Kontsulta publikoa, Euskal Herriko Unibertsitatearen graduko irakaskuntzak kudeatzeko arautegia prestatzeari buruzkoa
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa), 133.1 artikuluan dioenez, legearen edo arautegiaren proiektua edo aurreproiektua prestatu baino lehen, kontsulta publiko bat bideratuko da administrazio eskudunaren webgunearen bitartez, eta bertan jasoko da zer iritzi duten etorkizuneko arauaren eraginpean dauden subjektuek eta erakunde ordezkagarrienek.
Dokumentu honen helburua da unibertsitateko kideei eta gaiaren eraginpean dauden erakundeei jakinaraztea unibertsitate honek asmoa duela izenburuan aipatutako arautegia onartzeko, hura prestatzeko prozesuan parte har dezaten.
a) Ekimenaren bidez konpondu nahi diren arazoak.
Gaur egun indarrean dagoen 2023-24 ikasturterako graduko ikasketen gestiorako arautegia, Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren 2023ko otsailaren 23ko erabakiaren bidez onartu zen, eta EHAAn argitaratu zen 2023ko martxoaren 10ean.
Araudi hori ikasturte bakoitzerako eguneratu ohi da, Gobernu Kontseiluaren erabakiz. Hala ere, artikulu gehienek eduki egonkorra dute, eta urteetan zehar, datetan eta epeetan soilik aldatzen dira, beste gai puntualez gain. Horrek nahasmendua sortzen du, eta ulertarazten du araua urtero aldatzen dela, hala ez denean. Era berean, araudiaren forma ez dator bat dauden araugintza-teknikako arauekin.
b) Araua onestea beharrezkoa eta egokia den.
Egungo egoera ikusita, beharrezkoa da araudi hori ordeztuko duen arautegia onartzea, zeinek graduko irakaskuntzak kudeatzeko prozedurak modu egonkorrean arautuko dituen. Arautegi hori izapide-egutegi batekin osatuko da, ikasturte bakoitzari dagozkion epeak eta datak definitu eta zehazteko.
c) Arauaren helburuak.
Arautegiaren xedea da graduko ikasketa ofizialak kudeatzea, 2023-24 ikasturterako graduko ikasketen gestiorako arautegiaren ordez, eta, funtsean, ordezten duen araudiaren eduki bera izango du, alderdi tekniko eta formaletan aldaketak eginez.
Arautegiak graduko ikasketetarako onarpenaren eta matrikulazioaren prozedurak arautzen ditu, bai eta irakaskuntza-ikaskuntza plangintza ere.
d) Litezkeen bestelako hautabide erregulatzaile eta ez-erregulatzaileak.
Arautegi honen bidez arautu behar dira irakaskuntzen tipologia eta baldintzak, irakaskuntzak onartzeko prozedurak eta irakaskuntzen antolamendua.
Beraz, unibertsitateko kideek eta arautegiaren eraginpean dauden elkarte edo bestelako erakundeek ekarpenak aurkeztu ahal izango dituzte (iradokizunak, iritziak eta abar) 2024ko MARTXOAREN 19ra arte, berori barne dela. Ekarpenok vicer.grado-innovacion@ehu.eus helbide elektronikora bidali beharko dira eta ezinbestekoa izango da ekarpenaren egilea behar bezala identifikatzea.
Leioa, 2024ko martxoaren 6a.