Unibertsitateko masterren gestiorako Arautegia
Unibertsitate masterrak kudeatzeko arautegiak UPV/EHUko master ofizialak kudeatzeko beharrezkoak diren prozedura akademikoak eta administratiboak arautzen ditu. Bertan, ikasleei zuzenean eragiten dieten prozedurak ezartzen dira, hala nola ikasleak sartzeko, onartzeko eta matrikulatzeko prozedura, irakaskuntzari eta kalifikazioei dagokiena eta kredituen aintzatespenari buruzkoa.
2022ko martxoaren 31n, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak zenbait aldaketa onartu zituen arautegi horretan, 822/2021 Errege Dekretuak ezartzen duenari egokitzeko eta kudeaketan zenbait hobekuntza sartzeko.
Errege dekretuak eskatzen dituen aldaketak honako hauek dira: plazen % 5 gutxienez gordeko dira % 33ko desgaitasun maila edo handiagoa duten ikasleentzat eta hezkuntzarako laguntza premia iraunkorrak dauzkaten ikasleentzat; ikasleei onartzeko eskatzen zaizkien prestakuntza-osagarriek ezin izango dute tituluaren kreditu kopuru osoaren ehuneko hogei baino gehiago hartu; ikasleek baldintzapeko matrikula egiteko aukera izango dute, baldin eta titulua eskuratzeko bakarrik GRALa gainditzea eta, gehienez, bederatzi ECTS kreditu falta bazaie.
Horiekin batera, kudeaketaren hobekuntzek, funtsean, bi gai dituzte ardatz. Alde batetik, onarpen-prozesuan, 2022/23 ikasturtetik aurrera, hiru fase egingo dira ikasle eskatzaileak ordenatzeko, haien lehentasunak eta balorazio-irizpideak kontuan hartuta. Eta, bestetik, kalifikazioak berrikusteko eta erreklamatzeko prozeduran, ikasleak ados ez badaude masterreko batzorde akademikoak beren erreklamazioari emandako erantzunarekin, ikastegiko zuzendaritzara edo dekanotzara jo ahal izango dute.