Aurkezpena
Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Sailaren (EHK: 113) egoitza Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean kokatuta dago, baina sailari atxikitako irakaskuntza eta, beraz, irakasleak hiru campusetan eta ia ikastetxe guztietan hedatuta daude. Izan ere, Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa sailari atxikitako irakaskuntzaren bereizgarria da hizkuntza-prestakuntza eskaintzea mota guztietako titulazioetako ikasleei (hizkuntzalariak edo filologoak izango ez direnei bereziki). Zehazkiago, irakaskuntza-jarduera horren helburu nagusia da ikasleei alor akademiko-profesionaletan euskaraz idatziz zein ahoz egokiro komunikatzeko gaitasunak garatzen laguntzea. Hortaz, diiziplina anitzeko eta diziplinetan zeharreko jarduera akademikoa da EHK sailarena.
EHK sailari atxikitako irasgai gehienak Euskara Plan Gidariek (EPG) gradu guztietan ezarritako hautazkoak dira, euskararen erabilerak eta komunikazio akademiko-profesionala lantzen dituztenak. EPGetatik kanpo eskaintzen diren irakasgaiak hiru dira:
- Hizkuntzaren Erabilerak Komunikabideetan (enborrezkoa). Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea.
- Idatzizko Adierazpena Komunikabideetan (hautazkoa). Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea.
- Hizkuntzalaritza Orokorra (enborrezkoa). Psikologia Fakultatea.
Gainerako irakasgaiak 1979. urtean ezarri zen Euskara Zientifikoaren Planak abian jarri zituen Euskara Zientifikoa I eta II irakasgaien oinordekoak dira, hamarkada hauetan UPV/EHUko hizkuntza-plangintzetan zehar egokitzen joan direnak:
- 1979 Euskara Zientifikoaren Plana: Euskara Zientifikoa I + Euskara Zientifikoa II + Metodologia [Irakasgai supernumerarioak Zientzi Fakultatea, Filosofia, Petrokimika]
- 1990 I Euskara Plana: Euskara Zientifikoa I + Euskara Zientifikoa II [Hautazkoak titulazio guztietan]
- 1999 II Euskararen Normalizazio Plana: Euskara Teknikoa I (6 kred.) + Euskara Teknikoa II (6 kred.) [Hautazkoak titulazio guztietan]
- 2007 UPV/EHUko I Euskara Plan Gidaria (2007-12): Euskararen Arauak eta Erabilerak (6 ECTS) Komunikazioa Euskaraz (6 ECTS) (alorrez alorreko zehaztapen batekin: zientzia eta teknologia, osasuna, ingeniaritzak, ekonomia, lan-harremanak eta zuzenbidea, gizarte-zientziak, jarduera fiiskoa eta kirola, arteak, komunikabideak) [Hautazkoak gradu guztietan]
- 2018 UPV/EHUko III Euskara Plan Gidaria (2018-2022): «Graduan euskarazko komunikazio akademikoa eta profesionala lantzen duten Euskararen Plan Gidariko irakasgaiak egokitu».
2018ko planaren ondoren, gradu gehinetako irakasgaiak egokitu dira eta jakintza-alorretara areago doitu. Beste irakasgai batzuk lehengo moduan mantendu dira orain arte:
- Idatzizko Komunikazio Zientifiko-Teknikoa Euskaraz
- Ahozko Komunikazio Zientifiko-Teknikoa Euskaraz
- Idatzizko Komunikazio Profesionala Euskaraz
- Ahozko Komunikazio Profesionala Euskaraz
- Euskararen Erabilerak Arlo Porfesionalean
- Komunikazioa Euskaraz Arlo Profesionalean
- Euskal Kultura Garaikidea: Adierazpide Artistikoak eta Estrategia Linguistikoak
- Komunikazioa Euskaraz: Arteak
- Komunikazioa Euskaraz: Gizartea eta Hizkuntza Praktikak
- Komunikazioa Euskaraz: Ahozko Adierazpena Komunikabideetan
- Euskararen Erabilerak Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Arloan
- Komunikazioa Euskaraz Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Arloan
- Euskararen Arauak eta Erabilerak
- Komunikazioa Euskaraz: Osasun Arloa
- Komunikazioa Euskaraz: Giza Zientziaz Eta Gizarte Zientziak
- Komunikazioa Euskaraz: Hezkuntza eta Gizarte Arloak
EHK sailak parte hartzen du baita hainbat unibertsitate-masterretan:
- Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendu Unibertsitate Masterra
- Hizkuntzaren eta Komunikazioaren Teknologiak Erasmus Mundus Masterra (LCT)
- Multimedia Komunikazioa UPV/EHU-EITB Masterra
- Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza
- Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia Unibertsitate Masterra
- Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean Erasmus Mundus Unibertsitate Masterra (REM PLUS)
- Hizkuntzaren Neurozientzia Kognitiboaren Masterra
EHK sailaren beste eginkizun bat da euskararen errregistro akademikoen garapena deskribatzea eta aztertzea. Azpimarratu beharrekoa da Terminologia Sareak Ehunduz (TSE) programa, 2010. urtetik aurrera UPV/EHUko irakasleekin batera aurrera eramaten ari dena. Programaren helburua da unibertsiteko testu akademikoak corpus batean biltzea eta horietan erabiltzen den terminologia eta fraseologia ikusgai egitea. Programaren emaitzetako batzuk izan dira hiru kontsulta-baliabide: Garaterm corpusa, TZOS (Terminologia Zerbitzurako Online Sistema) eta HARTA/TAILA (Testu Akademikoen Idazketarako Laguntza Tresna).