ALDEZLEAREKIN harremanetan jartzeko bidea
Nork eska diezaioke laguntza ALDEZLEARI?
Bere eskubideak urratu egin direla uste duen UPV/EHUko edozein kide edo taldek eska diezaioke laguntza.
Zein arazotarako?
- Kexuak edo erreklamazioak: Kexua helaraz dakioke unibertsitateko zerbitzuren batek ondo funtzionatzen ez duelako, unibertsitateko beste kide batzuk izandako jarrerarengatik edo arrazoizko beste edozein gairengatik.
- Bitartekaritza: Unibertsitateko kide edo talde baten eskariz aldeen arteko arazoren bat dagoenean.
- Kontsultak: Aldezleak ahalegina egingo du zalantzak argitzeko, interesatuaren ustez kasuan kasuko organoak erantzun egokia eman ez duenean.
ALDEZLEAK ez ditu bere gain hartuko:
- Konponbiderako ohiko bideak agortu gabe dituzten arazoak.
- Erreklamazioak ebazpen administratibo edo judizialaren zain edo diziplinazko espediente baten pean dauden gaiei buruzkoak direnean.
- Ebazpen judizial bidez edo diziplinazko espediente bidez jada ebatzitako gaiak direnean.
- Izenik gabeko kexuak edo salaketak.
Jarduerak hasi ondoren, demanda edo errekurtsoa jarriz gero, administrazio bidean edo auzibidean, Aldezleak bertan behera utziko ditu izapideak.
Nola egiten du lan ALDEZLEAK?
Ohiko kasuetan, lehenengo eta behin, eskaria bideragarria den aztertzen du. Horrela bada, gaia sakonean aztertzeko xedez, agiriak eskatzen ditu, eta, egoki iritziz gero, elkarrizketak izaten ditu bai eskaria egin duenarekin bai arazoan zerikusia daukaten beste batzuekin edo Unibertsitateko bestelako erakundeekin.
Gaia aztertu ondoren, Aldezleak bere Ebazpen-proposamena egiten du arazoa konpontzeko gomendioak arrazoituta emanez, eta hilabeteko epea zehazten du erabakiaren hartzaileak erantzuna eman dezan.
Prozesuan zehar, Aldezlea harremanetan egoten da eskari-egilearekin, prozesua zein egoeratan dagoen jakinarazteko.
Unibertsitateko organo eta kide guztiek dute Aldezleari laguntza emateko betebeharra. Ezin zaio ukatu bere ikerketarekin zerikusia daukan ezelango agiririk, betiere, sekretupeko edo ezkutuko agiriei buruz indarreko legedian jasotakoaren babesean.
ALDEZLEARI eskaria egiteko bidea
Eskariak egiteko ondoko bideak erabil daitezke:
- Web-orriaren bidez, bertan eskari-orria beteta.
- Posta elektronikoz: aldezle@ehu.es
- Posta arruntaren bidez:
ALDEZLE
Ibaetako Campusa - Barriola eraikina, 3. solairua
20018 - Donostia - Erregistro Orokorrean.
- Aldezlearen bulegora bertara joanda.
Eskaria batera zein bestera egin, eskari-orrian eskatzen diren datuak zehaztu beharko dira.