Call for papers
Lehenengo argitaratze data: 2017/07/17
Ondorengo gai hauei buruzko proposamenak jasoko dira:
1. Marxen bizitza, pentsamendua eta haren harrera
Karl Marxen bizitzari eta pentsamenduari dedikatutako atalarekin hasiko da komunikazio eta ponentzien zikloa. Harreraren egoeraren berri izateko, berebizikoa da biografia horren inguruko eguneraketa eta errebisio jarduera – bere helburuak, mugak eta merituak – ezagutzea. Lehenengo bloke honetara, beraz, pertsonai historikoa, ekoizpen literarioa eta bere kritika garaikidea gaur egunera ekartzeko saiakerak, bere garapen eta testuinguruan sakontzen dutenak, eta museoko pieza-tankerako irudi estatikoa gainditzen dutenak erakarri nahi ditugu. Gaur egungo munduko egoeran kokatzen al dugu? Edo “klasikoen” gordailuan sartu eta bertan uzten al dugu?
2. Kapitalaren, akumulazioaren eta krisiaren teoriak
Bigarren blokea ekonomia politikoak, proiektu zientifiko gisa, ikertzen dituen objektu edo esparruei dedikatuta dago: kapitala, akumulazioa eta krisia(k). Gaur egungo gizarte zientziak zein neurritan hartu ditzake auzi horiek bere gain? Zein neurritan aritu gaitezke “gizarte zientziaz”? Jakina da gaur egungo gizarte globalean ezin daitekeela gizartearen zientzia bakarra egon, eta gizarte zientziak modernitate kapitalistaren gudu-zelai bezala soilik existitu daitezkeela. Zalantzarik gabe, modernitate horren ibilbideak sarritan aurrerapenaren gurdiak gaindi eginda gelditu dira. Desberdintasunaren gorakada, azpigarapen ekonomikoa, “globalizazioa”, miseria, gerra, hondamenaren jatorriak dira? Ala munduko ordena jakin baten ondorioak dira? Eta horrela baldin bada, zein lege, dinamika edota interes gatazketan oinarritzen da orden hori bere gailentzea lortzeko?
3. Praktika iraultzailea, eztabaidagai
Azkenik, praktika iraultzailearen inguruko galdera agertzen da: bere bideragarritasuna, bere estrategiak, bere helburuak. Horretarako zenbait frontetatik etorritako erantzun posibleak dugu. Lurraldearen defentsa eta ekologia politikatik, feminismo ezberdin, emakume edo genero ikasketa eta transbertsalitatearen teorietatik, nazio askapenerako mugimendu eta hegemoniaren auzietatik, eta komuna, autonomia eta herri boterearen eraikuntzatik abiatuz, gaur egungo egoera politikoaren diagnostikoa egiteaz gain, klase emantzipaziorako eta erregimen burges ororen suntsipenerako agenda propio bat, alternatiba egingarri bat, bide-orri bat eskaini nahi dugu. Horren harira, gure helburua gaur egungo borroken eta erronken inguruko zenbait eztabaida kritiko eta eraikitzaileak piztea da. Eragile politiko eta militante ezberdinek parte hartuko duten mahai-inguruak egingo ditugu, iraultza gure egunerokotasunean gorpuztu eta indartu dadin.
Baldintzak:
Aurkezpenak euskeraz, ingelesez, gazteleraz edo frantsesez burutu ahalko dira. Laburpenak ingelesezko itzulpenarekin igorriko dira, aurkezpenerako erabiliko den hizkuntzan idatzitako bertsioaz gain.
Laburpenek 250 eta 300 arteko hitz kopurua izan behar dute, eta honako informazioa jasoko dute:
1) izenburua
2) egilea(k)
3) unibertsitatea edo ikerketa zentroa
Laburpenak helbide elektroniko honetara bidaliko dira:
ekonomiapolitikoarenkritika@ehu.eus
Laburpenak jasotzeko epea (behin betikoa):
2017ko azaroaren 15a
Komunikazioak jasotzeko epea:
2018ko otsailaren 1a