'Materialak+Teknologiak' Eskolako ikerketa-taldea Txindoki Institutuko ikasleekin elkarlanean
Lehenengo argitaratze data: 2024/03/15
'Materialak+TeKnologiak' Eskolako ikerketa-taldeko Aitor Arbelaiz, Cristina Peña eta Ander Larruskain ikertzaileek Elhuyarrekin elkarlanean dihardute “Gluoien Mahaia” izeneko proiektuan. Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du. “Jasangarritasunerako ikerketak gazteak inspiratzeko” izenpean, gazteak ikerketa mundura hurbildu nahi dira, ikerketa-taldeen laguntzarekin gazteek eurek ikerketa errealak egiten dituzte.
'Materialak+Teknologiak' Eskolako ikerketa-taldeak 20 urte baino gehiago daramatza material berriztagarriak aztertzen, eta horietako batean ardi latxaren artilea aprobetxatzeko aukerak ikertzen ditu. Artile hau gaur egun ez da ia sektore batean ere erabiltzen eta urtero 2000 t inguru sortzen dira.
Horregatik, gure ikertzaileek Beasaingo Txindoki Institutuko 3. DBHko ikasle talde bati kezka hori azaldu diete eta latxa ardiaren artilea duten eraikuntzarako konpositeak elkarrekin garatu dituzte. Lehengo saio batean institutuan bertan aurkeztu zuten proiektua: proiektuaren helburua eta lehen zati esperimentala planteatu zieten ikasleei. Ostean, aste honetan, gure Eskolan egon dira gazteak, lortutako probetak mekanikoki karakterizatzeko eta emaitzak ebaluatzeko. Azken saio batean, ikasleek ikertzaileekin eztabaidatuko dute zer emaitza lortu dituzten eta zer ikuspegi duten zuntz horiek aprobetxatzeko aukerei buruz.