Logo presentación

Gertuko Komunikazioa Mehatsupean

Call for Papers

Call for Papers

Euskal Herriko Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko IV. Nazioarteko Kongresua

Irrati-telebista autonomiko, tokiko eta komunitarioen atzerakada. Gertuko komunikazioa mehatxupean

Azaroaren 28an, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan, Bilbon, Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko IV. Nazioarteko Kongresua izango da. Gertuko komunikabide publiko, pribatu eta sozialen panorama izango da mintzagaia. Hala, gertuko hedabideek bizi duten egoera zalantzagarriaz arituko gara, izan ere, gertuko komunikazioa bidegurutzean dago, tokiko hedabideek erronka berriei aurre egin behar diete, besteak beste, agintari politikoek erabakitako erregulazio-sistemak, teknologia eraldaketak, Internet eta ikus-entzunezkoen erabilera berriak, aurrekontuen murrizketak, pribatizazioak, zenbait kanalen desagerpenak eta publizitate merkatuaren krisiak eragindako egoera dela eta.

Gertuko komunikabideek funtsezko zeregina bete dute urte askoan gure gizarteak egituratzen, kultura eta informazioa hedatzen eta aniztasuna bermatzen. Garapen teknologikoak ekarri duen audientzien zatiketarekin eta egun bizi dugun krisialdi ekonomikoarekin, ordea, gogortu egin da gertuko hedabideekiko presioa eta murrizketak eta pribatizazio mehatxuak etorri dira. Kudeaketa modu desegokiek eta botere politikoarekiko menpekotasunak lagundu egin dute tokiko hedabideen gainbeheran.
Estatu mailako irrati-telebista kate pribatu handiek leku gutxi uzten diete gertuko komunikabideei, horien etorkizuna zalantzan jarriz.  Horrez gain, teknologi eraldaketek eta sare sozialen erabileraren igoerak egoera ezegonkor hori konplexuago egiten du, asko baitira tokikotasunaren mugak gainditzen dituzten albisteen kontsumitzaileak.
Gauzak horrela, gertuko hedabideek erronka berri guzti hauen aurrean duten etorkizunaz hausnartu eta eztabaidatu egingo da Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko IV. Nazioarteko Kongresuan. Gizarte zibila bera oinarritzat duen gertuko komunikazio-sistema publikoaren eraikuntzaren beharra defendatuz, testuinguru komunikatibo berriaren aurrean, proposamen proaktiboak aurkeztera bultzatu nahi da. Izan ere, gertuko komunikabideen garrantzi soziala legitimatzen duen marko orokorra definitu beharra dago, gertuko hedabideak komunitate kultural ezberdinen garapen eta biziraupenerako tresna eraginkorrak bilakatu daitezen. 
Adituen hitzaldiek iritzi eta balorazio ezberdinak ezagutzeko aukera ezin hobea eskainiko dute. Era berean, ikerlari eta profesionalek euren komunikazioak aurkezteko aukera ere izango dute, abstractak bidaltzeko epemuga irailaren 15a izanik. Puntu honetan, Antolakuntza Batzordeak gonbidapena luzatzen die irakasle eta ikertzaileei beren ekarpenak egin ditzaten. Gertuko komunikazioaz diharduten komunikazioetaz gain, komunikazio politikak eta egiturak aztertzen dituzten ikerketak ere onartuko dira, komunikazioa eta boterea, komunikazioa eta komunitatea eta intenet bidezko komunikazioa lantzen duten lanak barne.

Onartutako komunikazioak ISBNa izango duen Akta-Liburuan argitaratuko dira.

Kongresuan parte hartu nahi dutenek euren komunikazioen laburpenak (500 hitz gehienez) honako helbidera bidali behar dituzte: congresotvproximidad.csc@ehu.es

  • Egileak
  • Izenburua
  • Instituzioa
  • Proposamenak honako alderdiak jaso beharko ditu:
    • Aurrekariak
    • Ikerketa objektua
    • Metodologia
    • Ondorioak

 

 

Twitter