Presentation

Aurkezpena

"Elektronika Digitalaren Diseinu-Taldea" (GDED, gaztelerazko hitzetatik) orain 20 urte sortu zen Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultatean. 2007. urteaz geroztik GDED Eusko Jaurlaritzak aintzatetsitako Euskal Unibertsitate Sistemako ikerketa-taldea da. Egun, Elektrizitate eta Elektronika Saileko eta Teknologia Elektronikoa Saileko zortzi irakasle eta ikertzaileek osatzen dute talde hau.

Ikerketa-taldearen jarduera nagusia sistema elektroniko txertatuen diseinu eta garapena da hardware birkonfiguragarria (FPGA edo Field Programmable Gate Array) erabilita. Azkeneko urteotan GDED taldeak SoC (System on Chip) edo txip bakarrean gauzatutako sistema moldatzaileen diseinuari ekin dio, batez ere denbora errealeko aplikazioetara zuzendutako sistemak garatuz. Horrez gain, GDED-eko ikertzaileek eskarmentu handia dute sistema dinamiko konplexuen modelizazioa egiten Adimen Konputazionala eta Datu-Meatzaritza teknikak erabilita.

GDED taldearen jarduerek ikerkuntza, prestakuntza eta transferentzia teknologikoaren arloetan diziplina anitzeko kutsu sendoa dute. Taldeak oinarrizko ikerkuntza eta ikerkuntza aplikatua alde batetik, eta garapen teknologiko berritzaileak bestetik jorratzen ditu aplikazio-esparru anitzetan, hala nola: ingurumen adimena (txip bakarreko agente adimendunak), hari gabeko sentsore-sareak, giza ekintzen ezagutze automatikoa eta konputazio janzgarria (wearable computing), kontrolagailu prediktibo eta optimoak, garraio-sistema adimenduak (gidatzea laguntzeko sistema aurreratuak) edo efizientzia energetikoa (energiaren kogeneraziorako prozesuen modelizazioa).

GDED ikerketa-taldeak ingurune sozioekonomikoarekiko harremanak sustatu ditu hasiera-hasieratik. Horretarako harreman estuak landu ditu GAIA elkartearekin (Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkartea), IKT esparruko enpresekin (Quantics Creatives, ULMA Embedded eta OPTIMITIVE S.L) eta zentro teknologikoekin (Tekniker). Azkenik, taldeak azkeneko urteotan bultzatutako nazioartekotze-ekintzak ere aipagarriak dira, ekintza horien ondorioz Essex, Coventry, Edinburgo eta Sabanci-ko (Estanbul) unibertsitateetako ikerketa-taldeekin elkarlanak garatu dituelarik.