euskaraespañol

Juan Aldaz Arregui, Soziologia eta Gizarte Langintza saileko ikertzailea

Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan? Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa

Soziologia irakaslea Zuzenbide Fakultatean eta IVAC-KREIeko kidea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/04/18

Juan Aldaz Arregui
Juan Aldaz Arregui. | Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU.

Futboleko lehen mailako Athleticen gizonezkoen taldeak berriki irabazi duen Errege kopa aitzakia harturik, eta futbolaren fenomenoaz hitz egiten hasi aurretik, komenigarria da aipatzea donostiar soziologo ez futbolzale baten analisi soziologiko labur bat baino ez dela hau. Hargatik, “lorpen” honek askori eragiten dien poztasun mozkorraldiaz gozatzen jarraitu nahi duten horiei zorionak eman eta irakurtzen ez jarraitzeko eskatuko nieke. Hori ba, hemen agurtzen garenontzat, zorionak eta gozatu ospakizunez.

Irakurtzen jarraitzea erabaki duzuenontzat, kuriositate soziologikogatik zein morbosoagatik egin baduzue ere, aurreratu, ospakizun egunetan gauden honetan, ulertezina egiten den masa aktibatzaile paregabea den gizonezkoen futbolaren fenomenoa (eta honen albo-kalteak bereziki) ulertarazten laguntzeko saiakera dela jarraian aurkezten den hausnarketa. Ezer ondorioztatu baino, gainera, galderak mahai gaineratzea bilatzen duen hausnarketa da hau, hauek, gainera, dilema edota dikotomia modura planteatuz. Gauzak, jakina den moduan, ez baitira zuri ala gorri, barkatu, zuri ala beltz. Gauzak konplexuagoak izan ohi dira.

Nolanahi ere, badirudi, termino soziologiko kuantitatiboetan zein kualitatiboetan, gizonezkoen lehen mailako futbolak fenomeno sozial modura duen aspektu deigarriena, horrenbeste pertsona mobilizatzeko eta, aldi berean, immobilizatzeko duen gaitasuna litzateke.

Mobilizazioari dagokionean, galdera da ea zerk erakartzen dituen horrenbeste pertsona futbol estadioetara eta honen bueltan ematen diren telebista emankizunetara? Galdera honi erantzuna ematen gizarte zientzialari asko eta asko saiatu badira ere, oraindik egun, erantzun bakar batek ere ez du masa fenomenoa den futbolaren erakarpen indarra bere osotasunean esplikatzea lortu.

Osagai ezberdinen artean, egungo futbol zaletasunean behintzat, bada belaunaldi arteko tradizio bat, askotan, aitona-amonetatik hasi, gurasoetatik pasa, eta lagunarteraino iristen dena.

Badago, ere, halako (ar)talde dinamika berariazko eta esanguratsu bat, zeina, ideologikoki, ekonomikoki, sozialki edo bestelako esparruetan zinez ezberdinak diren pertsonen arteko batura (bereziki gizonezkoen batura, eta hargatik (ar)taldearen ideia) “beste” horien guztien kontra guda figuratu bat egiteak sortarazten duen erakarpen indarretik eratortzen dela dirudien. Beharbada, kolektibitate “sinple” eta abegikor baten parte izateko aukera bakanetakoa delako futbol talde baten jarraitzaile izatea gure gizarte indibidualista konplexu honetan. Gu baten parte, modu zibilizatu (eta ez horren zibilizatuan) “gorrotatu” daitezkeen Haiek batzuen kontra eraikia. Erlijio postmoderno bat, akaso, bere liturgiekin eta San Mames estadioa ezaguna den bezala, bere katedralekin.

Baina mobilizazio izugarri honek, immobilizazio are handiagoko bat ezkutatzen du. Azken batean, eta populistatzat hartu badaitezke ere jarraian esango ditudanak, zergatik ez ditugu horrenbesteko irakidura eta zirrararekin emakumezkoen futboleko emaitzak ospatzen? Zergatik ez ditugu gizonezko futbolari homosexualak komunikabideen aurrean beren lorpenak beren bikotekideekin ospatzen ikusten –ez diot adierazpen formal bat egin behar dutenik, baina egongo badira, eta badira, beren bikoteekin modu natural batean medioen aurrean azaldu ahal izatea-? Edo, zergatik ez diogu erreparatzen mega kirol-ekitaldi hauek eragiten dituzten (gutxi batzuen) irabazi ekonomikoei gain, hauen inpaktu ekologikoari? Dala estadio erraldoien mantenuagatik, nola jarraitzaileen bidaiek eta ospakizunek eragiten duten kutsaduragatik, besteak beste.

Zer esan sortu, ahalbidetu, edota anplifikatzen dituen indarkeria adierazpenei buruz? Besteak beste, aipaturiko Gu-Haiek kontrako logikan oinarrituak seguruenik. Esan ohi da, kirolak, oro har, eta futbolak, konkretuki, gizarte kohesiorako bitarteko paregabea direla. Bai noski. Baina guztiz kontrakorako ere, eta azken denboran ikusten ari garen liskar ezberdinak (talde arteko jarraitzaile ultren artekoak, edota jokalariei zuzenduriko oihu arrazistak, esate baterako), horren adibide argia dira.

Hargatik, eta aitortzea gorroto badut ere, badirudi, gizonezko futbol profesionalaren inpaktu soziala azaltzeko panem et circenses-en modura betetzen duen funtzioari erreparatu behar diogula, eta Athleticen ospakizunen eta Euskal Autonomi Erkidegoko hauteskunde kanpainaren gainjartzea ikusirik, (im)mobilizazio dinamika honek luze joko duela dirudi.

Aurrekoan, beraz, gizonezkoen futbol partida bat irabazi egin zuen gizonezkoen Athleticek, bai, baina, berriro ere, gizarte modura, jasangarriagoa eta sozialki bidezkoagoa den bestelako eredu baterantz aurrerapausoak ematen jarraitzeko aukerak galdu genituelakoan ere banago. Baina jakina da, Athleticeko jarraitzaileak diren soziologoak izan ezik, eta barka diezadala hemen esandakoengatik nire maisu Aierdik, beste guztiak nahiko festa zapuztaileak izan ohi gara.