Ikaslegoaren falta eta zehapenen arautegia, diziplina-prozeduraren Arautegia eta bizikidetzaren Arautegia
Hiru arautegiak egiteko, lantalde bat sortu zen testuak adostasunez proposatzeko. Talde honetan, alde batetik, araudi hau aplikatzeaz arduratzen diren pertsonak egon dira, bere lana edo karguaren ondorioz. Eta abestetik, unibertsitate-komunitateko sektoreen ordezkariak (ikasleak, TEKAZEL.Eko langileak eta irakasleak). Lantalde horretan eztabaidak egon ziren baina lortu zen adostasunez hiru testuak proposatzea. Lanteadeak aurkeztutako testuei buruzko kontsulta publikoa egin zen eta aldi berean, Ikasleen Kontseiluaren eta atal sindikalen iritzia eskatu zen. Jasotako ekarpenak lantaldeari helarazi zitzaizkion, eta gehienak onartu eta barneratu ziren testuetan.
Testu horiek unibertsitate-komunitateko sektoreetako ordezkarien arteko adostasunaren emaitza dira. Ziuraski ez dira lantaldeko kide bakoitzak proposatutako testuak izango, eta seguruenik ez zaigu ehuneko ehunean duten guztia osoz gustatuko. Baina proposamenen balioa da, hain zuzen ere, adostuta daudela eta denok eroso senti gaitezkeen printzipio komunak islatzen dituztelako eta hau ezinbestekoa da bizikidetza giro ona izateko guztion artean.
Ikaslegoaren falta eta zehapenei buruzko arautegiaren laburpena egiteko, kontuan hartu behar dugu 2022ko Unibertsitateko Bizikidetzari buruzko Legeak indargabetu egin zuela Konstituzioaren aurreko Goi Mailako Irakaskuntzako Ikastegien Diziplina Akademikoaren arautegia, 1954an onartu zena, eta urtebeteko epea eman zien unibertsitateei legean aurreikusitakoa garatzeko. Hala ere, unibertsitateak duen garapen-marjina mugatua da, eta legearen 10.2 artikuluak zehazten du. Artikulu horrek honako hau dio: “las universidades, reglamentariamente podrán introducir especificaciones o graduaciones a las infracciones que, sin constituir otras nuevas, ni la alterar la naturaleza o límites de las que la ley contempla, contribuyan a la más correcta identificación de las conductas, respetando los principios de la potestad sancionadora”. Hau da, ezin dugu ezarri legean horrela jasota ez dagoen falta berririk. Era berean, legeak faltak eta zehapenak hiru kategoria desberdinetan sailkatzen ditu: oso larri, larri eta arin, eta unibertsitateek ezin dute horren larritasun-maila edo kategoria aldatu. Adibidez, deigarria izan daiteke unibertsitatearen ondarea hondatzen duten ekintzak falta arintzat jotzea, baina, nolanahi ere, ezin dugu hori aldatu. Hala ere, bai legeak, bai proposatzen den arautegi-testuak, zehapenez gain, beste neurri osagarri batzuk ere aurreikusten ditu, kalte eta galerak konpontzeko aukera ematen dutenak, eta aurrikusten da zehapen-prozeduraren ebazpena zuzenean auzitegietan betearaz daitekeela.
Legeak ematen dituen mugen barruan, proposatutako testuak, iruzur akademikoaren kasuak zehazten eta definitzen ditu adibidez. Era berean, hutsegite larrien kasuetan, ordezko neurri hezitzaileak edo berreskuratzaileak ezartzeko aukera aurreikusten da, betiere faltaren egileak egitateak aitortzen baditu eta kaltetutako pertsonen baimena badago. Diziplina-prozedura eteteko aukera ere aurreikusten da, baldin eta alderdiek bitartekaritza-prozedurari heltzeko borondatea adierazi badute eta Bizikidetza Batzordeak bidezkoa dela erabaki badu.
Ikasleen diziplina prozedurari buruzko arautegiari dagokionez, nahiko teknikoa dela esan behar da eta bizikidetza legeak ezartzen dituen berma guztiak barneratzen dituela. Egia esan aratuegi honetan, unibertsitatearen erregulazio-marjina nahiko mugatua da ere, bizikidetzari buruzko legearen 10.2 artikuluari jarraiki. Hori bai, legaren arabera posible da unibertsitateak ezartzea prozedura sinplifikatua falta arinen kasurako, eta hau proposatzen da aurkezten dugun arautegian. Gainera barneratu dugu noiz egin behar duen bizikidetza batzordeak bitartekaritza ikasleen aurkako prozedura diziplinarioetan.
Bizikidetza arautegiari dagokionez, unibertsitatearen sektore guztiei aplikagarria izango dena, bizikidetza legeak ezartzen dituen lau obligazioak betetzen ditu:
1.- Bizikidetza printzipio orokorrak ezartzen dira giza-eskubideetan oinarrituz. Edozein kasutan printzipio edo arau hauek ez dira disziplinako arauak.
2.- Beste aldetik, bizikidetza legeak laneko jazarpen- kasuetarako edo generoagatiko jazarpen kasuetariko protokoloak eta neurriak hartzera behartzen ditu. Gure kasuan, jadanik geneuzkan bi protokolo horiek eta bizikidetza arautegian bere existentzia aipatzen dira haien autonomia eta erreformatzeko prozedurak eutsiz.
3.- Honetaz gain, legeak esaten du unibertsitateak bitartekaritza prozedurak ezarri behar ditu. Gure kasuan, aldezleak zuen eskumena hau eta horrela izaten jarraituko da, kasu batean izan ezik. Ikasleen aurkako diziplinazko prozeduretan, bizikidetza batzordea izan beharko da bitartekaritza hau egin beharko duena, horrela aurrikusten delako bizikidetza legean.
4.- Azkenik, bizikidetza batzordearen osaketa proposatzen da. Unibertsitateko talde guztietako ordezkariek osatuko dute Bizikidetza Batzordea: hiru irakasle-ikertzaileak izango dira, hiru teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, eta hiru ikasleak. Ikasleen ordezkariak UPV/EHUko Ikasle Kontseiluaren osoko bilkurak edo batzorde iraunkorrak izendatuko ditu. Irakasle eta ikertzaileen eta teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen kasuan, ordezkariak Gobernu Kontseiluan beren sektoreak ordezkatzen dituzten pertsonek izendatuko dituzte. Araubide Juridikoaren zuzendariak eta aldezleak Bizikidetza Batzordearen saioetan parte hartu ahal izango dute ahotsarekin baina boturik gabe aholku emateko.
Arautegi hauekin, gatazkak modu baketsuan konpontzearen aldeko apustua egin da, elkar entzutearen, bizikidetza eraikitzailearen eta bitartekaritzaren bidez.