Lanbidea
Sarrera
Politologoa izateak errealitatea lente bereziekin begiratzeko gai izatea dakar: hainbat fenomenoren atzean ezkutatuta dauden elementu politikoak argitzea ahalbidetzen duten lenteak. Ikuspegi honek, gure eguneroko bizitza, itxaropenak eta kezkak kudeatzen laguntzeaz gain, maila profesionalean ere lagun diezaguke.
Ildo horretatik, Politika Zientziako eta Kudeaketa Publikoko Graduaren curriculum diseinua ikasleen trebakuntza profesionalera orientatuta dago argi eta garbi. Gure helburua politikaren eta bere kudeaketaren azterketa izanik, gizarte errealitatearen hainbat alderdi zeharkatzen dituena, ulergarria da gure ikasleek beren gaitasunak arlo profesional askotan aprobetxatu ahal izatea. Era berean, gure graduaren diziplina anitzeko ikuspegiari esker, ikasleek era askotako erronkei aurre egin ahal izateko gaitasun profesionalak eskuratzen dituzte.
Hemen laburtu ditugu Anecaren Liburu Zuriak definitzen dituen profil profesionaletako batzuk:
Administrazio publikoetako teknikaria
Zuzendaritza, kudeaketa, ikuskaritza, koordinazio, kontrol eta azterketa lanak gauzatzen ditu, baita Europa mailan, estatu mailan, maila autonomikoan eta tokiko mailan aritzen diren administrazio publikoak, erakunde konstituzionalak, instituzioak eta erakunde publikoak hobetzeko proposamenen diseinua eta plangintza ere. Lan horiek gauzatzeko postua oposizio edo kontratazio bidez lortzen da. Bere jarduketaren lurralde esparrua honakoa da: Europa mailakoa, estatu mailakoa, autonomia mailakoa eta tokian tokikoa.
Sail honetako irakasleek ematen dituzten irakasgaietan informazio askoz ere zehatzagoa aurki daiteke: irakaslea, eskolen eta tutoretzen ordutegiak, eskolak emateko lekua, irakasgaiaren programa teorikoa eta praktikoa, irakasgaiaren oinarrizko edukia, ebaluazio metodoa eta bibliografia.
Erakundeen kudeaketa
Erakunde instrumentalen helburuak eta xedeak betetzea bermatuko duten zuzendaritza, plangintza eta kudeaketa lanak gauzatzen ditu, baita zuzendarien eta langileen arteko komunikazio eta transmisio lanak ere. Erakundeen arteko harremanak, administrazioen artekoak, hedabideekikoak eta gizarte eragileekikoak ahalbidetzen ditu.
Bere jarduketa esparrua erakunde autonomoek, enpresa erakunde publikoek, sozietate publikoek, fundazio publikoek eta hirugarren sektoreak osatzen dute. Bere jarduketaren lurralde esparrua honakoa da: nazioartekoa, estatu mailakoa, autonomia mailakoa eta tokian tokikoa.
Politika publikoen azterketa
Politika publikoak aztertzen ditu, honako fase hauetan: arazoen identifikazioa eta definizioa, eta programen eta ekintzen aurkezpena eta ezarpena. Politika publikoak ebaluatzen ditu eta etorkizuneko jarduketa publikoak hobetzeko aukerak proposatzen ditu. Bere jarduketaren lurralde esparrua honakoa da: nazioartekoa, Europa mailakoa, estatu mailakoa, autonomia mailakoa eta tokian tokikoa.
Tokiko garapen agentea
Tokian tokiko garapen integralera bideratutako ekintzak zehazten, programatzen eta gauzatzen ditu. Enpresa jarduerak, enpleguaren sorrera eta garapen iraunkorra sustatzeko estrategiak diseinatzen ditu. Europako programen kudeaketan hartzen du parte. Herritarren parte-hartzea sustatzeko eta tokiko harremanen sarea dinamizatzeko komunitate planak diseinatzen ditu.
Analista politikoa
Politikaren eta gizartearen errealitatea aztertzen eta interpretatzen du. Herritarren iritziak, balioak eta jarrerak aztertzen ditu, baita eragile politiko desberdinen jarrerak eta dinamikak ere. Hauteskundeetako emaitzak aztertzen ditu. Agertoki politikoak zehazten ditu, helburuak ebaluatzen ditu eta erakunde politiko, sozial nahiz instituzionalen estrategia politikoak eta hauteskunde kanpainak diseinatzen ditu. Adierazle soziopolitikoen kalitatea eta fidagarritasuna gainbegiratzen eta probatzen du, erabakiak hartzeko.
Aholkularitza eta kontsultoretza
Aholkularitza eta laguntza teknikoa ematen die administrazio publikoei eta erakunde politikoei, interesen ordezkaritzarako erakunde politikoei eta gobernuz kanpoko erakundeei, eta sektore pribatuari (sektore publikoarekin dituen harremanetan).
Nazioarteko aholkularitza
Politika nazionalen eta nazioartekoen arloko aholkularitza eta laguntza teknikoa ematen die erakunde nazional eta nazioartekoetako arduradun publikoei eta politikariei, hirugarren sektoreko erakundeei eta nazioarteko hedapena duten enpresei. Lankidetza eta garapen proiektuak planifikatzen, garatzen, koordinatzen eta ebaluatzen ditu beste herrialde batzuetan. Nazioarteko behatzaile zereginak gauzatzen ditu bake eta demokratizazio prozesuetan. Krisien kudeaketan eta gatazken ebazpenean parte hartzen du, bitartekari gisa.
Irakaskuntza eta ikerketa
Helburu gisa irakaskuntza arautuko eta arautu gabeko prestakuntza prozesuetan irakaskuntza ematea duten jarduerak gauzatzen ditu. Fenomeno politikoen ezagutza zientifikoari ekarpen berriak eta aurreratuak egitera bideratutako jarduerak gauzatzen ditu. Dokumentu zientifikoak eta material didaktikoak sortzen ditu.