Ikerketa-ildoak
Aldearen ikerketa-ildoen zerrenda
Gaur egun, Garaian ikerketa-taldea lehentasunezko lau ildo lantzen ari da, taldearen helburuen arabera:
1. Hezkuntza Garaikidearen Historia Euskal Herrian
Ildo honen funtsezko helburua da XX. mendeko Euskal Herriko Hezkuntzaren Historia eraikitzea.
Horretarako, dagoeneko eginda dauden lanak laburbildu eta lan horien osagarri izango diren gai berriak ikertu behar dira, batez ere XX. mendearen erditik aurrera begira (eskolatzea, irakaslearen prestakuntza, euskalduntze-prozesua, gobernu autonomoen hezkuntza-politika, erlijio-kongregazioak, sektore pribatua, etab.).Ikerketa-taldearen ibilbideari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu bertako kideek garai horretako hezkuntzaren historiari buruzko lan garrantzitsuak egin dituztela. Horregatik, taldeko kideek egindako lanetako asko ezin saihestuzko erreferentzia dira gaiari buruzko oinarrizko bibliografian, curriculumean ikus daitekeen moduan. Zentzu horretan, gai honi buruzko ikerketa-proiektu bat indarrean egoteak ikerketa-ildo honi jarraipena emango zaiola bermatzen du. Bibliografia adierazgarrienari dagokionez, erlijio-kongregazioei buruzko azken lanak (Dávila, Naya eta Murua, 2009 eta 2012) edo Euskal Entziklopedia – Eusko Ikaskuntzaren web-orrian argitaratutako lanak (taldeko kide guztiek egindakoak) aipa daitezke.
2. Eskolako Testuak eta Curriculuma
Ildo honen funtsezko helburua da Euskal Herrian XX. mendean erabilitako ikasliburuak aztertzea, gaur egun indarrean dagoen curriculum ofizialaren arabera argitaratutakoak barne. Horretarako, azterketa sinkroniko nahiz diakronikoari buruzko datuak bildu behar dira, era horretan argitaletxe desberdinetako eta curriculumaren garai desberdinetako liburuak konpara daitezkeelako. Helburua da eskolako testuen ekoizpenaren oinarrian dauden eragileak, faktoreak, kategoriak eta joerak eta Euskal Herriko hezkuntzaren memoria historiko-digitala azaltzea. Taldeko hiru kidek menderatzen dute gaiaren gaur egungo egoera, eta hainbat argitalpen dituzte, helburuak bete daitezen bermatzeko. Taldekide horien lorpenetako batzuk http://www.vc.ehu.es/araka/orri3.htm web-orrian daude ikusgai.
3. Hezkuntza Ondarea Euskal Herrian
Ildo honen funtsezko helburua da gaur egungo datu-basea garatzen eta zabaltzen jarraitzea, Euskal Herriko hezkuntzaren historiari buruzko dokumentazio guztia biltzen duen web-orriaren bidez (https://www.ehu.eus/euskal-hezkuntza/euskara/). Zentzu horretan, ikerketa-taldeak 3.000 dokumentutik gora katalogatu ditu dagoeneko. Estatuko eta lurralde historikoetako hainbat artxibotako dokumentuak dira, eta hainbat bibliografia-erreferentzia ere badaude. Helburua da datu-base hori osatzea, funts gehiago barneratuta (ahozkoak, argazkiak, ikus-entzunezkoak, legegintzakoak eta ikasliburuak). Etengabeko lana da, gauzatzen ari diren ikerketen esparruan bildutako material guztia barneratzen ari baita. Zentzu horretan, kontuan hartuta taldearen zati bat gaur egun indarrean dagoen proiektuaren baitan ikerketa-lanak egiten ari dela, Estatuko Administrazioaren Artxibo Orokorrean nahiz Lan Ministerioko Artxiboan eta Hezkuntza Ministerioko Artxibo Nagusian eskuratutako material guztia barneratzea aurreikusten da.
Ildo hau osatzen duten lanak ugarituz joan dira Eusko Jaurlaritzak aitortutako Talde Finkatua (298/10) indarrean egon den bitartean egindako lanen bidez, eta, hartara, Euskal Herriko historia- eta hezkuntza-ondareari buruzko erakusketez gain (berriki Gipuzkoako eta Bizkaiko Campusetan egin dira), taldeak bidezkotzat jo du Ministerioaren ikerketa-proiektuen hurrengo deialdian Euskal Herriko Hezkuntza Erakundeetako Historia eta Hezkuntza Ondareari buruzko proiektu bat eskatzea. Zentzu horretan, Espainiako unibertsitateetako hainbat talderen (SEPHE, MUPEGA, CEMUPE, CEME, CEINCE, eta abarren) ibilbidearekin bat egin nahi du taldeak. Ikerketa-ildo honi buruzko bibliografia oso zabala da, taldea aipaturiko proiektua prestatzeko egiten ari den bilketa-lanaren ondorioz. Era berean, hainbat ikastetxetako eskola-materiala biltzen ere ari da taldea, eta, horrela, etorkizunean sor daitekeen eskola-museoaren oinarriak ezartzen ari dira.
4. Hezkuntza Konparatua eta Haurren Eskubideak
Bermatuta dago ikerketa-ildo honek aurrera jarraituko duela, eta, aurreikuspenen arabera, taldeko kide batzuek kolaborazioak egiten jarraituko dute, ikerketa-ildoa abian jarri zenetik egin izan duten bezalaxe. Beste lorpen batzuen artean, UNICEF-Espainiako Unibertsitateak oinarrizko hitzarmena aipa dezakegu, Espainiako haurren eskubideen arloan lan egiten duten hainbat ikertzaile elkartzeko aukera eman baitu. Zentzu horretan, taldeko bi kidek Educatio Siglo XXI aldizkariaren "Infancia, Derechos y Educación" ale monografikoa koordinatu dute, 2012ko bigarren seihilekoan argitaratuko dena. Bestalde, 2012an eremu honetako doktore-tesi bat defendatzea aurreikusita dago.
Helburuon lorpena ikerketa-jardueraren programaren garapenaren mende egongo da. Programa hori aurreikusitako sei urteetan zehar garatuko da. Ikerketa-taldeak badaki helburuak lor daitezkeela, eta adierazitako xedearekin bat egin behar duten dinamika propioen mende daudela.