euskaraespañol

UPV/EHU-Grupo Campezo Eraikuntzako Berrikuntza Gela abian da

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2023/03/31

Irudia
EZkerretik eskuinera: José Mª Muñoz eta Xabier Ostolaza hitzarmena sinatzen | Argazkia: UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak eta Grupo Campezo-k lankidetzarako esparru-hitzarmen bat sinatu dute UPV/EHU-Grupo Campezo Eraikuntzako Berrikuntza Gela abian jartzeko. Xabier Ostolaza eskolako zuzendariak eta José Mª Muñoz erakunde horretako gerenteak sinatu dute akordioa unibertsitate-zentroan. Grupo Campezo-k obra zibileko eta eraikuntzako, zoruetako eta zoladurako, teknologiako eta kontserbazio integraleko, azpiegituren kudeaketako, ingurumeneko, fatxaden eta eraikinen birgaikuntzako eta ondarea zaharberritzeko lan egiten du batez ere. CAMPEZO, ASFALTIA eta TEUSA enpresek osatzen dute taldea, besteak beste.

Eraikuntzako Berrikuntza Gela berriaren helburua da Gradu Amaierako Lanak, Master Amaierako Lanak eta praktikak egitea bultzatzea, eraikuntza-sektorearen beharretara egokitutako talentua sortzeko eta ikasleen enplegagarritasuna hobetzeko. Eraikuntzaren arloan saioak eta jardunaldiak batera antolatzea ere aurreikusten da, bai eta eraikuntzaren sektoreko gaurkotasuneko gaiei buruzko ikasketa, analisi edo ikerketa lan akademikoak egitea ere, UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikasleen parte-hartzearekin.