PRESENTACION

Aurkezpena

ATMOSFERAREN IKERKETA TALDEA (AIT): AIREAREN KALITATEA ETA KUTSATZAILEEN DISPERTSIOA

Gure taldearen ikerketa-jarduera laurogeiko hamarkadan hasi zen, Espainiako hiriguneetan eta industria-gune nagusietako tximinia altuek isuritako kutsatzaileen dispertsioaren karakterizazio esperimentalean hain zuzen ere. Hortaz, ikerketa-taldeak dispertsio-azterketen diseinua eta instrumentazioaren hobekuntza bultzatu zituen. Ildo berean, laurogeita hamarreko hamarkadan, taldeak simulazio meteorologikoari eta eremu konplexuetako dispertsioari ekin zien.

Taldea hasi zuten ikertzaile batzuk erretiratu diren arren (UPV/EHUko katedradunak, Lucio Alonso, Marino Navazo, Jon Iza) taldera lankide berriak gehitu dira. Zenbakizko simulazio-tresnak aplikatzera eboluzionatu dugu, hala nola mesoeskalako ereduak eta bereizmen espazial handiko ibilbide-ereduak, bereziki kutsadura atmosferikoaren gertaerak interpretatzeko garatu eta moldatu direnak. Muturreko meteorologiaren eta klimatologiaren arloan ekarpen garrantzitsuak egin ditugu, bai Euskal Autonomia Erkidegoan eta baita beste eskualde batzuetan ere, Alpeak edo Maroko/Atlas (prezipitazioak), garrantzia handiko Europako ezagutza-sare zein proiektuetan parte-hartuz (CIRCE Europar proiektua eta Consolider Ingenio 2010 GRACCIE proiektua). Gainera, Valderejoko Parke Naturaleko (Araba) ingurunean abiarazitako aire-kutsaduraren neurri aurreratuen ildoari eusteaz gain (partikulak eta Konposatu Organiko Lurrunkorrak, KOLak), Erkidegoko hirigune populatuenera zabaldu ditugu: Bilbo Handiaren eremura.

Gaur egun, gure ikerketa-lerro nagusiak hauek dira:

  1.  Kutsatzaile atmosferikoak garraiatzeko mekanismoak identifikatzea, eskala lokaletik kontinentalera. Horrez gain, kutsadura atmosferikoaren eta aldaketa klimatikoaren arteko elkarreraginak ezagutzea, eta kutsadura atmosferikoaren efektuak giza osasunean identifikatzea.
  2. Simulaziorako eta datu-baseak hobetzeko tresnak garatzea, bereizmen handiko mesoeskalako eredu meteorologikoekin eta eredu fotokimikoekin integraturik,  eskualde eta hiri giroko kutsadura atmosferikoko gertaerak aztertzeko, eta
  3. Atmosferaren konposizioaren eta haren aldaketen karakterizazioa, atmosferara isuritako gasak eta partikulaz gain (naturalak zein antropogenikoak), airearen kalitatearen estrategiak ebaluatzeko eta diseinatzeko eta epe luzeko efektuak eta joerak dokumentatzeko.