LOSU-ren aurreproiek

LOSU-ren aurreproiek

Orain gutxi, Unibertsitateen Ministerioak Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoaren aurreproiektua aurkeztu du . Horrela, hasiera eman dio unibertsitateen iritziak biltzeko prozesuari. Hemen ikus daitezke CRUEk hari egin dizkion oharrak. 

Legearen zirriborroak garrantzi handiko hainbat gai ukitzen dituenez, ezinbestekoa iruditzen zaigu unibertsitate moduan gure iritziak, iradokizunak eta proposamenak helaraztea behar den plaza  guztietara, testu alternatiboak aurkeztuz.

Hori dela eta, honen bidez eskatzen dizuegu proiektuari buruzko iritziak idazkaritza.nagusia@eus helbide elektronikora bidaltzeko, zein artikulu ezabatuko edo aldatuko zenituzketen zehaztuz, eta, zerbait aldatu gura izanez gero, proposatuko zenuketen ordezko testua emanez. Mesedez, bidali mezua urriaren 26ko 12:00ak baino lehen, proposamen bakoitza labur-labur arrazoiturik.

AURREPROIEKTUAREN TESTUA

EKARPENEN LABURPENA

Hamaika ekarpen jaso dira: horietako zortzik sinatzaile bakarra dute eta beste hirurak, berriz, hainbat pertsonak sinatu dituzte. Bata da Ikasleen Kontseiluarena, beste bat lau IRIk sinatzen dute, eta hirugarrena Bizkaiko Campuseko ikastegietako dekano eta zuzendariek.

Ekarpenen gaiei dagokienez, horietako asko irakasle eta ikertzaileak akreditatu eta kontratatzeko betekizunei buruzkoak dira, eta behin eta berriz eskatzen da kentzeko bederatzi hilabeteko egonaldiaren eskakizuna estatuko edo nazioarteko beste unibertsitate batean. Eskatzen da, baita ere, espezialitateak edo salbuespenak zehaztea osasun arloko irakasleentzat, eta malgutasun handiagoa izatea irakasle eta ikertzaileen kontratazioan, beren profila hobeto egokitu dadin lanpostuari lotutako zereginei.

Ekarpenetan asko aipatu den beste gai bat gobernantzarena da. Zehatz esanda, unibertsitateko sektoreek Klaustroan, Gobernu Kontseiluan, fakultate edo eskolako kontseiluan eta saileko kontseiluan dauzkaten eginkizun eta ordezkaritza ehunekoei buruzko ekarpenak izan dira, bai eta Gizarte Kontseiluaren osaerari buruzkoak ere. Era berean, ikastegietan eta sailetan kide bakarreko organoak hautatzeko sistemei buruzko proposamenak egin dira, esanez kide horiek aukeratu behar direla ikastegi barruan edo sail barruan. Proposamen batean adierazten da komenigarria dela unibertsitateetan osasun mentaleko atal bat izatea.

Aurrekoarekin batera, idazketa formula zehatzak eman dira, unibertsitateko tituluak direnak eta ez direnak blindatzeko edo herritarrek nahastu ez ditzaten, desberdinduz gure tituluak eta unibertsitate ez diren edo EAEn unibertsitatetzat hartzen ez diren zentroek eskaintzen dituztenak. Halaber, gure kasuan bezala lurralde elebidunean dauden unibertsitateetan hizkuntza koofizialei buruzko berariazko erreferentziak sartzeko beharra nabarmentzen da, bai eta pertsonen garapen artistikoari buruzko erreferentziak sartzeko beharra ere, beste alderdi batzuekin egiten den bezala, hala nola teknologia, ezagutza zientifikoa edo humanistikoa. Ikerketarako oinarrizko finantziazioa bermatzeko beharra aipatzen da, baita langileak eta beharrezko azpiegitura kontratatzeko aplikatu behar den araudia malgutzekoa ere. Oro har, iradokitzen da legeak jaso ditzala unibertsitateen behar besteko finantziazioa bermatuko duten formulak, langileak modu egonkorrean kontratatzeko aukera ere izateko.

Azkenik, ikastetxe nagusien gaineko LOSUko xedapen gehigarria defendatzen duen ekarpen bat dago; eta beste bat eskatzen duena ez zenbatzeko Zuzenbideko irakasleak aldi baterako irakasle eta ikertzaileen ehunekoan, osasun zientzietako irakasleen kasuan bezala.