HITZARMEN BAT TRAMITATZEKO JARRAIBIDEAK
ZER DIRA UPV/EHUren HITZARMENAK?
Ondorio juridikoak dituen erabaki bat da hitzarmena, UPV/EHUk beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin egindakoa, eta berekin dakar:
- bi aldeek interes orokorreko helburu komun bat izatea, eta
- beren gain hartzea interes orokor komun hori gauzatzeko betebeharrak.
Beraz, ez dira hitzarmenak:
- UPV/EHUk egindako kontratuak, interesak kontrajartzen dituen lotura juridiko bat dagoelako horietan aldeen artean, zeina bi aldeen artean zerbitzu trukea egiteko konpromisoaren bidez islatzen den. Alde bakoitzaren interes partikularra asetzeko egiten da kontratua, biek ez baitute helburu komunik.
- Jarduketa protokolo orokorrak edo antzekoak, asmo adierazpen hutsak badira.
- Dirulaguntzak, administrazio baten alde bakarreko egintzak diren neurrian. Horien bidez, pertsona publikoen edo pribatuen aldeko diru xedapenak egiten dira, onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe, baina baldintza gisa jarrita onura publikoko, interes sozialeko edo xede publiko bat sustatzeko helburu jakin bat betetzea.
Hala ere, hitzarmen baten bidez antola daitezke dirulaguntzak.
Aldeek haien arteko harreman juridikoari ematen dioten izenak ez du adierazten haien benetako izaera edo kontzeptua, eta figura baten edo bestearen aurrean gauden jakiteko, aurretiko ezaugarriei erreparatu behar diegu, aldeek beren arteko harremanari eman nahi dioten izena gorabehera.
Xehetasun gehiago nahi izanez gero, kontsultatu idazkari nagusiaren jarraibidea (dokumentu honen azpian).
Nolanahi ere, zalantzarik baduzu, idatzi helbide honetara: hitzarmenak@ehu.eus
NORK ESKA DEZAKETE HITZARMEN BAT IZAPIDETZEA?
Unibertsitate ikastegiek, sailek, unibertsitateko ikerketa institutuek, ikertaldeek, zerbitzuek eta UPV/EHUren nortasun juridikorik gabeko gainerako egiturek, bai eta errektorearen gobernu taldeko kideek ere.
Edonola ere, errektorearen gobernu taldeko kide baten eginkizuna izango da lankidetza hitzarmena unibertsitatearentzat beharrezkoa, egokia edo komenigarria den baloratzea, hitzarmena izapidetzea ala ez erabakitzea, eta, hala badagokio, organo eskudunari aurkeztea, onar dezan (Gobernu Kontseilua edo dagokion Campuseko Batzarra).
NORI BIDALI BEHAR ZAIO PROPOSAMENA?
Bidali lankidetza hitzarmenaren proposamena hitzarmenak@ehu.eus helbidera, honako hauek erantsita:
1.- Memoria. Honako hauek jaso behar ditu: hitzarmena izenpetzearen onura edo beharra, garatu beharreko jarduerak (iraupena eta egutegia zehaztuta, bai eta onuradun posibleak ere, halakorik balego), aldeen konpromisoak, beharrezko azpiegitura, eta hitzarmenaren helburuak betetzeko zer langile eta baliabide erabiliko diren.
Halaber, aztertu behar ditu sinatu nahi den hitzarmenaren beharra eta egokitasuna, haren inpaktu ekonomikoa eta hitzarmenean jasotako jardueraren kontratuz kanpoko izaera.
Beharra eta egokitasuna, hain zuzen, lankidetza hitzarmena izapidetzea eskatu duenaren balio iritzi bat da, eta esan nahi du hitzarmena izenpetzea komenigarria edo onuragarria dela unibertsitatearentzat, lagunduko duelako haren helburu propio edo estrategiko bat betetzen edo unibertsitatearen kudeaketa publikoa hobetzen, unibertsitatearen baliabide eta zerbitzu publikoak batera erabiltzea erraztuz, adibidez. Eta hori guztia aurrekontu egonkortasunerako eta finantza jasangarritasunerako legeria betez.
Inpaktu ekonomikoari dagokionez, hitzarmenek jasangarriak izan behar dute finantza ikuspegitik, sinatzaileek gaitasuna izan behar dute hitzarmenaren indarraldian hartuko diren konpromisoak finantzatzeko, eta egingo dituzten finantza ekarpenek ez dituzte gainditu behar hitzarmena betearaztetik sortutako gastuak. Hortaz, nahitaez aurkeztu behar da sarreren eta gastuen aurrekontua, eta aurrekontu horretan jaso behar da, alde batetik, UPV/EHUk egin dezakeen diru ekarpena; bestetik, diruzkoak ez diren beste ekarpen batzuk, hala nola langileen orduak edo gainerako kostuak (azpiegituraren erabilera).
Gainera, indarrean dagoen aurrekontu araudiaren arabera, hitzarmenen klausula batean jaso behar da hitzarmena betearaztean sortutako zeharkako kostuen ordainketa unibertsitateari (hornidura elektrikoa, gasa, azpiegiturak, etab.). Errektore taldeari dagokio betebehar horretatik salbuesteko erabakia hartzea, hitzarmena interes estrategiko edo sozial berezikotzat hartzeagatik.
2.- Hitzarmenaren testuaren zirriborroa. Gutxieneko eduki hau izan behar du:
a) Hitzarmena egin edo sinatuko duten organoak, jarduteko duten gaitasun juridikoa, alde bakoitzaren eskumena, eta jarduteko eta ordezkatzen duten erakundea behartzeko duten gaitasuna elkarri aitortzeko formula.
b) Hitzarmenaren xedea eta xede hori betetzeko subjektu bakoitzak egin beharreko jarduerak, lortutako emaitzen titulartasuna adieraziz, hala badagokio.
c) Konpromiso ekonomikorik izanez gero, urtekako denbora banaketa adierazi behar da, eta dagokion aurrekontuari egotzi, aurrekontu legerian jasotakoaren arabera.
d) Hitzarmena finantzatzeko modua eta beharrezko baliabide materialak eta giza baliabideak, hala badagokio. Bereziki, kontuan izan behar dira hitzarmena betetzeak unibertsitatearentzat izango dituen zeharkako kostuak. Unibertsitatearentzako diru sarrerarik egonez gero, UPV/EHUren aurrekontu araudiari jarraituz, % 18 erabiliko da kostu horiek ordaintzeko, eta horri buruzko klausula bat sartuko da. Unibertsitatearentzako ekarpen espezifikorik ez badago, ahalegindu behar da parte hartzen duten erakundeek kostu horiek estali edo konpentsatu ditzaten. Soil-soilik salbuetsiko da zeharkako kostuak onartzeko betebeharretik errektore taldeak erabakitzen duenean hitzarmena interes estrategiko edo sozial berezikoa dela.
e) Hitzarmena kudeatzeko antolakuntza baten premia edo ez, bere gain hartuko lukeena, besteak beste, hitzarmenaren inguruan sor daitezkeen interpretazio eta betetze arazoen ebazpena.
f) Hitzarmenaren indarraldia eta luzapena, sinatzaileek hala erabakiz gero. Oro har, indarraldia ez da izango 8 urtetik gorakoa, luzapenak barne. Zientziari buruzko Legearen 34.2. artikuluan aipatutako hitzarmenek 5 edo 10 urteko indarraldia izan dezakete, kasuen arabera, eta gehienez ere 5 edo 7 urtez luzatu ahal izango dira, hurrenez hurren.
g) Hitzarmena azkentzea aurreko paragrafoan aurreikusitakoaz bestelako arrazoiren batengatik, bai eta abian diren jarduerak amaitzeko modua ere, hitzarmena amaituz gero.
h) Kalte-ordaina zehazteko irizpideak, aldeetako batek hitzarmena betetzen ez badu.
i) Datu pertsonalen tratamenduari aplikatu beharreko araubidea, hala badagokio.
3.- Beste datu batzuk:
a) Hitzarmenaren izenburua.
b) Zer erakunderekin egin den hitzarmena.
c) Hitzarmena onartzeak UPV/EHUrentzat dakarren onuraren laburpena: hitzarmenak unibertsitatearen zer helburu betetzen laguntzen duen, UPV/EHUri eginiko ekarpen ekonomikoa, halakorik badago, zer GJH betetzen laguntzen duen, etab.
d) Hitzarmena izapidetzea eskatu duen pertsonaren harremanetarako datuak (telefonoa eta helbide elektroniko instituzionala), izapidetzean izan litezkeen gorabeherak konpontzeko.
ZEINTZUK DIRA IZAPIDEAK?
Aurkezpena.
Dokumentazioa egiaztatu ondoren, Idazkaritza Nagusiak errektoreordetza eskudunari bidaliko dio dokumentazio hori 10 eguneko epean, erabaki dezan ea komeni den izapideak egitea. Epe hori igarotzen bada aurkako baloraziorik gabe, izapidetzea hasiko da, eta hura eskatu duenari jakinaraziko zaio. Bestela ere berdin-berdin jakinaraziko zaio.
Proposamena kontratu bat edo beste tresna juridiko bat denean, lankidetza hitzarmena izan ordez, edo beste prozedura bat erabili behar denean, edota lankidetza hitzarmena onartzea ez dagokionean Gobernu Kontseiluari edo Campuseko Batzarrari, Idazkaritza Nagusiak horren berri emango dio organo proposatzaileari eta, hala badagokio, hitzarmena izapidetzea eskatu duenari. Zehazki, instrukzio honek araututako prozeduratik kanpo daude Gobernu Kontseiluaren erregelamenduaren 25. artikuluan zerrendatutako hitzarmenak.
Idazkaritza Nagusiak noiznahi egin ahal izango ditu idazketari buruzko oharrak eta espedientea izapidetzea eskatu duenari bidaliko dizkio, iradokizun horiek direla-eta nahi izanez gero aldaketaren bat egiteko.
Txostenak eskatzea.
Hitzarmena izapidetzeko behar diren txostenak eskatuko ditu Idazkaritza Nagusiak. Txostena eskatuko die lankidetza hitzarmenaren edukiak eragiten dien unibertsitateko organo edo unitateei.
Nolanahi ere, txostena eskatuko dio Gerentziari, eta horrek bere iritzia emango du hitzarmen bakoitzean jasotako operazioen aurrekontu egokitzapenari buruz. Txosten hori loteslea izango da eta kontuan izango du bereziki memoriak jaso beharreko “inpaktu ekonomikoari” buruzko informazioa, eta egiaztatu egingo du hitzarmenak jasotzen duen konpromiso ekonomikoaren “urtekako denbora banaketa…, bai eta dagokion aurrekontuari zehazki egotziko zaiona ere, aurrekontu legeriak xedatu duenaren arabera”. Halaber, egiaztatu egingo du zeharkako kostuak estalita daudela edo hori horrela ez izateko baldintzak betetzen direla.
Behin aurreko txostenak eginda, txostena eskatuko zaio beti Lege Zerbitzuari, eta ordura arte izapidetutako espedientea helaraziko zaio.
Oro har, txostenak nahitaezkoak dira, baina ez lotesleak, Gerentziaren txostena loteslea da operazioaren aurrekontu egokitzapenari dagokionez. Urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.5 artikuluak honela dio: “… hitzarmenek jasangarri behar dute finantzen aldetik, eta sinatzaileek gaitasuna izan beharko dute beren gain hartutakoak finantzatzeko hitzarmenak dirauen bitartean”. Beraz, Gerentziaren txostenak badio aurrekoa ez dela horrela edo gastuak ez duela aurrekontu kontsignaziorik, ezin izango litzateke izapidetzen jarraitu.
Testuak aldatu egiten dira sarri, egokitzeko Lege Zerbitzuak edo beste errektoreordetza batzuetako teknikari-letraduek dagokien arloari buruz eginiko legezkotasun oharretara. Aldaketak berekin dakarrenean testuaren atal baten aldaketa esanguratsua, berriro ere eskatu beharko zaio txostena errektoreordetzari edo aldaketak eragina izango duen organoari.
Behin txosten guztiak jasota, Idazkaritza Nagusiak espedientea bidaliko dio organo proposatzaileari, onartzeko eskumena duen organoari aurkez diezaion. Onespenik behar ez badu, hala adieraziko zaio izapidetzea eskatu duenari.
Onarpena.
Organo proposatzaileak egin beharrekoak egingo ditu lankidetza hitzarmenari buruzko puntua sartzeko organo eskudunaren bilkuraren gai zerrendan. Hala ere, ez da organo eskudunaren onespenik beharko, sinaduraren aurretik, dagokion lankidetza hitzarmena:
- egokitzen denean Gobernu Kontseiluak onartutako eredu edo zuzentarauetara, edo
- aldez aurreko onespen formula bat ezarri denean (esparru hitzarmen batzuen kasua izan ohi da, haien garapen hitzarmenei dagokienez).
Hitzarmena onartu ondoren, sinatu egin ahal izango da.
NORI DAGOZKIO LANKIDETZA HITZARMENAREN BETEARAZPENA, JARRAIPENA ETA KONTROLA?
Oro har, hitzarmena proposatu duen organoari dagokio hura betearaztea. Hala ere, hitzarmenaren ekimena izan bada unibertsitateko ikastegi, sail, unibertsitateko ikerketa institutu, ikertalde, zerbitzu eta UPV/EHUren nortasun juridikorik gabeko gainerako egiturena, horiei agindu ahal izango die hitzarmena betearaztea organo proposatzaileak, hitzarmena onartzeko erabakian.
Organo proposatzaileak dokumentua inskribatuko du hitzarmenen datu basean eta, behar besteko aurrerapenaz, dagozkion jarraipen eta kontrol zereginak egingo ditu behar diren gaiak kudeatzeko, hala nola hitzarmenaren indarraldia, salaketa, indarraldiaren luzapenak, eduki aldaketak edo, hala dagokionean, Kontu Auzitegira bidaltzea.