Logo presentación
ACTAS DEL CONGRESO
Kongresuaren Aktak
Call for papers
Call for papers
Urriaren 24an, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan, Bilbon, Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko IV. Nazioarteko Kongresua izango da. Gertuko komunikabide publiko, pribatu eta sozialen panorama izango da mintzagaia. Hala, gertuko hedabideek bizi duten egoera zalantzagarriaz arituko gara, izan ere, gertuko komunikazioa bidegurutzean dago, tokiko hedabideek erronka berriei aurre egin behar diete, besteak beste, agintari politikoek erabakitako erregulazio-sistemak, teknologia eraldaketak, Internet eta ikus-entzunezkoen erabilera berriak, aurrekontuen murrizketak, pribatizazioak, zenbait kanalen desagerpenak eta publizitate merkatuaren krisiak eragindako egoera dela eta.
Gertuko komunikabideek funtsezko zeregina bete dute urte askoan gure gizarteak egituratzen, kultura eta informazioa hedatzen eta aniztasuna bermatzen. Garapen teknologikoak ekarri duen audientzien zatiketarekin eta egun bizi dugun krisialdi ekonomikoarekin, ordea, gogortu egin da gertuko hedabideekiko presioa eta murrizketak eta pribatizazio mehatxuak etorri dira. Kudeaketa modu desegokiek eta botere politikoarekiko menpekotasunak lagundu egin dute tokiko hedabideen gainbeheran.
Estatu mailako irrati-telebista kate pribatu handiek leku gutxi uzten diete gertuko komunikabideei, horien etorkizuna zalantzan jarriz. Horrez gain, teknologi eraldaketek eta sare sozialen erabileraren igoerak egoera ezegonkor hori konplexuago egiten du, asko baitira tokikotasunaren mugak gainditzen dituzten albisteen kontsumitzaileak.
Gauzak horrela, gertuko hedabideek erronka berri guzti hauen aurrean duten etorkizunaz hausnartu eta eztabaidatu egingo da Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko IV. Nazioarteko Kongresuan. Gizarte zibila bera oinarritzat duen gertuko komunikazio-sistema publikoaren eraikuntzaren beharra defendatuz, testuinguru komunikatibo berriaren aurrean, proposamen proaktiboak aurkeztera bultzatu nahi da. Izan ere, gertuko komunikabideen garrantzi soziala legitimatzen duen marko orokorra definitu beharra dago, gertuko hedabideak komunitate kultural ezberdinen garapen eta biziraupenerako tresna eraginkorrak bilakatu daitezen.
Adituen hitzaldiek iritzi eta azterlan ezberdinak ezagutzeko aukera ezin hobea eskainiko dute; ikerlari eta profesionalen komunikazioak entzuteko beta izango da ere bai. Gonbidapena luzatzen diegu irakasle eta ikertzaileei beren ekarpenak egin ditzaten honako gai-ardatz hauen inguruko komunikazioak bidaliz xxxx data baino lehen:
- Gertuko irrati-telebista: informazio eta programazio-estrategiak
- Gertuko komunikabideen gobernantza
- Gertuko komunikabideen finantziazioa
- Gertuko komunikabideak teknologi berrien aurrean
- Internet eta gertuko komunikazioa