Kontsulta publikoa, atzerriko unibertsitateetako ikasketa ez-homologatuak dituzten ikasleak UPV/EHUko graduetan onartzeko araudiari buruzkoa, eta UPV/EHUn atzerriko unibertsitateetako tituluen homologazioa baldintzatzen duten betekizun osagarriei buruzkoaan parte hartzeko protokoloa
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa), 133.1 artikuluan dioenez, legearen edo erregelamenduaren proiektua edo aurreproiektua prestatu baino lehen, kontsulta publiko bat bideratuko da administrazio eskudunaren webgunearen bitartez, eta bertan jasoko da zer iritzi duten etorkizuneko arauaren eraginpean dauden subjektuek eta erakunde ordezkagarrienek.
Dokumentu honen helburua da unibertsitateko kideei eta gaiaren eraginpean dauden erakundeei jakinaraztea unibertsitate honek asmoa duela izenburuan aipatutako arautegia onartzeko, hura prestatzeko prozesuan parte har dezaten.
a) Ekimenaren bidez konpondu nahi diren arazoak.
Arautegi honek bi prozedura independente garatzen ditu, bi errege dekretutan ezarrita daudenak. Batetik, 412/2014 Errege Dekretuak, ekainaren 6koak, graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko prozeduren oinarrizko arautegia ezartzen duenak, graduko ikasketa ofizialetarako sarbidea arautzen du 3. artikuluan, eta aurreikusten du unibertsitateko ikasketen zati bat atzerrian edo Espainian egin duten ikasleak (baita unibertsitateko ikasketak atzerrian bukatu baina Espainian homologaziorik lortu ez dutenak ere) dagokien graduan sartu ahalko direla, baldin eta Espainiako unibertsitate batean ikasten jarraitu nahi badute eta, betiere, dagokion unibertsitateak 30 ECTS kreditu aitortu badizkie, gutxienez.
Bestetik, 889/2022 Errege Dekretuak, urriaren 18koak, dagokion Ministerioak atzerriko unibertsitateetako titulazioak homologatzeko baldintza osagarriak ezartzen ditu (889/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, atzerriko hezkuntza sistemetako unibertsitate ikasketak homologatzeko, baliokidetzat jotzeko eta baliozkotzeko baldintzak eta prozedurak ezartzen dituena eta aurreko antolamendu akademikoetako unibertsitate titulu ofizialek Goi Mailako Hezkuntzarako Kualifikazioen Espainiako Esparruan duten parekotasun maila ezartzeko prozedura arautzen duena [azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretua indargabetu du]).
UPV/EHUk urteak daramatza ikasketak (guztiak edo zati bat) atzerrian egin dituzten eta homologaziorik lortu ez duten ikasleen onarpena bideratzen, baita Hezkuntza Ministerioak atzerriko unibertsitateetako tituluak homologatzeko baldintza osagarriak jorratzen ere, baina orain arte ez da prozesu biak garatzen dituen berezko arautegirik egin. Arautegi honek, hortaz, unibertsitateko ikastegi guztiek prozedura horietan aplikatu behar duten esparru komuna ezartzen du, eta, era berean, fakultate zein eskolek beren ezaugarri eta baliabideen arabera garatu ditzaten ahalbidetuko du.
b) Araua onestea beharrezkoa eta egokia den.
Unibertsitateak beren beregi garatu behar ditu 412/2014 Errege Dekretua eta 889/2022 Errege Dekretua, gure egitura eta funtzionamendura egokitzeko; izan ere, horrela, bermatu ahal izango da behar bezala aplikatuko direla, eta egokiak direla atzerriko ikasketa ez-homologatuak dituzten pertsonen mugikortasun-fluxuen bolumen, aniztasun eta konplexutasunari aurre egiteko. Horregatik da hain beharrezkoa UPV/EHUko ikastegi guztietan aplikatzeko moduko arau orokor bat.
c) Arauaren helburuak.
Arautegiak helburu bikoitza du: alde batetik, atzerriko ikasketen zati bat egina duten eta UPV/EHUn graduko ikasketak egin nahi dituzten ikasleak onartzeko prozesua arautzen du; eta, bestetik, Hezkuntza Ministerioak atzerriko unibertsitateetako tituluak homologatzeko baldintza osagarriak ezartzen ditu.
d) Izan litezkeen bestelako aukera erregulatzaile eta ez-erregulatzaileak.
Gaur arte UPV/EHUn ez da garatu aipatutako errege dekretuetan aurreikusitako prozedurarik, eta behar-beharrezkoa da horiek unibertsitateko ikastegi guztietarako arautegi komun batean garatzea, ez baitago beste arau alternatiborik.
Beraz, unibertsitateko kideek eta arautegiaren eraginpean dauden elkarte edo bestelako erakundeek ekarpenak aurkeztu ahal izango dituzte (iradokizunak, iritziak eta abar) 2023ko MARTXOAREN 3ra arte, egun hori barne. Ekarpenak helbide honetara bidali beharko dira: vicer.grado-innovacion@ehu.eus eta, horretarako, nortasuna behar bezala akreditatu beharko du bidaltzaileak.
Leioan, 2023ko otsailaren 17an.