Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearentzako etika kodearen proposamenari buruzko kontsulta publikoa
Joan den ikasturtean bi lantalde eratu ziren, biak hiru kolektiboetako pertsonekin (ikaslegoa, AZP eta PDI), unibertsitatearentzat kode etikoaren proposamena egiteko. Lehenengoa, eztabaida-taldea, bere sistematika, edukiak eta jarraibide orokorrak eztabaidatzeaz arduratu zen. Eta bigarrenak testua idatzi zuen lehenengoan aurreikusitakoari jarraiki.
Eransten da proposamenaren edukia. Testuari buruzko iradokizunak egin daitezke ceid@ehu.eus helbidera idatziz, maitzaren 19a baino lehen. Horretarako, esan mesedez aldatu nahi dena ordezko testu bat proposatuz, eta baita horren justifikazioa edo arrazoiak ere. Iradokizunak lantaldeari bidaliko zaizkio, kontuan har ditzan.
EKARPENEN LABURPENA
Lau ekarpen jaso dira; horietatik bi norbanakoek egindakoak izan dira, eta beste biak eragile sozialek aurkeztu dituzte.
Zenbaitetan, kode etikoan proposatutako balioen definizioa zehaztea edo ñabardurak aldatzea eskatu da. Ekarpenetako batean, balioen ordenari egin zaio erreferentzia. Horrekin lotuta, adierazi behar da ez dagoela inolako asmorik balioen artean ezein hierarkia edo lehentasun ezartzeko; denek dute garrantzia bera, edozein hurrenkeran aurkeztu direlarik ere. Balioen artean bikaintasuna eta erantzukizuna txertatzeko eskatu dute ekarpenen egile batek baino gehiagok. Eskaerak partzialki kontuan hartu, eta bikaintasuna eta erantzukizuna txertatu dira; ez balioen artean, baizik eta jardun egokiaren emaitza gisa, hala balio eta konpromisoen definizioan, nola jokabide irizpideen artean.
Eragile sozialek egindako ekarpenetan, Bizikidetza Arautegiarekin lotzen dute Kode Etikoa, eta Bizikidetza Batzordeak kode etikoaren testuinguruan zer funtzio duen argitzeko beharra adierazi dute. Puntu hori argi jasota dago Bizikidetza Arautegian; bertan xedatzen baita Bizikidetza Batzordeari dagozkiola beste xedapen batzuen bidez esleitzen zaizkion funtzioak. Horixe da aztergai dugun kasua ere. Kargu akademikoak kolektibo gisa sartzeko eskaera ere egin da, betiere, kode etikoa betetzeko konpromisoa ezarrita. Eskaera horri erantzunez, eremu espezifiko gisa txertatu da gobernantza, eta hari dagozkion jokabide irizpideak adierazi dira.
Eragile sozial batek azpimarratu du kode etikoaren ikuspegiak ez duela behar beste nabarmentzen unibertsitatearen izaera publikoa eta jendartearen zerbitzura lan egiteko bokazioa. Ekarpenean, baina, ez da unibertsitatea bera interpelatu erakunde gisa. Eskaera horri lotuta, unibertsitateak jendartearekin duen konpromisoaren inguruko erreferentzia zehatzak jaso dira, honako hauetan: 1) kontsiderazio orokorren artean, kodearen izaerari buruzko atalean; 2) UPV/EHUren balioen atalean jendartearekiko konpromisoen erreferentzia gehitu da, izenburuan ere erreferentzia hori txertatuta; 3) unibertsitateko eremu ezberdinetan aplikatzekoak diren jokabide irizpideei buruzko atalean, zehazki ikerketari dagozkion aipamenetan.
Ekarpen bitan, garapen jasangarrirako helburuak oro har aipa daitezen eskatu da, inolako loturarik egin gabe ez 2030 Agendarekin, ez ezein organismorekin, ez denbora tarte zehatz batekin. Zentzu horretan, pasarte berri batean txertatu da eskatutakoa. UPV/EHUko Ikerketako Etika Batzordeari erreferentzia egiteko eskaera bat ere jaso da; horrekin lotuta, ez da beharrezkotzat jotzen unibertsitateko beste organoengandik bereizten duen aipu zehatzik egitea.
Azkenik, ekarpenetako batzuetan, zenbait testu zatiren idazketa aldatzeko eskatu dute, baita edukiaren funtsa aldatzen ez duten ñabardurak txertatzeko ere, testuari idazketa alternatiboa emateko. Aldaketa horiek onartu eta txertatu egin dira.