UPV/EHUko IKASLE KONTSEILUAREN KOMUNIKATUA ZUZENBIDE FAKULTATEAN (BIZKAIKO ATALA) IZANDAKO GERTAKARIEI BURUZKOA

UPV/EHUko IKASLE KONTSEILUAREN KOMUNIKATUA ZUZENBIDE FAKULTATEAN (BIZKAIKO ATALA) IZANDAKO GERTAKARIEI BURUZKOA

Azken egunotan Zuzenbide Fakultatean, zehazki Bizkaiko atalean, ordezkapen-egoeran dagoen irakasle batek sare sozialetan egindako komentario matxista, LGTBIfobiko eta xenofoboei dagokienez izandako gertakariak direla eta, kaltetutako ikaslegoaren eskubideak eta interesak defendatzeko beharra ikusten dugu.

 

Horregatik guztiagatik, UPV/EHUko Ikasle Kontseilutik,

 

LEHENENGOA. Gure ustez, unibertsitate publikoa ezagutza eta balioak transmititzeko lekua da, eta erreferente euskal gizartearentzat. Aitortzen dugu gure prestakuntzaren kalitatea gure irakasleen esku dagoela neurri handi batean, unibertsitateko irakaskuntzarekin eta balioekin konprometituta egon behar baitute. Horregatik, aringarririk gabe arbuiatzen ditugu aipatutako irakaslearen jarrerak, gure unibertsitatean nahi ditugun balio demokratikoen eta errespetuzkoen aurka doazelako erabat. Onartezina da erakunde hori horrelako adierazpenekin lotzea.

 

BIGARRENA. Erabateko babesa adierazi nahi diogu Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbidea I irakasgaiko irakaskuntza jaso duen 301 Taldeko ikaslegoari, eta haien esanetara jartzen gara behar dutenerako. Bide batez, ikasle talde honek egindako komunikatua azpimarratu nahi dugu. Izan ere, ikusezina izan da, eta egoera hori zuzenean bizi izan dutenen testigantzak jasotzen ditu. Ikasle horiek dira pertsona horrengandik irakaskuntza jaso dutenak eta ondoren eskolak etenda ikusi dituztenak. Hori dela eta, une oro entzun behar zaie, dagokion prozedurak irauten duen bitartean.

 

HIRUGARRENA. Unibertsitate publikoa bezalako erakunde batean horrelako egoera onartezinak salatzeko ikasleek mobilizatzeko duten eskubidea aldarrikatzen dugu, betiere errespetuan oinarrituta eta mehatxuzko edota beldurrezko jarrerarik gabe, unibertsitate justuago eta demokratikoago baten eraikuntzan lan egiteko helburuarekin. Hori dela eta, erabat gaitzesten dugu ikasleen kriminalizazioa komunikabideen aldetik, titularren eta albiste sentsazionalisten bidez errealitatea desitxuratu baitute mobilizatu den ikaslegoa jomugan jarriz. Errespetua eta tratu duina eskatzen diegu hedabideei, baita informazioa kontrastatzea eta zuhurtzia-maila bat ere horrelako albisteak argitaratu aurretik.

 

LAUGARRENA. Funtsezkotzat jotzen dugu zuhurtziaz jokatzea eta informazioa kontrastatzea, egoera horretatik eratorritako ondorioek izan dezaketen garrantzia kontuan hartuta.

 

Unibertsitatea mobilizaziorako eta aldarrikapen sozialerako gune bat da, protesta baketsuaren bidez agertzen dena, eta hori ere gure nortasunaren parte da, UPV/EHUren Kode Etikoaren aurka egin dezaketen adierazpen intolerante eta errespetugabeak erabat arbuiatzen dituena, baina, bereziki, garen eta izaten jarraituko dugun UPV/EHUn lekurik ez duten jarrerei aurre egiten dien bat.

 

Leioa, 2024ko urriaren 6a.

 

 

UPV/EHUko Ikasle Kontseilua

Consejo de Estudiantes de la UPV/EHU