Tutoretzen betetze-erregimena

Tutoretzen betetze-erregimena

Tutoretzen araudia

UPV/EHUko irakasle-ikertzaileen artean irakaskuntza esleitzeko arautegi berrian hirugarren xedapen gehigarrian honako hau aipatzen da:

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Tutoretzak.

1.– Graduko eta graduondoko ikasleek ikaskuntza prozesuan laguntza eta orientazio indibiduala jasotzeko eskubidea dute, ikasturte osoan emango diren tutoretzen bidez.

2.– Irakaskuntza ematen duen irakasle-ikertzaile orok tutoretzak finkatzeko betebeharra du.

Irakasle-ikertzaileek, tutoretzen ordutegia finkatzean, kontuan hartu beharko dituzte ikasleen interesak eta beharrak, eta zerbitzu hori arrazionaltasunez erabil daitekeela bermatuko dute. Ikastegiko eta saileko zuzendariek, Ikuskaritza Zerbitzuaren lankidetzaz, irakasle-ikertzaileek finkatutako tutoretza ordutegiak gainbegiratuko dituzte, lehen esandakoa betetzen dutela eta ikasturteko irakaslanaren antolakuntza planera egokitzen direla ziurtatzeko; hala ez bada, aldaketak egiteko eskatuko diete irakasle-ikertzaileei.

3.– Tutoretzen ordutegia finkatzean, irakasle-ikertzaileek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

3.1.– Irakasle edo ikertzaile bakoitzak bere tutoretzen ordutegia GAUR aplikazio informatikoan grabatu beharko ditu, lauhileko bakoitza hasi aurretik.

3.2.– Irakasle-ikertzaileek beren funtzionario edo kontratu bidezko harremanean eduki dezaketen irakaskuntza osoa esleitua ez badute ere, oro har, tutoretza ordu guztiak egin behar dira, eta ezin dira metatu; hau da, ikasturte osoan egin behar dira, irakaskuntza osoa lauhileko bakar batean metatuta eduki arren.

3.3.– Irakasle-ikertzaileek beren funtzionario edo kontratu bidezko harremanean ezarrita dituzten tutoretza orduak astero bete beharko dituzte, eta ordu horiek, gutxienez, bi astegunetan –astelehenetik ostiralera– banatuko dituzte. Tutoretza saio bakoitza gutxienez ordubetekoa izango da.

3.4.– Irakasle-ikertzaileek tutoretzak ikasturte osoan mantendu behar dituzte, esleitutako irakats betebeharraren azken deialdia egin arte. Hau da, tutoretzak lehen lauhilekoan mantendu behar dira, hasieratik bigarrenaren hasiera arte, eta bigarren lauhilekoan, hasieratik esleitutako irakats betebeharraren azken deialdia egin arte, deialdiaren berrikuspena barne hartuta.

3.5.– Tutoretzen ordutegian egindako aldaketa oro GAURen grabatu beharko dute irakasle-ikertzaileek, hiru egun natural lehenago gutxienez. Salbuespen kasuetan eta hiru eguneko epea bete ezin bada, irakasleek ordutegia aldatu ahal izango dute, baldin eta inprimaki normalizatu batean argitaratzen eta tutoretzak egiten dituzten bulegoaren atean jartzen badute. Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak, edo haren ordezkoak, inprimakia baimendu eta sinatu beharko du.

3.6.– Irakasle edo ikertzaile batek irakaskuntza bi ikastegitan ematen badu, tutoretza orduak ikastegi bakoitzean esleituta duen irakaslanarekiko proportzionaltasunez banatu beharko ditu.

4.– Aipatu berri den araubide orokorrean salbuespen hauek ezartzen dira:

4.1.– Tutoretzak asteko lanegun bakarrean egin ditzakete honako hauek:

– Funtzionario edo kontratu bidezko harremanaren ondorioz astean 4 eskola eta tutoretza ordu baino gehiago eman behar ez dituzten irakasle-ikertzaileak, baldin eta haien ordutegiarekin bateragarria bada betiere.

– Murrizketak direla eta, aurreko egoera berean dauden irakasle-ikertzaileak.

– Irakaskuntza osoa atxikita ez dagoen ikastegi batean eman behar duten irakasle-ikertzaileak, ikastegia beste campus batean edo 40 kilometro baino gehiagora dagoenean.

– Akreditaziorako konpromisoa sinatuta duten eta irakaskuntza lauhileko bakar batean duten irakasle-ikertzaileak, irakaskuntzarik gabeko lauhileko horretan bakarrik.

4.2.– Ikasleen oporraldietan, neguan eta udazkenean, ez da nahitaezkoa izango aurrez aurreko tutoretzak egitea, eta kontsultei bitarteko elektronikoen bidez erantzun beharko zaie, oporraldien osteko lehen 3 egunetan azterketak badaude.

5.– Lizentzia edo baimen bat hartu duten irakasle-ikertzaileek ez dituzte tutoretzak eman beharko, lizentziaz edo baimenaz gozatzen dauden bitartean. Aurrez aurreko tutoretzak eta bitarteko elektronikoen bidez egindakoak finkatutako ordutegian egin beharko dira.

6.– Ikertzaileen tutoretzei dagokienez, aurreko artikuluen aplikazioan, kontuan hartuko dira honako hauek:

6.1.– Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sisteman sartzeko kontratua duten eta eskolak ematen dituzten ikertzaileek beren irakaskuntza orduei dagozkien tutoretzen zati proportzionala finkatu beharko dute gutxienez, eskolak ematen dituzten asteetan, baita azterketa garaietan ere (astean 3 ordu 8 kreditu ematen badituzte, astean 1,5 ordu 4 kreditu ematen badituzte, eta horrela segidan).

6.2.– Prestakuntza bidean dauden ikertzaileek (doktore aurreko langile kontratuak), irakaslanetan laguntzen dutenean, ez dituzte tutoretzak finkatu eta grabatu beharko, irakasgaiaz arduratzen diren irakasleen zeregina izango baita.

Laugarrena.– Desgaitasuna duten ikasleak.

Desgaitasuna duten ikasleek horrelakorik behar badute, sailak egokitu egin beharko du metodologia eta ikasleen beharretara moldatutako tutoretza bereziak ezarriko ditu.

Bestalde, Graduko Ikasketen Gestiorako arautegiak ondorengo hau aipatzen du tutoretzen ordutegiaren argitalpenari buruz.

39. artikulua. Irakaskuntza Antolatzeko plana.

  1. Ikastegiko dekanotza edo zuzendaritzak hurrengo ikasturterako irakaslana antolatzeko plana jakinaraziko die zerikusia duten sail guztiei. Sailek, berriz, ikastegi bakoitzean eskolak ematen dituzten irakasle guztien irakaslanen behin betiko esleipena jakinaraziko dio ikastegi bakoitzari, tutoretza-orduak barne. Azken informazio hau lauhileko bakoitza hasi baino lehen argitaratuko da ikastegiaren web gunean. 
  2. ...
  3. Ikasleek eskubidea dute akademia ikasturtean zehar laguntza eta orientazioa jasotzeko ikasketa prozesuan barrena, xede honetarako tutoretzen bidez.
    Ezarritako tutoretza erregimena ikasturte osoan mantendu beharko da, azken deialdia egin eta burutu arte. Tutoretza ordutegiak lauhileko bakoitza hasi baino lehen argitaratuko dira GAUR aplikazioan eta, aldaketarik eginez gero, irakasleak aldaketa ere grabatu beharko du GAUR aplikazioan eta ikastegiko zuzendaritzak edo dekanotzak baimena eman beharko du, gutxien dela, aldaketak indarrean jarri baino 3 eskola egun lehenago argitaratu beharko dira.