Euskal Herriko Unibertsitateak parte hartu duen azterlan batek desberdintasunak topatu ditu iparraldearen eta hegoaldearen artean, unibertsitate ingurunean kalitate nutrizional baxuko elikadura produktuak eskura izateari dagokionez. Europako iparraldeko gobernuen politiken ondorioa izan liteke fenomeno hori, gobernuen funtzioa giltzarria baita elikadura ingurune osasungarriak eratzeko.
Unibertsitateko elikadura ingurune osasungarriago baten bila
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko eskaintza eta OsloMet – Osloko Unibertsitate Metropolitarreko eskaintza alderatu ditu ikerketak
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2024/04/18
Orain arte ez da egin hainbat testuinguru soziokulturaletako unibertsitateko elikadura inguruneak alderatu dituen azterlanik. Orain dela gutxi argitaratu dute ‘Availability and properties of commercially produced food products offered in European public universities: A North-South comparison’ izeneko lana, eta Euskal Herriko Unibertsitateko bi ikertzailek parte hartu dute bertan. Komertzialki ekoitzitako elikagaien eskuragarritasuna eta elikagai horien propietateak alderatzen ditu ikerketak, Europa iparraldeko unibertsitate bateko eta hegoaldeko beste unibertsitate bateko elikadura inguruneetan. Zehazki, zeharkako behaketa azterlana OsloMet - Osloko Unibertsitate Metropolitarrean eta UPV/EHUn egin zen.
Unibertsitateko instalazioen barruan dauden espazio, azpiegitura eta zirkunstantzia guztiei egiten die erreferentzia unibertsitateko elikadura ingurunea kontzeptuak. Ingurune horretan, unibertsitateko kideek elikagaiak eskuratzen, erosten edo kontsumitzen dituzte. “Dieta hobearekin edo ongizate handiagoarekin bateragarriak diren elikagaiak hautatzeko aukera ematen die elikadura ingurune osasungarriak bertan bizi diren, ikasten duten edo lan egiten duten kideei, eta horretan laguntzen die. Orain arte azterlan gutxik aztertu dute sakon Europako unibertsitateko elikadura ingurunea, eta bakar batek ere ez ditu alderatu hainbat testuinguru soziokulturaletako unibertsitateak.
Komertzialki ekoitzitako elikagaien eskuragarritasunaren eta propietateen arteko aldeak aztertu zituen ikerketak. Elikadura produktuen kalitate nutrizionala kalkulatzeko, honako hauek proposatutako mantenugaien profilen ereduak (‘nutrient profiling models’, NPMs) erabili ziren: Kontsumoaren, Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentzia (AECOSAN), Erresuma Batua (UK NPM), eta Norvegiako Elikagaien eta Edarien Industriaren Praktika Profesionalen Batzordea (Matbransjens Fagligle Utvalg, MFU). Era berean, hiru eredu horien nahasketa bat ere erabili zen. Gainera, NOVA sistemaren bidez sailkatu ziren elikagaiak, prozesatze mailaren arabera.
Emaitzek aldeak erakutsi zituzten iparraldearen eta hegoaldearen artean, kalitate nutrizional baxuko produktuen eskuragarritasunari dagokionez. Kalitate nutrizional baxuko elikagai gisa sailkatutako elikagaien ehunekoa handiagoa izan zen UPV/EHUn (produktu guztien ia % 54,5), OsloMeten baino (ia % 40). Produktu gehienak ultraprozesatu gisa kategorizatu ziren, eta ez zen alde nabarmenik hauteman bi unibertsitateetan eskaintzen zen elikagai mota horien ehunekoan (OsloMet % 86,1; UPV/EHU % 83,3).
“Aztertutako Europako iparraldeko eta hegoaldeko unibertsitateen artean aldea dago eskainitako kalitate nutrizional baxuko elikagaien kopuruari dagokionez. Zehazki, produktu mota horren ehuneko handiagoa topatu zen UPV/EHUn, OsloMeten baino. Gure esploratzeko hipotesiaren arabera, emaitza hauek Europako iparraldeko gobernuen politiken ondorioa dira, gutxienez, neurri batean. Izan ere, gobernu horien funtzioa giltzarria da elikadura ingurune osasungarriak eratzeko orduan. Nolanahi ere, produktu ultraprozesatuen ehunekoa antzekoa zen bi unibertsitateetan”, zehaztu dute.
Ondorioz, ikertzaileek nabarmendu dutenez, “datu hauek ikusita, esku hartze programa eta politika espezifikoak garatzeko beharra dago, Euskadiko testuinguru soziokulturalera bereziki egokituta, elikadura ingurune osasungarria eratzen laguntzeko”.
Informazio gehigarria
Honako hauek parte hartu dute ikerketan: Naiara Martínez Pérez doktorea, UPV/EHUko Erizaintza I Sailekoa, eta Marta Arroyo Izaga doktorea, UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Sailekoa (Arabako Campuseko Lascaray Ikergunean kokatutako Microfluidics & BIOMICs Klusterreko ikertzaileak dira bi horiek); eta Liv Elin Torheim doktorea, OsloMet − Osloko Unibertsitate Metropolitarreko Erizaintza eta Osasunaren Sustapena Sailekoa.
Erreferentzia bibliografikoa
- Availability and properties of commercially produced food products offered in European public universities: A North-South comparison
- J Food Sci. 2024 Mar 15
- DOI: 10.1111/1750-3841.17022