 14 egun naturalean egongo dira bertan. Hizpide duten ekimena igaro ondoren, berriz, kendu egingo dira.
Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzak, bestalde, CAMPUSEKO LEIHOAN argitaratutako informazioa erabili ahal izango du unibertsitateak gerora egin nahi dituen argitalpenetan (esaterako, urtekariak, argitaratutako informazio-bildumak…); nolanahi ere, egileak errespetatuko ditu.
CAMPUSEKO LEIHOAN informazioa argitaratzeko eskaria bidaltze hutsagatik, Campuseko Errektoreordetzak ezarritako baldintzak onartu beharko ditu egileak.
3. LEGE-INFORMAZIOA
Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzak ez du bere gain hartzen CAMPUSEKO LEIHOAN argitaratutako informazioaren eta iritzien edukiaren erantzukizunik.
Informazioaren egileak, aitzitik, bere gain hartuko du argitaratzea eskatutako informazioaren erantzukizun osoa.
Nolanahi ere, kontuan hartu beharko dira UPV/EHUren webgune korporatiboko "Lege-informazioa" atalean adierazitako ohartarazpen guztiak.