Presentación

Aurkezpena

GIEL-ELIT ikerketa-taldea 2004an eratu zen ikergai nagusiaren inguruan: e-learninga. GIELen esanahia Grupo de Investigación en e-learning da; eta euskaraz, ELIT, hau da, e-learning Ikerkuntza Taldea.
 
e-learninga jarduera-arlo bizi-bizia da, oso azkar aldatzen delako. e-learningean, ikaskuntzaren arloko gizarte-zientzietako ikerketa-tradizio zaharrak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien antzeko joera berriak uztartzen dira. Beraz, e-learningaren arloan ikertzea diziplina anitzeko jarduna da ezinbestean, eta, bertan, tradizioak eta aipatutako arlo berriak uztartzen dira. Hori dela eta, ELIT diziplina anitzeko taldea da, eta gai garrantzitsuak jorratzen ditu arlo horretan.
 
ELITek honelako galderei ematen die erantzuna:
 
  • Nola ikasten da giro birtualetan? Zer antzekotasun eta desberdintasun daude zuzeneko giroetako ikaskuntzarekin erkatuz gero? Giza elkarreraginari begira, zeintzuk dira giro birtualetako ikaskuntzetan gertatzen diren prozesu nagusiak eta euren ezaugarriak? Eta gizakia/makina elkarreraginari begira?
  • Zeintzuk dira ikaskuntza birtuala sustatzeko baliabide egokienak? Batez ere, zer helburu dute ikaskuntzarako objektuek ikaskuntza birtualean? Zer esan Ikaskuntza Diseinuei edo Learning Designei buruz? Nola eratu daitezke ustezko erabiltzaileei funtzionaltasun onenak eskainiko dizkieten gordailuak? Nolako ezaugarriak izan beharko lituzkete ikaskuntza birtuala kudeatzen duten plataformek? Zer esan ikaskuntza birtualerako materialak eratzeko autore-tresnei buruz?
  • Nolako eragina dute teknologiek, erabiltzeko moduak eta ezaugarriek pertsonen ikaskuntzan bertan? Hain zuzen ere, nolako eragina dauka web 2.0 inguruneak? Nola antolatu ikaskuntza birtuala web 2.0 inguruneetan? Zer helburu dute Personal Learning Environmentek? web 2.0 ingurunean egindako ikaskuntza antolatzeko guneak izan daitezke? Nola igaro ohiko plataformen bidezko ingurune birtual tradizionaletatik gizarte-sareek giza elkarreragina bultzatzen duteneko inguruneetara?
  • Nola itaundu webari, informazio adimenduna lortzeko? Hain zuzen ere, nola erabili webaren baliabideak, webarekiko elkarreragina elkarreragin adimentsuagorantz findu ahal izateko? Nolako eragina izango du ikaskuntzan?
  • Zer esan nahi du e-learningeko kalitateak? Zeintzuk dira kalitatearen funtsezko adierazleak? Nola ebaluatu?
 
ELITentzat lehentasunezkoa da taldearen gaiekin zerikusia daukaten irakaskuntza-jardueretan parte hartzea. Horiek horrela, ELITeko ikertzaileek:
 
  • Doktoretzako zenbait programatan, "e-learning: neurketa eta ebaluazioa" ikasgaia irakasten dute.
  • Graduatu ondoko zenbait programatan parte hartzen dute. Une honetan, taldea Unibertsitateetako 9. Taldeko Ikaskuntzari eta IKTei buruzko Graduatu ondoko I. Ikastaroa antolatzen ari da.
  • Udako zenbait ikastaro antolatzen dituzte e-learningari buruz:
    • e-learninga, oraina eta etorkizuna (EHUko Udako Ikastaroen eta Europako Ikastaroen XXII. edizioa, Donostia 2003).
    • Internet eta profesionalen prestakuntza (Arte eta Kulturako V. Topaketak, Bilbo 2004).
  • Gaur egun, Europako Tempus Proiektuan parte hartzen dute, mediterraneoko ekialdean e-learning inguruneak ezartzeko.
  • Zenbait ekimen eta programatan parte hartzen dute, irakasleak IKTen erabileran prestatzeko, Goi Hezkuntzaren Europako Eremuarekin (GHEErekin) bat egiteko prozesuan ingurune unibertsitarioetarako nahiz unibertsitarioak ez diren inguruneetarako ikaskuntza-tresna da-eta.
  • Era guztietako erakunde eta instituzioekin lan egiten dute: SPRI, Eusko Jaurlaritza…, e-learningeko baliabideak ezartzeko eta sortzeko.