Araudia
UPV/EHUko ikasleen elkarteei buruzko oinarrizko araudia Ikasleen Araudia da, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2012ko ekainaren 21ean onartua, eta EHAAn 2012ko uztailaren 31n argitaratua (egun horretan sartu zen indarrean).
IV. TITULUA
IKASLEEN ELKARTEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
49. artikulua.- UPV/EHU-ko ikasleen elkartearen kontzeptua.
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen ikasleen elkarteak izango dira Titulu honen arabera eratutako guztiak, eta, partaidetza eta ordezkaritza demokratikoko printzipioen arabera, honako helburu hauek dituztenak: goi mailako hezkuntza, kulturaren sustapena, unibertsitateko eta kulturako ondasunen defentsa, garapen zientifikoa, kulturala eta artistikoa, jarduera profesionaletan aritzeko prestakuntza eta horren antzekoak, UPV/EHUko Estatutuen eta indarrean dagoen gainerako ordenamendu juridikoaren arabera.
UPV/EHUko ikasleen elkarteek unibertsitateko organoekin lankidetzan jardun ahal izango dute, zehazten den moduan.
Elkarteen erregistroaz arduratzen den Errektoreordetzak horien barne-sailkapena egin ahal izango du.
50. artikulua.- Araubide juridikoa.
Ikasleen elkarteak beren estatutuen, Arautegi honen eta aplikagarri zaizkion gainerako araudien bidez arautuko dira.
Arautegi honetatik kanpo geratzen dira elkarte alderdikoiak, erlijiosoak eta irabaziak lortzeko asmoak dituztenak, baita UPV/EHUren helburuen kontra daudenak edo unibertsitateko kideen eskubideren bat urratzen dituztenak ere.
II. KAPITULUA
JARDUERA EREMUA, PARTE HARTZEKO BETEBEHARRAK, EGOITZA ETA LOKALAK
51. artikulua.- Jarduera eremua.
Ikasleen elkarteen jarduera eremua UPV/EHU da. Elkarteek ikastegi batean edo hainbat ikastegitan jardungo dute, eta, hala behar izanez gero, unibertsitateko beste egitura batzuetan. Unibertsitate eremutik kanpo jarduerak egin ahal izango dituzte; betiere, horiek modu egokian egin badaitezke.
52. artikulua.- UPV/EHU-ko ikasleen elkarte gisa onartua izateko gutxieneko baldintzak.
1.- UPV/EHUko Ikasleen Elkarte gisa aitortua izateko, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erroldan edo beste Elkarteen Errolda Publiko batean.
2.- Era berean, UPV/EHUko ikasleen elkarte gisa aitortua izateko, elkarteak, gutxienez, 5 kide izan beharko ditu, eta errespetatu beharko du, edonola ere, honako osaera hau:
a) Elkarteko kide guztien % 70, gutxienez, UPV/EHUko ikasleak edo ikasle ohiak izango dira.
b) Edonola ere, elkarteko kideen % 40k UPV/EHUko ikasleak izan beharko dute.
3.- Zuzendaritza Batzordeko kideek UPV/EHUko ikasleak izan beharko dute, eta ezin izango dute aldi berean beste Ikasleen Elkarte bateko Zuzendaritza Batzordeko kide izan.
4.- UPV/EHUko ikasletzat hartuko dira titulu ofizialak, berezko tituluak, edo bizitzan zeharreko prestakuntzako beste ikasketa espezifiko batzuk eskuratzeko matrikulatuta dauden pertsona guztiak.
53. artikulua.- Egoitza soziala.
UPV/EHUk onartutako ikasleen elkarteek UPV/EHUn izango dute beren egoitza soziala. Salbuespen gisa eta behar bezala justifikatuta, egoitza soziala UPV/EHUtik kanpo edukitzea onartuko da; alabaina, ohartarazpenak UPV/EHUren posta-kutxan egingo dira. Egoitza sozialaren aldaketa ikasleen gaietarako eskumenak dituen Errektoreordetzari jakinaraziko zaio, eta honek onartu egin beharko du.
III KAPITULUA
UPV/EHU-KO IKASLEEN ELKARTE GISA ONARTUA IZATEKO PROZEDURA ETA IZEN-EMATEAN SORTUTAKO ESKUBIDEAK
54. artikulua.- UPV/EHU-ko ikasleen elkarteen erregistroan izena ematea.
1.- UPV/EHUko Ikasleen Elkarteen Erregistroan izena eman ahal izateko, elkarteek aldez aurretik izena emanda egon beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erroldan edo izaera publikoko beste Elkarteen Erregistroren batean.
2.- Ikasleen Errektoreordetzaren menpekoa den UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan izena emateko, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Elkartea EAEren Elkarteen Erroldan edo izaera publikoko beste Elkarteen Erregistroren batean izena emanda dagoela erakusten duen ziurtagiriaren kopia bat.
b) Elkartea osatzen duten pertsonen kopurua. UPV/EHUko ikasle diren bazkideen zerrenda eta, hala behar izanez gero, UPV/EHUko ikasle ohien zerrenda, izena, abizenak eta NAN zenbakia berariaz adierazita.
c) Zuzendaritza Batzordearen osaera, eta batzordekideen kokalekua, telefonoa eta haiekin harremanetan jartzeko helbidea.
d) Dagokion Ikastegiaren edo Campusaren txostena, elkartearen egoitza ikastegi batean edo UPV/EHUko lokal batean jartzeko. Era berean, aurreko artikuluan aurreikusitakoak jasoko dira txosten horretan. Eskaera aurkeztu eta hilabete bateko epean aipatutako txostena aurkeztu ezean, letra honen eskakizuna gainditzeko nahikoa izango da behar bezala erregistratutako eskaera aurkeztea.
e) Elkartearen jarduera eremuaren arabera, dagokion Ikasleen Kontseiluaren txostena. Eskaera aurkeztu eta hilabete bateko epean aipatutako txostena aurkeztu ezean, letra honen eskakizuna gainditzeko nahikoa izango da behar bezala erregistratutako eskaera aurkeztea.
f) Jarduera-egitaraua.
g) UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan izena emateko eskaera normalizatua (doc, 273 Kb).
3.- Prozedura amaituko da UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan izena ematean edo ikasleen gaietarako eskumenak dituen Errektoreordetzak erregistroa ukatzeko hartutako erabaki arrazoitua jasotzean. Bi kasuetan eskatzaileari jakinaraziko zaio, gehienez hiru hilabeteko epean, aurreko ataleko g) letran aurreikusitako UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan izena emateko eskaera normalizatuan horretarako adierazitako lekuan.
4.- UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan izena ematea ukatzen duen erabakiaren aurka gorako errekurtsoa jarri ahal izango da errektorearen aurrean, hilabeteko epean.
55. artikulua.- Izena ematean sortutako eskubideak.
1.- UPV/EHUko Ikasleen Elkarteen Erregistroan izana emateak webgune bat, posta elektroniko bat eta unibertsitateko gune batean altzari itxi bat izateko eskubidea ematen du.
2.- Ikastegi eta campusetako premien memoriek gune bat aurreikusi beharko dute, dagokion eremuan aldi berean egon daitezkeen elkarteetarako.
3.- Elkarte hauek egiten dituzten jarduerak eta horietan parte-hartzea diruz lagundu ahal izango dira, ezarritako baldintzetan, baldin eta ikasleek berdintasunaren eta bazterkeriarik ezaren printzipioa errespetatuz parte hartzen badute. UPV/EHUk horretarako partidak bideratuko ditu bere aurrekontuetan.
IV. KAPITULUA
UPV/EHU-KO IKASLEEN ELKARTE IZAERARI EUSTEA
56. artikulua.- UPV/EHU-ko ikasleen elkarte izateari eustea.
1.- UPV/EHUko ikasleen elkartea izaten jarraitzeko, elkarteek UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan izena emateko eskakizunak betetzen jarraitu beharko dute. Horren harira, elkarte guztiek, bi (2) urtean behin eta lehen lauhilekoan, ikasleen gaietarako eskumenak dituen Errektoreordetzari honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dizkiote:
a) Elkarteak aurreko bi ikasturteetan egindako jarduerei buruzko memoria bat, non bereziki nabarmenduko diren unibertsitate-organoren batek diruz lagundutako jarduerak edo proposamenak.
b) Elkarteko burua, idazkaria eta Zuzendaritza Batzordeko kideak UPV/EHUko ikasleak direla erakusten duten dokumentuak. Era berean, bazkide guztien zerrenda eguneratua aurkeztu beharko da. UPV/EHUko ikasleen elkarte gisa erregistratuta egoteari eusteko, Arautegi honen 52. artikuluak ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira.
Elkartearen liburuak agintaritza akademikoen eta publikoen esku egongo dira.
2.- Estatutuetan edo zuzendaritza-batzordean eginiko aldaketa guztiak ikasleen gaietarako eskumenak dituen Errektoreordetzari jakinaraziko zaizkio, hilabeteko epean, eta honek Arautegi honekin bat datozen egiaztatuko du. Aldaketak Arautegira egokitzen ez badira, izen-ematea ezeztatzeko prozedura hasiko da.
57. artikulua.- Ez-betetzea.
Titulu honen aurreikuspen baten bat bete ezean, elkartea ohartarazteko espediente bat irekiko da, eta hilabeteko epea emango zaio, aurkitutako akatsak zuzen ditzan. Epe hori igarota akatsak zuzendu ezean, elkarteak ezin izango du UPV/EHUren laguntzarik eskatu, urtebetean. Hurrengo ikasturtearen lehenengo lauhilekoan akatsak ez badira zuzendu, UPV/EHUko Elkarteen Erregistroan behin betiko baja emango zaio elkarteari, eta, horrekin batera, aitortutako eskubideak galduko ditu, baita, hala balitz, emanak izan ditzakeen laguntzak ere.
V. KAPITULUA
IKASLEEN ELKARTEETAN PARTE HARTZEKO MEKANISMOAK
58. artikulua.- Jarduerak.
1.- Unibertsitateko bizitzan parte hartzeko, ikasleen elkarteek beren intereseko jarduerak egingo dituzte, Estatutuen 4. artikuluan aurreikusitako UPV/EHUren helbururen bat lortze aldera.
2.- Parte-hartzea, batez ere, elkarteek antolatutako jarduera zientifiko, kultural, artistiko edo bestelakoen bidez bideratuko da, eta jarduera horiek baliagarriak izango dira ondare intelektuala, humanistikoa, kulturala eta zientifikoa aberasteko, bai eta ikasleen eta, oro har, euskal gizartearen ongizatea, prestakuntza osoa eta garapena bultzatzeko ere.
3.- Ikasleen elkarteek UPV/EHUn eta kanpoan eginiko jarduera mota guztiek antolamendu juridikoa erabat errespetatu beharko dute. UPV/EHUko ikasleen elkarte gisa deitutako jarduera guztien berri emango zaio UPV/EHUri, eta, hala behar izanez gero, hark baimendu beharko ditu. Arautegi honen 57. artikuluan aurreikusitakoaz gainera, antolamendu juridikoaren arau-hauste larrien eraginez jasotako zigor irmo batek edo antolamendu juridikoaren arau-hauste arinen eraginez jasotako bi zigor irmok edo gehiagok UPV/EHUko ikasleen elkarte izatearen galera eragingo dute.
4.- UPV/EHUren lurralde eremuan, elkarteko kideei edo jende guztiari bideratutako edozein jarduera egin aurretik, UPV/EHUko ikasleen elkarteek okupatu nahi dituzten guneak erabiltzeko baimena eskuratu beharko dute, Titulu honetan ezarritako baldintzetan.
59. artikulua.- Ikasleen erakundetan parte-hartzea.
1.- UPV/EHUko ikasleen elkarte gisa erregistratutako elkarteek sareetan edo konfederazioetan sartzeko eskubidea izango dute, edozein arlotan.
2.- UPV/EHUk laguntza emango du, dagokion eskumenen esparruan eta eskura dituen bitartekoen arabera, ikasleen elkarteak erakunde horietan sar daitezen.
VI. KAPITULUA
IKASLE OHIEN ELKARTEAK
60. artikulua.- UPV/EHU-ko ikasle ohien elkarteak.
1.- UPV/EHUko ikasle ohien elkartetzat hartuko dira Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle izandako 5 kide dituztenak, baldin eta kide horiek elkartekide guztien % 70 badira. Horrez gain, Arautegi honen 52. artikuluan eskatutako baldintzak bete, eta 49. artikuluan aurreikusitako helbururen bat lortzeko xedea izan beharko dute. Zuzendaritza Batzordeko kideek, edonola ere, Unibertsitateko ikasle ohiak izan beharko dute, eta ezin izango dute aldi berean beste ikasleen edo ikasle ohien elkarte bateko Zuzendaritza Batzordeko kideak izan.
Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, ikasle ohiak izango dira UPV/EHUren titulu ofizialen bat edo berezko tituluren bat dutela egiaztatzen duten pertsonak.
2.- UPV/EHUko ikasle ohien elkarteek unibertsitate honen irudia sustatuko dute, eta lankidetzan jardungo dute, egresatuak lan arloan sartzeko, ikasle berriak prestatzeko, eta jarduerak antolatzeko, bai kulturalak bai interes sozialekoak. Ikasle ohien elkarteek unibertsitatea xede duten mezenasgo-jarduerak bultzatuko dituzte, baita unibertsitatearen eta gizartearen arteko loturak areagotzeko baliagarriak diren beste jarduera batzuk ere.
3.- UPV/EHUk laguntza emango du, ikasle ohien elkarteak nazioartean hedatzeko, horien arteko sareak garatzeko eta unibertsitateen arteko jarduerak egiteko.
4.- Unibertsitateak eskura dituen bitartekoen arabera, ikasle ohien elkarteek Arautegi honen 55. artikuluan aurreikusitako eskubideak izango dituzte, horiek ikasleen elkarteei bermatu ondoren. Dena den, elkarte horiek bultzatzeko beste neurri batzuk ere hartu ahal izango dira.
5.- Gainerakoan, ikasle ohien elkarteei Titulu honetan adierazitakoa aplikatuko zaie, V. kapituluan ezarritakoa izan ezik. Era berean, 4 urtean behin egiaztatu beharko dute izena emanda egoten jarraitzeko eskatutako baldintzak betetzen dituztela.
XEDAPEN OSAGARRIA
Izena emandako elkarteak.
Arautegi hau indarrean sartzen den egunean Elkarte Publikoen Erregistro batean izena emanda dauden baina 52. artikuluaren a) eta b) letretan adierazitakoa betetzen ez duten elkarteek UPV/ EHUko Elkarteen Erregistroan izena emateko eskatu ahal izango dute, baldin eta 5 kide, gutxienez, UPV/EHUko ikasleak badira. Halakoetan, UPV/EHUko elkarte gisa izena ematen dutenean, "UPV/ EHUko atala" adieraziko da, berariaz, eta kasuan kasuko elkartearen jarduerak UPV/EHUko ikasle diren elkartekideek gauzatzen dituztela ulertuko da.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Elkarteak araudira egokitzea.
Gaur egun UPV/EHUn jarduten duten elkarteek sei hilabeteko epea izango dute, arautegi berrira egokitzeko, Arautegi hau indarrean sartzen den egunetik. Horretarako, aipatutako dokumentuak aurkeztu beharko dituzte Ikasleen Errektoreordetzan. Adierazitako epea igarotakoan Arautegi honetara egokitu ez badira, UPV/EHUko ikasleen elkarte izateari utziko diote.