Sarbide irekia, egile-eskubideak eta creative commons
Azken urteetan indarra hartu du ekoizpen zientifikoa sarbide irekian argitaratzeak (OA, open access ingelesez), bai OA aldizkarietan, bai gordailu tematiko edo instituzionaletan. Modelo ireki honek argitalpenen ikusgarritasuna handitzen du, eta, doakoa izanagatik, banaketa zuzenagoa ere bermatzen du. Edozein obra zabaldu daiteke sarbide irekian, baina dagoeneko argitaratuak izan diren lanen kasuan (aldizkarietako artikuluak bezala), ustiapen eskubideak argitaletxeen esku egongo dira eskuarki, eta beraiek ezartzen dituzten mugak edo baldintzak kontuan hartu beharko dira dokumentua irekian eskuragarri jarri baino lehen. UPV/EHUk gordailu instituzional bat dauka, Addi, eta bere egitekoa da Euskal Herriko Unibertsitatearen ikerketa- eta irakaskuntza-ekoizpena biltzea. Zuk sortutako lanak Addin utzi nahi badituzu, bibliotekako langileekin hitz egin. Jarraian, jabetza intelektuala eta egile-eskubideekin zerikusia duten zenbait gairi buruzko informazioa aurkituko duzu, betiere sarbide irekiko argitalpenari lotuta.
- Zein dokumentu mota argitara daiteke gordailu batean? Autoretza norberarena izanez gero, norberaren edozein argitalpen (liburuak, aldizkaritako artikuluak, txosten teknikoak, master edo doktoretza tesiak, irakaskuntzarako materialak, gradu amairako lanak, eta bar), baldin eta ustiapen eskubideak argitaletxeari eman ez badizkio (aldizkarietako artikuluekin gehienetan gertatzen dena). Hala ere, baita aldizkaritako dokumentuak ere gordailu batean utz daitezke zenbait murrizketak kontuan hartuz.
- Ondorioz, argitaletxe baten bitartez argitaratuak izan diren aldizkari artikuluak gordailuan utz ditzaket? Argitaletxeek politika asko eta desberdinak dituzte sarbide irekiko argitalpenari buruz. Irekienek, argitaratutako bertsioa gordailuan uztea ahalbidetzen dute, eta murriztaileenek, edozein gordailutze galarazten dute. Tartean, argitaletxe batzuk postprint edo preprint delakoak irekian argitaratzea ahalbidetzen dute, jatorrizko argitalpenarekiko denbora epe jakin bat igaro ostean. Bibliotekak laguntza eskainiko dizu kasu bakoitzean. Argitaletxeen honi buruzko politikak honako Web hauetan kontsulta ditzakezu: Sherpa/Romeo (nazioarteko argitaletxeenak) eta Dulcinea (Espainakoak).
- Biltzar batean aurkeztutako komunikazio bat gordailuan utz dezaket? Biltzarretan normalean autoreek ez dituzte ustiapen eskubideak uzten, beraz, beren komunikazioak nahi duten lekuan uzteko libre dira. Dena den, aktak argitaletxe komertzial batek argitaratu dituenean, ustiapen eskubideak argitaldariak eduki ditzake eta, hortaz, bere baimena beharko da gordailuan utzi ahal izateko (argitaratutako bertsioarentzako behintzat).
- Zer utzi utzi behar dut derrigor gordailu instituzional batean? Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Legeak (2011) aurreikusten du derrigorrezkoa izango dela nagusiki finantzaketa publikoa duten ikerketen emaitza diren argitalpenak gordailuan eta irekian uztea. Hala ere, normalean ustiapen eskubideen jabeak argitaletxeak dira, eta ezartzen dituzten mugapenek Legean aipatzen den araua mugatzen dute. Irekian argitaratzeko aukerak goian aipatu dira. Doktoregotza tesien kasuan, betebehar bera aurreikusten du doktoregotza ikasketei buruzko 99/2011 Errege Dekretuak: tesiak sarbide irekiko gordailuetan jaso behar dira. Espero izatekoa da etorkizunean bi arau horiek zorroztasun handiagoarekin betetzea.
- Dokumentua gordailuan utzi denean, norenak dira egile-eskubideak? Autoreak bere obraren eskubide guztiak gordetzen ditu eta, gordailuan uzterakoan, hedatzeko eskubide EZ ESKLUSIBOAK soilik uzten dizkio gordailuari. Gainera, obrari creative commons lizentzia bat atxikitzeko aukera du.
- Zer Dakar creative commons lizentzia batek? Lizentzia hauek hedapen irekiari eta Open Source Initiative delakoari lotuta daude, eta ez dakarte egile-eskubideei uko egitea. Lizentzia horien helburua beste bat da: obren hedapena eta erabilpena erraztea, argitaletxeenak bezalako ohiko lizentzia komertzialek ezartzen dituzten mugei kontrajarrita. Hala ere, lizentzia desberdinak daude eta autore bakoitzak aukera dezake bere obrari zein lizentzia ezarri (baldin eta ustiapen eskubideak baditu). Irekienak obraren edozein ustiapen onartzen du, merkataritza helburua duena barne, eta baita ondorioztatutako obrak sortzea ere. Kontrako muturrean, aldiz, mugatzaileenak ez du baimenik ematen obra eratorriak sortzeko (itzulpenak, adibidez), eta jatorrizko obraren ustiapen komertziala ere galarazten du. Web honetan creative commons lizentzia motei buruzko informazio gehiago topatuko duzu.